Emisio gutxiko autoak erosteko plana datorren astelehenean, hilaren 15ean zen amaitzekoa, baina Eusko Jaurlaritzak beste hilabetez luzatzea erabaki du. Beraz, auto zaharrak ordezkatzeko laguntzak urriaren 15era arte eska daitezke. 3.500 eurorainokoak dira laguntza horiek, autoaren arabera.
Mikel Jauregi Industria eta Jasangarritasun sailburuaren arabera, azken asteetan eskariek izan duten hazkunde handiari erantzun nahi dio gobernuak, eta horregatik erabaki du epea luzatzea. Hain zuzen, planak izan duen harrera ona nabarmendu du sailburuak, herritarrek ez ezik autogintza alorreko profesionalek ere eskertu baitute diru laguntza lerro hau martxan jarri izana.
Joan den apirilean jarri zen indarrean plana, eta, harrezkeroztik, 1.760 eskaera jaso ditu EEE Energiaren Euskal Erakundeak. Gehiengo zabal batek jaso du ibilgailua ordezkatzeko aldeko ebazpena, 1.346 espediente onartu baitira guztira. Jaso diren eskaera gehienak gasolinazko ibilgailuei dagozkie —%76,1—. Jaurlaritzak espero du plan honekin 2.000 auto inguru ordezkatzea.
Izan ere, zenbait motatako auto elektrikoak erosteko laguntza da, baina baita gutxien kutsatzen duten diesel eta hibridoak erostekoa ere. Ezinbestekoa da, ordea, auto zaharra txatarretara botatzea. Plana ez da bateragarria Espainiako Gobernuak auto elektrikoak erosteko ematen dituen laguntzekin. Madrilek 7.000 eurorainoko laguntzak ematen ditu.