Gasteizko gobernuak urteko bigarren hiruhilekoan bildu ditu bere jaulkipen batzuk, eta, horren ondorioz, nabarmen handitu du zorra: 10.752 milioi euro zor zituen 2019ko ekainaren 30ean, hiru hilabete lehenago baino 501 milioi gehiago. Datuak Espainiako Bankuarenak dira.
Izan ere, apirilean jo zuen merkatuetara Jaurlaritzak, bonu jasangarriak izenekoekin. Guztira, 600 milioiren zorra saldu zuen, inoiz operazio bakarrean jaulkitako kopururik handiena. Eskari handia izan zuen, 2.500 milioi eurotik gorakoa. Diru hori ingurumena babesteko proiektuetan edo helburu soziala dutenetan inbertitu behar du Iñigo Urkulluren gobernuak.
Nafarroako Gobernuak, berriz, 82 milioi euro handitu zuen zorra, 3.475 milioiraino. Nafarroako barne produktu gordinaren %16,7 da hori. 2017 hasieran %20ko zorra izatera hurbildu zen Iruñeko gobernua, baina zorpetzea pixka bat txikitzea lortu du, eta ekonomiaren hazkundeak zor horren pisu erlatiboa arindu du.
Apalagoa da EAEko zorraren pisua, %14,3 hain zuzen ere. Baina, horri diputazioena batuz gero (+3.488 milioi), zorra ez litzateke izango %20tik oso behera.