Eusko Jaurlaritzak joan den apirilaren 1ean jarri zuen martxan emisio gutxiko autoak erosteko plana. EEE Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen ditu laguntza horiek, eta bi hilabete eta erdiko epean seiehun eskaera jaso ditu guztira. Espero baino gutxiago, Mikel Jauregi Industria sailburuaren arabera. Eta bereziki furgonetei dagokienez; autoen aldean kopurua nabarmen txikiagoa da eta.
«Ez dugu asmatu», aitortu du sailburuak. Baina adierazi du plana «aitzindaria» dela, eta halako kasuetan zaila dela xehetasun guztiak kontuan hartzea. Azaldu du furgonetak erabiltzen dituztenak enpresak edo autonomoak izaten direla gehienetan, eta horiek ibilgailuak erosi ordez renting bidez alokatzen dituztela. Jaurlaritzaren planak ez ditu kasu horiek finantzatzen, ordea, eta, beraz, ezin dituzte laguntza horiek eskuratu.
Horrez gain, furgonetak berriagoak izan ohi dira autoen aldean, eta Jaurlaritzaren diru laguntzak eskuratzeko ezinbesteko baldintzetako bat da ibilgailuak gutxienez hogei urteko antzinatasuna izatea, edo bereziki kutsagarria izatea —autoak 175 gramo CO2 baino gehiago isurtzea; furgonetei dagokienez, 200 gramotik gora—.
Halaber, Jauregik nabarmendu du laguntzak kolpe bakarrean tramitatzen direla, eta horrek ere nahi baino gehiago luzatzen duela laguntza jasotzeko epea. Izan ere, diru laguntza jaso ahal izateko, ibilgailu berria erosi eta matrikulatu egin behar da, eta auto zaharra txatartegira bidali. Behin prozesu guztia ondo egin dela egiaztatu eta gero egiten da ordainketa.
Horiek hala, egun EEEk onartuak dituen seiehun laguntzetatik berrehuni soilik egin zaie ordainketa, nahiz eta beste laurehun eskaera jada onartuak dituzten. Bada, sailburuak esan du arrazoi horiek guztiak sektorearekin batera aztertu dituztela, etorkizuneko antzeko egitasmoetan aintzat hartzeko, orain ezin baita aldaketarik egin planean: «Ikasiko dugu honetaz».
Hala ere, nabarmendu du sektoreak begi onez hartu duela plana: «Sektoreak zoriondu egin gaitu planagatik, eta datuek ere erakutsi digute auto salmentak ugaritu egin direla, batez ere emisio gutxienekoak». Zehaztu duenez, auto berrien %55 inguruk 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen dute.
Jauregi baikorra da, eta uste du hasieran jarritako helburua lortuko dutela, hau da, ia 1.500 ibilgailu ordezkatzea. «Martxa honetan jarraituz gero, espero dugu estimazio hori irailaren bukaerarako beteko dela». Jaurlaritzaren planak bost milioi euroko aurrekontua du, eta laguntza eskatzen duen norbanako edo enpresa bakoitzak 3.500 eurorainoko laguntza jaso dezake. Hala ere, aurrekontua amaitzen baldin bada, sailburuak berretsi du prest dagoela diru gehiago jartzeko.
Moves III, berriz martxan
Laguntza horiek ez dira bateragarriak Espainiako Gobernuak ematen dituenekin, Jaurlaritzak hasieran hala adierazi bazuen ere. Gasteizko gobernuaren planak emisio gutxiko autoak lehenesten ditu, baina errekuntzakoak baztertu gabe; aldiz, Madrilek ematen dituen Moves diru laguntzak auto elektrikoa erosteko dira, eta ez da derrigorrezkoa autoa txatar bihurtzea. Bata edo bestea aukeratu beharko du laguntza eskatzen duen erosleak.
Europako Batasunaren Next Generation funtsen bidez finantzatzen da plan hori; Espainiako Gobernuak banatzen du dirua, baina autonomia erkidegoek kudeatzen dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EEE arduratzen da horretaz, eta Nafarroan, Industria Departamentua. Bada, EAEn bihar jarriko da martxan Moves plana, eta eskaerak ekainaren 25etik aurrera egin ahalko dira.
Zehazki, ibilgailu elektrikoak eta erregai pilako autoak erosteko emango da laguntza, baita entxufa daitezkeen auto elektrikoen kargalekuak instalatzeko ere. Laguntza eskatzen duen norbanako edo enpresa bakoitzak 7.000 eurorainoko laguntza jaso dezake. Kargalekuei dagokienez, instalazioaren %70-80 ere finantzatzen du Moves planak. Neurriak atzerako eragina izango du, eta urtarrilaren 1etik autoa erosi dutenek ere eskatu ahal izango dute.
Jauregik azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak «neutraltasun teknologikoaren alde» egiten duela, eta auto zaharrak errepidetik atera eta berriekin ordezkatzeko laguntza oro onuragarria dela: «Deskarbonizazioan aurrera egiteko, neutraltasun teknologikoan sinesten dugu. Horrek esan nahi du teknologiari dagokionez agnostikoak izan behar dugula, eta herritarrei hainbat aukera eman beraiek erabakitzeko».