Jaurlaritzak diruz lagunduko du Gasteizko Mercedesen ekoizpen malgua garatzeko proiektua

Datozen hiru urteetan 181 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua egingo dute Gasteizko lantokian ibilgailu elektrikoak eta konbustiokoak ekoizteko. Mercedesek 20 miloitik gora jarriko ditu, eta hainbat enpresak parte hartuko dute.

'Automozio berriaren fabrikazio malgua' proiektuaren aurkezpena, gaur, Gasteizko Mercedes lantegian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
'Automozio berriaren fabrikazio malgua' proiektuaren aurkezpena, gaur, Gasteizko Mercedes lantegian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko irailaren 30a
15:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izen propioa du Eusko Jaurlaritzaren proiektu estrategiko berriak: Mercedes Benz. Datozen hiru urteetan 181 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua egingo da Mercedesen Gasteizko lantokian, haren ekoizpena malgutzeko eta ibilgailu mota desberdinak —elektrikoak eta barne errekuntzakoak— kate berean egiteko. Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du proiektua, eta, harekin batera, 11 euskal enpresak hartuko dute parte. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek ere parte hartuko dute, Tecnalia buru dela, eta ACICAE automozioaren klusterrak eta BAM I+G unitateak ere diruz lagunduko dute egitasmoa. 

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak gaur aurkeztu dute proiektua, Gasteizko Mercedesen lantegian. Eusko Jaurlaritzak proiektu eraldatzaile izaera eman dio Automozio berriaren fabrikazio malgua izena duen egitasmoari; jakinarazi dutenez, 181 milioi euroko inbertsiotik 61 milioi euro inguru I+Gra eta garapen teknologikora bideratuko dituzte. 

«Instalazioen eta ekoizpen prozesuen malgutasuna giltzarri izango da Gasteizko lantegiak aurrerantzean ere Mercedes-Benz taldeko lehiakorrenetako bat izan nahi badu»

BERND KROTTMAYER Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaria

Egitasmoaren helburua da fabrikazio eredu malguago bat garatzea automozioaren sektoreak bizi duen eraldaketari aurre egiteko, elektrifikazioaren, teknologia berrien eta merkatuaren aldaketen aurrean ekoizpena azkarrago egokitzeko. Gasteizko Mercedeseko zuzendari Bernd Krottmayerrek esplikatu du proiektuak hiru urte iraungo duela, 2026tik 2028ra, eta sei lan arlotan banatuko dela.

Enpresak berak 20 milioi eurotik gora jarriko ditu ikerketa eta garapenerako egitasmoetan. Krottmayerrek azpimarratu duenez, instalazioen eta ekoizpen prozesuen malgutasuna «giltzarri» izango da Gasteizko lantegiak aurrerantzean ere Mercedes-Benz taldeko «lehiakorrenetako bat» izan nahi badu.

Ibilgailu desberdinak lantegi berean

Proiektuaren gakoetako bat da ekoizpen lerroak egokitzea, etorkizunean ibilgailu mota desberdinak kate berean fabrikatu ahal izateko. Horrek aukera emango dio Gasteizko lantegiari merkatuaren eskariari «azkarrago» erantzuteko, ibilgailu komertzialetatik hasi eta bertsio «konplexuago eta esklusiboagoetara», Krottmayerren arabera.

Gasteizko lantegia hainbat modelo berri egiten hasi da —aurten, Mercedes-Benz VLE modeloa ekoizten hasi da, eta datozen urteetan beste batzuk merkaturatuko ditu—, eta ibilgailu berriek egiturazko hobekuntzak, funtzio elektroniko berriak, teknologia aurreratuak eta segurtasun sistema berriak izango dituzte. Hala ere, lantegiaren eraldaketaren helburua ez da soilik modelo elektriko berriak ekoiztea, baizik eta ekoizpen sistema bera egokitzea, ahalmena izan dezan teknologiaren eta eskariaren bilakaeraren arabera ibilgailu mota batzuk edo beste batzuk ekoizteko.

«Abian da etorkizuneko fabrika errealitate bihurtzeko lasterketa, eta premiazkoa da lehiakortasuna eta intentsitate teknologikoa handitzea»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Pradalesek lankidetza publiko-pribatua eta berrikuntza jarri ditu industria politikaren ardatzean. Lehendakariaren esanetan, «abian da etorkizuneko fabrika errealitate bihurtzeko lasterketa, eta premiazkoa da lehiakortasuna eta intentsitate teknologikoa handitzea».

Mercedeseko zuzendariarentzat ere, Europako automozio industriaren lehiakortasunari eustea da proiektuaren atzean dauden arrazoietako bat. Krottmayerren arabera, «inongo fabrikak ezin du bere etorkizuna bermatutzat jo», eta malgutasunak aukera emango du merkatuaren aldaketei erantzuteko, enpleguari eusteko eta etorkizuneko proiektuak Gasteizera erakartzeko.

Adimen artifiziala

Inbertsioan parte hartuko duen enpresetako bat MB Sistemas kooperatiba izango da. Automatizazioan, robotikan, datuen bilketan, ikusmen artifizialean eta adimen artifizialean oinarritutako soluzioak garatuko ditu proiektuaren barruan. Enpresaren egitekoa izango da, besteak beste, ekoizpen prozesuetatik datuak biltzea eta prozesatzea, eta informazio hori ekoizpena hobetzeko erabiltzea.

Borja Garcia MB Sistemas enpresako ordezkariak azaldu du adimen artifizialak zeresan handia izango duela proiektuan, helburua baita ekoizpen prozesuetan sortzen diren datuak azkar eskuratzea eta erabiltzea, akatsak detektatzeko eta prozesuak hobetzeko.

MB Sistemaseko ordezkariak nabarmendu du enpresa txikiei proiektuak aukera ematen diela teknologia berriak garatzeko eta Mercedesen moduko bezero handi batekin lehiakortasun teknologikoa handitzeko. Haren hitzetan, egitasmoa, «ikerketa proiektu bat baino gehiago, berrikuntza proiektu bat» izatea da asmoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA