Tubos Reunidosen, enpresaren zorra da oraintxe kezka iturri nagusia enplegua erregulatzeko espedientearekin batera. Txanpon beraren bi aldeak dira, eta hor erakundeen rola funtsezkoa da. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak adierazi du prest dagoela enpresak erakunde harekin duen 16 milioi euroko zorra «berregituratzeko», «beti beste hartzekodun batzuen eskutik eta ahalegin proportzionala eginez». Alegia, ezinbestekoa dela aurretik gauza bera egitea Espainiako Gobernuak, harekin duelako enpresak zorrik handiena. Hala adierazi diete gaur Ekonomia Saileko arduradunek Tubos Reunidoseko langile batzordeko kideei, Gasteizen egin duten bileran.
Konpainiak Madrilekin duen zorra berregituratuz gero, Jaurlaritzak gauza bera egingo luke, eta, horrekin batera, enpresa laguntzeko beste bide batzuk ere aktibatuko lituzke. Adibidez, inbertsiogile pribatuak bilatuz, berriki «beste industria proiektu batzuetan garatu duen lankidetza publiko-pribatuaren ereduari jarraituz». Hori egin du, esaterako, Talgon eta Ayesa Digitalen. Dena den, aitortu du Amurrioko (Araba) hodi ekoizleak egun duen zorrarekin «oso zaila» izango dela horretarako hautagaiak aurkitzea.
Gaur egun konpainiak pilatutako 260 milioi eurotik gorako zor osoaren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki SEPI erakunde publikoarekin. 2021ean 112,8 milioi euro jarri zituen enpresan, eta horrek bizirauteko aukera eman zion. 2028an, ordea, diru hori itzultzeko epea amaituko zaio. Maileguaren zenbatekoa eta metatutako interesak batuta, ia 130 milioi euro dira, eta enpresak ez dauka horri aurre egiteko giharrik.
Jaurlaritzak ohar batean jakinaraziz duenez, atzo bildu ziren bi gobernuetako ordezkariak Madrilen, zor horri buruz hitz egiteko. Ez du xehetasunik eman, baina Espainiako Industria Ministerioko arduradunei «eskerrak» eman dizkie irtenbide bat bilatzeko «erakutsi duten jarrera onagatik».
Aukera mugatuak
Enpresako zuzendaritza SEPIrekin duen mailegua malgutzeko bideak aztertzen ari da, eta jada bidali dio bideragarritasun plan bat. Besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu: zorra berregituratzea; ekoizpen kostuak murriztea, bereziki kaleratzeen bidez —301 guztira, Amurrioko eta Trapagarango lantaldearen %20— ; eta negozio eredua berriz definitzea. Hilabete amaieran aurkeztuko ditu konpainiak kontu auditatuak; horiek argiago erakutsiko dute egoeraren benetako neurria.
Orain arte, Tubos Reunidosek ez du SEPIren maileguaren zatirik itzuli, ezta horri lotutako interesik pagatu ere. Iaz, ordainketa bat egin behar zuen, baina hura atzeratzeko akordioa egin zuten. Horren arabera, aurtengo udan ia 30 milioi euro inguru jarri beharko ditu.
Halako atzerapenak arazo gehigarri bat bihurtu dira enpresarentzat. Erreskate planean interes tasa progresiboak jaso zituzten: urtez urte handitzen dira, %2,5etik %7ra, eta horri IBOR indizea gaineratu behar zaio —euriborraren parekoa—. Bien baturak gaur egun %10 inguruko interes tasa ematen du.
Honetara ezkero, akordio batera iristeko aukera mugatua da. SEPIk adierazia du legeak ez diola maileguaren zati bat barkatzen uzten. Eta itzulketa epeak gehiago malgutzea ere ez da erraza: ohartarazi duenez, Europako Batzordearen baimena beharko luke horretarako, estatu laguntzatzat jo ez dadin.
Begirada guztiak, beraz, Madrilera begira daude. Eusko Jaurlaritzako EAJko agintariek azken egunotan nabarmendu dutenez, Pedro Sanchezen gobernuak du zorra berregituratu ahal izateko giltza; hark askatu dezake korapiloa. Horren harira, datorren asteartean Luke Uribe-Etxebarria senatariak Jordi Hereu Espainiako Industria ministroari galdetuko dio «zer neurri eraginkor» hartzeko asmoa duen.
Alderdi sozialistako buruek, ordea, ohartarazi dute Tubos Reunidosen etorkizunaren edo bideragarritasunaren ardura soilik SEPIren eta Espainiako Gobernuaren «gain uzteak» ez duela konponbidean lagunduko. Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin estrategia bateratu bat egiteko eskatu dute.
Langileek salatu dute kaleratzeei buruz ez dela hitz egin
Erakundeekin egindako lehenengo bileratik «zapore gazi-gozoarekin» irten dira sindikatuak. «Zorra berregituratzeko beharraz aritu dira bakarrik, eta hori oso garrantzitsua da enpresak aurrera egin dezan. Baina kaleratzeak mantentzea beharrezkoa ote den galdetu diegunean, isilik geratu dira, ez dute ezer esan», azaldu du Andres Garciak, Amurrioko lantegiko enpresa batzordeko presidenteak. «Esan digute hori dela lehenengo helburua, eta gero gerokoak».
Bilduta egon diren bitartean, 300 bat langilek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Halaber, Amurrioko eta Trapagarango lantegietan 24 orduko lanuzteak antolatu dituzte. Gauza bera egingo dute otsailaren 17an, 23an eta 26, eta martxoaren 4an eta 9an. Egun horietan zuzendaritzarekin elkartuko dira erregulazio espedientea negoziatzeko.