Gizarte laguntzak

Jaurlaritzak 2,4 milioi jarri ditu energia eta elikadura pobrezia arintzeko

Urteko lehen seihilekoan 1.364 familiak jaso dute energia pobreziari aurre egiteko laguntza; hala ere, Eusko Jaurlaritzak 72.666 familia identifikatu zituen egoera horretan, 2021ean.

Herritar bat, argindafaktura bat begiratzen. JON URBE (FOKU)
Igor Baigorri Perez
2023ko uztailaren 12a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteko lehen erdian, Eusko Jaurlaritzak 2.353.670 euro jarri ditu Hitzartuz ekimenaren bidez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia eta elikadura pobrezia jasaten duten familiak laguntzeko. Proiektuaren helburua da muturreko egoeran dauden familien funtsezko premiei erantzutea. «Sistematik kanpo geratzen diren familiei luzera begirako irtenbideak eman nahi dizkiegu». esan du Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Gizarte Politiketako Sailak 2021. urtean eginiko ikerketa batek, aldiz, agerian uzten du emandako laguntzak beharbada ez direla nahikoak izango. Urte hartan, 72.660 familia identifikatu ziren energia-pobrezia egoeran, hau da, 160.000 pertsona inguru. Diru laguntza horren bidez, 1.364 familiak jaso dituzte soilik energia pobreziari aurre egiteko laguntzak.

Bideratutako laguntzak Gurutze Gorriak kudeatzen ditu hiru lurraldeetan, eta zaku osotik 465.000 euro zuzendu dira energia pobreziaren egoerak arintzeko eta 1.888.670 euro elikadura pobreziari aurre egiteko. Energia pobreziari aurre egiteko laguntzetatik 318 Araban eman dira, 646 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan. Elikadurari dagokionez, 7.440 laguntza eman dira: 1.377 Araban, 4.280 Bizkaian eta 1.943 Gipuzkoan.

«Eusko Jaurlaritzak zailtasun ekonomiko larriak bizi dituzten eta gizarte larrialdiko laguntzarik (GLL) edo diru sarrerak bermatzeko errentak (DSBE) jasotzen ez dituzten familiak ditu presente», adierazi du Melgosak. Bestalde, Gurutze Gorriko presidente Estibaliz Arnaizek adierazi du oinarrizko erantzunak eta aldaketak gauzatu arte lan egiteko konpromisoa dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.