Bizkaiko enpresek jarduerari eta enpleguari eusten diete, inbertsioak egiten dituzte, eta, oro har, baikor ikusten dute etorkizuna. Baina kezka bat dute: pentsatzen dute euren etekin tarteak murrizten ari direla, eta errentagarritasuna eta produktibitatea handitu behar direla irizten diote. Hori da Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteak egindako inkestaren emaitza nagusia. Pozik daude instituzioek eta, bereziki, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dien babesa dela eta, baina «harago» joan daitezkeela uste dute, eta horretan ahaleginduko dira datozen hilabeteetan.
Aldiro-aldiro, Bizkaiko enpresaburuen iritziak biltzen ditu Cebekek. Apirilean egin zuten azken inkesta; orduan, urtea nola zihoan galdetu zieten enpresariei. Irailean, berriz, beste galdetegi bat bidali diete, urte bukaerari begirako aurreikuspenak ezagutzeko. Apirilean egindako inkestan irabazi tartea murriztu izanaren inguruko kezka agertu zen, eta orain kezka hori berretsi egin dute.
Horrek ez du esan nahi egoera txarra denik. Bizkaiko enpresen %58 inguruk uste dute 2026 hasieran espero zuten fakturazioa lortuta amaituko dutela urtea, eta %16k fakturazioa hobetzea espero dute. Baina %26k aurreikusitakoaren azpitik fakturatzea espero dute, eta apirilean baino gehiago dira horiek —orduan %19 ziren—.
Cebekek nabarmendu du fakturazioa handitzeak edo hari eusteak ez duela esan nahi irabaziak ere handitu direnik. Inkestaren arabera, Bizkaiko enpresen %34k aurreikusitakoa baino emaitza kaskarragoak espero dituzte errentagarritasunaren ikuspegitik; apirilean %28 ziren. Euren negozioak espero baino errentagarriagoak izango direla uste dutenak %12 dira. «Gero eta zailagoa da jarduera behar adinako etekin bihurtzea», azaldu du Cebekeko presidente Guillermo Bucesek.
«Enpresek dirua irabazi behar dute Bizkaiari jarduera eta enplegua eskaintzen jarraitzeko. Horrek ez du esan nahi dirua irabaztea baino ez dutenik buruan»
GUILLERMO BUCES Cebekeko presidentea
Bucesen esanetan, errentagarritasuna ezinbestekoa da ekipamenduak berritzeko, prozesuak hobetzeko, enpleguari eusteko eta enpresaren etorkizuna prestatzeko: «Enpresek dirua irabazi behar dute Bizkaiari jarduera eta enplegua eskaintzen jarraitzeko. Horrek ez du esan nahi enpresek dirua irabazi baino ez dutenik buruan».
Inkestaren arabera, produkzio kostuek gora egin dute, baina enpresen %8,5ek baino ez dituzte igoera horiek islatzen euren produktuen prezioetan. %55ek igoeraren zati bat islatzen dute prezioetan, eta %36,4k prezioei eusten diete, kostuak handitu arren. «Irabazi tarteak murriztuz egin da doikuntza, baina horrek muga bat du», adierazi du Bucesek.
Enpleguari dagokionez, Bizkaiko enpresen %71k lan taldeari eutsi diote, %20k handitu egin dute, eta %9k, berriz, murriztu. Alor hori ere kezka iturri da enpresaburuentzat: %87k esan dute kezkatuta daudela langile kualifikatuen eskasia dela eta, eta %92k, berriz, kezka azaldu dute lan kostuak handitu direlakoan. Hainbat hitzarmen kolektibo negoziatzen ari diren honetan, «erantzukizuna» eskatu du Bucesek: «Denoi gustatuko litzaiguke soldata altuagoak ordaintzea, horrek lan giro hobea ekarriko lukeelako, baina soldaten gaia ezin da aztertu lehiakortasuna kontuan hartu gabe. Soldatak igotzeko, diru sarrerak handitu behar dira, eta enpresa askorentzat ez dira nahikoak».
Absentismoaren «iruzurra»
Azken hilabeteotan, enpresarien elkarteek behin eta berriro hartu dute absentismoaren gaia hizpide, eta inkestan ere jaso dute hori: enpresarien erdiek aipatu dute hori kezka gisa. Cebekek uste du «gizarte arazo» bilakatu dela hori, enpresen afera baino gehiago, eta «balioetan eta lana ulertzeko moduan izandako aldaketekin» lotu dute hori. Enpresarien iritziz, beharrezkoa da «ahaleginaren kultura» berreskuratzea, eta Bucesek ez du ahoan legarrik izan absentismoaren auzian «iruzurra» dagoela esateko.
Iruzur horretaz galdetuta, Bucesek esan du «lan egiteko moduan egonda lanera ez joatea» jotzen duela iruzurtzat: «Adibidez, langile batek oineko behatz txikia apurtzen badu, eta bulego batean lan egiten badu, enpresak bila dezake modua langile horrek lanean jarrai dezan, sei hilabetez gaixoaldian egon beharrean». Auzi horri heltzeko «zintzotasuna» eskatu die «alde guztiei».
%68Bizkaiko zenbat enpresak eutsi diete inbertsio planei. Cebeken inkestaren arabera, enpresa gehienek eusten diete aldez aurretik programatutako inbertsioei, eta %16k handitu ere egin dituzte. Enpresen %15, berriz, inbertsio plan horiek berriro aztertzen ari dira.
Zergez ere galdetu dute inkestan. Enpresarien %76k adierazi dute zerga sistemaren helburuak izan behar duela enpresen hazkundea eta sendotzea bultzatzea; %74k uste dute inbertsio produktiboa sustatzeko erabili behar dela, eta %71k, berriz, esan dute zerga zama murriztea izan behar duela xedeak. Cebeken iritziz, horrek erakusten du enpresarien asmoa ez dela soilik zerga gutxiago ordaintzea.
Oro har, Bizkaiko enpresariak pozik daude instituzioek ematen dieten babesa dela eta; bereziki, Bizkaiko Foru Aldundiaren lana goraipatu dute: «Badakigu gure iritziak kontuan hartzen dituela». Hala ere, «harago» joatea badagoela uste dute. Eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zerga politikaz ere iritzia eman dute: «Uste dugu Bizkaiak jarraitu behar duela lidergoa izaten fiskalitatean egin beharreko aldaketetan».
BIZKAIKO METALGINTZAKO MAHAIA, URRIAREN 27AN
Orain arte, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen kolektiboaren negoziazioan, patronalaren ezinbesteko baldintza izan da sindikatuek eskaera zerrenda bateratu bat aurkeztea negoziazioei ekin ahal izateko. Azkenik, atzoko bileran egin zuten hori, eta Cebekeko presidenteorde eta FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioko presidente Angela Fernandezek baieztatu du hurrengo bilera urriaren 27an izango dela, eta patronala hara joango dela: «Gure asmoa beti izan da akordio bat lortzea, eta oraingo honetan ere ziur nago ados jarriko garela», azaldu du.