Jaurlaritzak ez du espero enplegurik sortzea 2015era arte

Iñigo Urkulluren gobernuaren kalkuluen arabera, 2013. eta 2014. urteen artean 26.000 lanpostu garbi galduko diraHazkunde apalari esker heldu den urterako gastatzeko diru gehiago izatea aurreikusi du

Ricardo Gatzagaetxeberria, atzo, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2013ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2015. urtera arte ez du espero enplegu sorrera garbirik lortzea Eusko Jaurlaritzak. Oraindik amaitu ez den ekonomia atzeraldiaren argazkirik ilunena da hori, enpleguarena. 2013. eta 2014. urteen artean 26.000 lanpostu galtzea aurreikusi du Ogasun eta Finantza Sailak. Hala, 2015. urtean ekingo dio berriro ekonomiak suntsitzen dituen baino lanpostu gehiago sortzeari. Urte horretan 6.000 baino ez dira izango, ordea, justu heldu den urterako galera berdintzeko adina.

2014. urterako aurrekontu orokorrak prestatzeko irizpideak onartu zituen atzo Gobernu Kontseiluak. Horrekin batera, 2013-2015 eperako aurreikuspen makroekonomikoak gaurkotu ditu Ogasun eta Finantza Sailak. Aurreikuspen berrien aurrerapen bat eskaini zuen Ricardo Gatzagaetxebarria sailburuak.

Orain dela aste batzuk aldatu zuen gobernuak aurtengo aurreikuspena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %1,2 eroriko dela kalkulatu du. Susperraldia heldu den urtean abiatuko da, baina apala izango da, Europako ekonomia ia guztiek duten egoera txarraren ondorioz. Urte osorako hazkundea %0,8izatea da gobernuaren aurreikuspena. 2015. urterako hazkundea indartuko da —%1,3—, baina ez da krisiaren ateraldi azkarrik izango, eta Europaren martxak erabat baldintzatuko du gorabidea.

Astearen joanean koadro makroekonomiko eta aurrekontu irizpide osoak argitaratuko ditu gobernuak. Behintzat, datu deigarri bat aurreratu zuen atzo Gatzagaetxebarriak. 2013. urterako batez besteko langabezia tasa %13,7 izatea espero du. Nahiz eta enplegu galera egongo dela iragarri, tasa hori puntu bat jaitsiko litzateke 2014. urtean, %12,7raino.

Itxurazko datu onak joera kezkagarri bat iradokitzen du. Halako jaitsiera bat lortzeko esan nahi du populazio aktiboa —lanerako gertu dauden pertsonak— murriztuko dela, eta askoz ere proportzio handiagoan langabeek utziko diotela aktibo izateari. Alegia, lanpostu bat lortzeko itxaropena galduta, lan merkatutik ateratzen ari da jendea. «Ez dira lan merkatuan egoteko baldintza egokiak. Krisi luze eta sakona da, eta ondorioak ditu», onartu zuen Gatzagaetxebarriak. Aurrera begira ere ez da seinale ona, jarduera tasa txikia baita oraindik ere Europarekin dagoen ezberdintasunetako bat.

Aurrekontuak, hobera

Heldu den urterako aurrekontua nolakoa izango den jakiteko arinegi da. Hori bai, Urkulluren gobernuak 2014. urtean gastatzeko diru gehiago izango duela uste du Gatzagaetxebarria sailburuak. Defizit murrizketek behartutako ahalegin handiena aurten egin dela ere nabarmendu zuen.

Edonola ere, Jaurlaritzak izango dituen diru sarrerak eta gastuak hiru baldintzen menpe geratuko dira. Lehenik eta behin, zerga bilketaren aurreikuspena, ohi bezala urrian finkatuko dena. Ekonomiaren hobekuntzak —hazkunde txikia da, baina bi punturen aldea aurtengo erorketarekin— sarrera horiek handitzea ahalbideratuko luke. Bigarrenik, eta aurrekoarekin lotuta, alderdien artean negoziatzen ari diren zerga erreforma legoke, sarrerak handitzeko helburuarekin. Azkenik, Espainiarekin hitzartu beharreko defizit muga legoke.

Guztia kontuan hartuta, aurrekontuak prestatzerakoan estutasun gutxiago izango dituztela espero du Gatzagaetxebarriak. Edonola ere, azaldu zuen hobekuntza hori ez dela aurten izandako gastu jaitsiera handia —ia 1.200 milioi eurokoa— berdintzeko bezain bestekoa izango.

Soldatak, Madrilen menpe

Hobekuntza txiki horiek gutxi ikusiko dira, oraingoz, gobernuaren egituran eta enplegu publikoan. Hala, Eusko Jaurlaritzak ez du handituko langile kopurua datorren urtean, eta ez du sozietate edo fundazio publiko berririk sortuko. Langile publikoen soldatak sindikatuekin negoziatzeko aukera zabalik utzi dute atzo onartutako irizpideek, baina azken erabakia Espainiako Gobernuak egingo duenaren menpe dago: Madrilek funtzionarioen soldatan hazkunderik ez badu baimentzen, hala egingo du Jaurlaritzak.

Kontuen helburuei dagokienez, aurtengoei eutsiko die gobernuak: langabeziari aurre egitea eta babes soziala bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.