Eusko Jaurlaritzak irmo eusten dio industria enpresak diruz laguntzeko estrategiari, horrek ehun ekonomikoa sendotzea eta enplegua bermatzea dakarrelakoan. Eta, hain zuzen ere, asmo horri erantzuteko finantza tresna bat sortu du, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin batera. Arrisku kapitaleko funts bat eratu dute elkarrekin, bigarren sektoreko kooperatibei laguntzeko.
Izan ere, beste mota bateko jabetzako enpresen aldean, kooperatibek arazo gehiago izaten dituzte funts propioak indartzeko, enpresa ereduaren egituraketak berak zaildu egiten dielako kanpo finantzaketa lortzea. Ezin dute akzioen jaulkipenaren bidez lortu hori, adibidez, eta ezin dute diru merkatuetara jo. Ondorioz, Jaurlaritzak ere ezingo luke haien partaidetzan sartu Finkatuz eta halako funtsen bidez, Kaikurekin edo CAFekin egin duen moduan.
Bada, hutsune horri erantzuteko asmoz sortu dute finantza tresna berria, hein batean. Diru publiko-pribatuaren bidez kooperatibei laguntzea da xedea, finantzaketarako eta inbertsioetarako «beste alternatiba bat» eskaintzeko. «Funtsaren helburua da euskal industria kooperatiben garapen proiektuei bultzada eta laguntza ematea, eta helburu horrekin Euskadirentzat etorkizunekoak diren industria sektoreak finkatuko ditu», adierazi dute finantza tresnaren berri emateko igorritako oharrean.
Funtsari Basque Konfekoop FCR-PYME jarri diote izena, eta bi milioi euroko kapitala izango du hasieran. Jaurlaritzak berak kudeatuko du, SPRI sozietate publikoaren bitartez. Jaurlaritzak aurretik ere sortu izan ditu antzeko finantza tresnak kooperatibei lankidetza publiko-pribatuaren bidez funts propioak sendotzen laguntzeko eta haien lehiakortasuna indartzeko. Oraingoan, ordea, Konfekoopekin batera ekitea erabaki du.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industria ehunaren %11 dira kooperatibak. Gaur egun, 1.400 enpresa inguru dira Konfekoopeko kide, eta horien %40 dira industria sektorekoak. Kooperatiba horiek 62.000 lagunei baino gehiagori ematen diete lana.