Euskal partzuergoak Ayesa Digital erosi du 480 milioi euroan

Lehentasunezko negoziazio epea amaitzeko ordu erdi falta zenean eman du Jaurlaritzak operazioaren berri. Enpresaren egungo zuzendaritzari eutsiko diote.

Ayesa ITk (Ibermatica) Donostiako Miramongo parke teknologikoan duen egoitza. PARKE
Ayesa ITk (Ibermatica) Donostiako Miramongo parke teknologikoan duen egoitza. PARKE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urtarrilaren 1a
17:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak, BBK-k, Kutxabanken Indar funtsak eta Tekneik —bazkide teknologiko gisa— osaturiko partzuergoak Ayesa Digital enpresa erosi dute 480 milioi euroan. Akordioa azken orduan atera zen aurrera, atzo gauean, Jaurlaritzak 23:35ean eman baitzuen albistearen berri, partzuergoak aurreko jabeekin esklusiboki negoziatzeko zuen epea amaitzeko ordu erdi baino gutxiago falta zenean. Mikel Jauregi Industria sailburuak argitu du bazkide bila jarraituko dutela eta egungo zuzendaritza taldeak gidatuko dutela enpresa 2026an.

«Ayesa Digitali kendu egin diogu salgai zegoelako afixa. Euskal partzuergoak aurrea hartu die nazioarteko funtsei, eta Ibermatica zenaren erabakigunea Euskadira itzuli da». Horrela eman zuen Jauregik albistearen berri, atzo gauean zabaldutako bideo baten bidez.

Ibermatica Euskal Herrira itzuliko da, baina sailburuak ez zuen argitu zer lurraldetan egongo den egoitza fiskala. Kutxabankek saldu aurretik, Gipuzkoan zegoen, baina BBK partzuergoaren parte izanda, baliteke Bizkaira lekualdatzea. Lan zentroei dagokienez, bi dira nagusiak: Donostiakoa eta Zamudiokoa (Bizkaia), eta 2.000 langile biltzen dituzte denera. Jauregik azpimarratu du, bada, behargin horiei guztiei «lasaitasuna» emango diela erosketak, bermatuta edukiko baitute lanean jarraitzeko aukera. 

«Ayesa Digitali kendu egin diogu salgai zegoelako afixa. Euskal partzuergoak aurrea hartu die nazioarteko funtsei»

MIKEL JAUREGIEusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Hiru hilabete dira partzuergoak lehentasunez negoziatzeko eskubidea adostu zuela Ayesa Digitalen aurreko jabeekin: A&M Capital Europe funtsarekin eta Manzanares familiarekin. Atzo jarri zioten prezioa erosketari, 480 milioi euro inguru, baina oraindik lotzeko daude hainbat xehetasun. Jauregik iragarri du hilabete batzuk beharko direla eta bazkide bila jarraitzen dutela. Kutxa fundazioak sartzeari uko egin zion, eta Vital fundazioa, berriz, aukera hori aztertzen ari da.

Bere garaian sailburuak adierazi zuen funts pribatuak ere sar zitezkeela, betiere erabakigunea «Euskadin» geratzen bazen. Luze gabe ez da iraultzarik egongo enpresan, halere: 2026a «jarraitutasun urtea izango da», eta Manzanares familiak segituko du enpresa zuzentzen jabe aldaketa gauzatu bitartean. 

«Etxera» bueltan

2013an galdu zuen errotze hori Ibermaticak, Kutxabank taldeak enpresaren kontrola ProA Capital funtsaren esku utzi zuenean. Horregatik, erosketak kutsu estrategiko eta sinboliko nabarmena du, modua emango duelako Euskal Herrian sortutako enpresa bat «etxera itzultzeko», sailburuak azaldu duenez: «Erabakiak hemen hartuko dira». Ibermatica ez da edozein enpresa, gainera: Euskal Herriko teknologia sektorearen ikurretako bat da. 

1973an sortu zuten, Donostian, orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta eta informatikako zerbitzuak eskaintzeko asmoz. Kutxabank taldearen kontrolpean egon zen urte luzez, baina, Europako Banku Zentralak aurrezki kutxei eskatu zienez industria partaidetzak murrizteko, entitateak irteteko prozesua hasi zuen 2012an: lehenik, partaidetzaren %4 saldu zion ONCEri. 2013an, ProA Capital funtsa sartu zen akziodun nagusi gisa, baina Kutxabankek akzioen %15i eutsi zien. 2022an, Espainiako Ayesa taldeak eskuratu zuen enpresa osoa.

Ibermaticaren sustraiek bultzatu dute euskal partzuergoa Ayesa erostera, baina zerbitzu teknologikoak garatzen dituen enpresa horren eragin eremua zabalagoa da. Izan ere, gaur egungo Ayesa garai bateko Ibermatica baino nabarmen handiagoa da: urte hauetan enpresak erosi ditu, eta handitu egin da hala negozioari nola zerbitzuei dagokienez, sektoreko «erreferente» bilakatzeraino. Iaz 569 milioi euroren salmentak egin zituen, eta 2022tik, hau da, A&Ck erosi zuenetik, fakturazioa hiru halakotu du. Euskal Herritik kanpo, Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan, Mexikon, Kolonbian, Perun eta Txilen du negozioa Ayesak. 

Ayesa IT
Ayesa ITren Donostiako egoitza, Miramonen. GORKA RUBIO / FOKU

Hain zuzen ere, Jauregik nabarmendu du Ayesa enpresa estrategikoa dela eta lagungarri izango dela euskal industriarentzat, lehiakorrago bihurtuko duten «bazkide teknologikoak behar baititu». «Guztiz beharrezkoa da gure industriari eraldaketa digitalean laguntzeko, eta, horrela, lehiakortasunean irabazteko», esan du sailburuak.

Ildo berean mintzatu dira partzuergoko gainerako bazkideak ere. Indar funtsaren zuzendari nagusi Jose Iturriagaren hitzetan, Ayesak «zeregin erabakigarria izango du industriaren eraldaketan eta ekonomia berriaren garapenean», eta lagungarri izango da talentua erakartzeko. Tekneiko kontseilari ordezkari Joseba Lekubek ere adierazi du «lankidetzarako aukerak zabalduko» dituela.

Jauregik eskerrak eman dizkie partzuergoko kideei, erosketa aurrera eramateko egindako lanagatik. Eta gogorarazi du erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko lankidetza horri esker, hain zuzen, hiru enpresaren egoitza sozialak Euskal Herrira ekartzea lortu dutela 2025. urtean. Uvescoren eta Talgoren erosketei Ibermatica zenarena gehitu baitzaie orain. Euskal Finantza Aliantza deituriko planaren lehen hiru fruituak dira, hain justu ere.

50 urteko ibilbidea

  • 1973. Ibermatica sortu zuten, Donostian, aurrezki kutxen eta bertako industrien kapitalarekin.
  • 2012. Kutxabankek bere akzioen %4 saldu zizkion ONCEri, eta, hala, bankuaren partaidetza %50etik behera gelditu zen.
  • 2013. ProA Capital funtsak enpresaren %55 eskuratu zuen, eta Kutxabankek %15era murriztu zuen bere partaidetza.
  • 2021. Erresuma Batuko AMCE A&M Capital Europe, Alvarez & Marsal Capital funtsak Sevillako (Espainia) Ayesa taldea erosi zuen.
  • 2022. Espainiako Ayesa taldeak osorik erosi zuen Ibermatica, eta Ayesa IT izeneko atalean integratu.
  • 2025. Eusko Jaurlaritzak, BBK-k, Kutxabanken Indar funtsak eta Tekneik osaturiko partzuergoak Ayesa Digital erosi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.