Jaurlaritzak enpresak babestuko ditu epe luzeko energia kontratuak egin ditzaten

Hamar milioi euroren abal lerroa jarriko du, energia asko kontsumitzen duten enpresa txiki eta ertainentzat.

ARGINDARRA
Argindar dorre bat lantegi baten aurrean / ELISEO TRIGO (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 20a
15:20
Entzun

Eusko Jaurlaritzak hamar milioi euroren abal lerro bat jarriko du Euskal Finantza Institutuaren bidez, enpresek epe luzeko energia kontratuak egin ditzaten. Enpresa txiki eta ertainentzat eta kapitalizazio ertainekoentzat da laguntza hori, ziurtatzeko ez direla energiarik gabe geratuko noizbait ezin badute faktura ordaindu. Neurri horren bidez, epe luzeko kontratuak egin ditzaten bultzatu nahi du Jaurlaritzak.

Ekonomia Sailak ohar batean azaldu duenez, era horretako kontratuak babestuago daude «merkatuaren aldakortasunetik» eta «testuinguru inflazionistatik». Azpimarratu du, halaber, ezinbestekoa dela energia kostuak egonkorrak izatea enpresek beren jarduerari euts diezaioten eta ez diezaioten utzi merkatuan lehiakorrak izateari.

Eskaerak aurkezteko epea hil honen amaieran irekiko da, eta 2024ko abenduaren 1era arte edo hamar milioien poltsa agortu arte egongo da zabalik. Euskal Finantza Institutuaren webgunean ikus daitezke deialdiaren oinarriak.

Jaurlaritzak emango duen laguntza berria Hitzartuz programaren parte da –gainerako euskal erakundeekin elkarlanean abian jarritakoa da programa hori–. Azaldu duenez, plan horren helburua da energia fakturak ordaintzeko eta oinarrizko beharrak betetzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako laguntza indartzea; familia eta herritar guztien erosahalmenaren galera konpentsatzea; eta enpresa ehunari laguntzea, ataka zailean dauden enpresa bideragarriek kreditua eskuratu dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.