Talgo bereganatzeko operazioa ixtear dagoela, Jose Antonio Jainaga eta haren Mirai korporazioak kapital gehiago izango dute eskura orain, bere beste bi konpainiaren %49ren salmenta lotu baitu. Hala, Innometal eta Ohmnia Electronics konpainien %49 saldu du, eta hauek izango dira orain haren jabe: Vital Fundazioa, Eusko Jaurlaritza —Finkatuz funtsaren bidez—, eta beste inbertitzaile pribatu bat, Carmen Lekerikaren familia holdinga.
Orotara, 70 milioi euroko salerosketa izan da. Vital Fundazioak azaldu du bere inbertsioa zehazki 17,5 milioikoa izango dela, Finkatuz-ek 35 milioi jarri ditu, eta Lekerikaren holdingak, 17,5 milioi euro.
Vitalen ustez, entitatearen partaidetzak Innometalen eta Ohmnia Electronicsen Araban instalatzea bermatuko du, «baita hainbat filialekin batera duten taldearen erabakigunea ere».
«Egungo industria testuinguruan segida eta bilakaera konplexua duten bost filial elkartzea lortu da; hartara, sinergiak bateratuko dituzte eta, talde diren aldetik, modua izango dute euren etorkizuna indartuko dien babes tekniko eta finantzarioa edukitzeko», adierazi du Vital Fundazioak.
Zortzi lantegi
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, «industria talde horien kapitalean sartuta indartu egiten da Eusko Jaurlaritzak industria eraldaketarekin eta sozietate bultzatzaileak bertan errotzearekin duen konpromisoa».
Elektromekanika industriako enpresak dira Innometal eta Ohmnia Electronics. Bederatziehun bat langile dituzte, eta 180 milioi euro inguruko fakturazioa. Bien artean, zortzi lantegi dituzte Hego Euskal Herrian.
Finkatuz funtsa
Finkatuz funtsa 2021ean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Finantzen Euskal Institutuak du haren titulartasunaren %100. Funtsaren helburua da, Jaurlaritzak azaldu duenez, «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa bultzatzaile handietan epe luzerako finantza partaidetzak eskuratu eta kudeatzea, enpresa horiek bertan errotzea berma dadin». Innometal eta Ohmnia Electronics industria taldeetan egindako inbertsioa funts horren bosgarren eragiketa da, CAF, Kaiku, ITP eta Arania taldearen kapitalean sartu ondoren.