Euskadi 2030 Industria Plana sektoreetan nola txertatuko den zehazten hasi da Eusko Jaurlaritza. Aurreratua zuen 15.900 milioi euro inbertitzea zela asmoa, eta dagoeneko 23 proiektu eraldatzaile aukeratu ditu diru hori haietan jartzeko. Haietatik hamabi sektore pribatuak garatuko ditu, eta 11, berriz, sektore publikoak. Galbahea SPRI agentzia publikoak egingo du, eta Jaurlaritzak «negozio plan zehatzak» eta «emaitzak» eskatuko ditu, diru hori gal ez dadin.
Mikel Jauregi Industria sailburuak eman ditu azalpenak, gobernu kontseilu osteko agerraldian. Ekainean emaniko datuak gogoratu ditu: 15.900 milioi euroko plana da, milioi horietatik 12.000 pribatuak eta 3.900 publikoak. Asmo oparoa da, Jaurlaritzaren urte bateko aurrekontuaren adinakoa ia —aurtengoa 15.728 milioi euro izan dira— eta legegintzaldi honetan gauzatu beharrekoa.
Jaurlaritzak 23 proiektu eraldatzaile aukeratu ditu diru hori jasotzeko. Haietatik hamabi sektore pribatuak garatuko ditu, eta 11, sektore publikoak
Jaurlaritzak bi zati handitan banatu ditu babesteko moduko proiektuak. Batetik, gaur egungo trakzio sektoreak daude (autogintza, energia, metalurgia...), eta, bestetik, trakzio potentziala dutenak (aeroespaziala, biosanitarioa, erregai berriztagarriak...). Diruak hamabost lehentasun estrategiko izango ditu, eta hauek lehenetsiko ditu SPRIk: errotzea, atzerriko inbertsioak erakartzea, talentu berria garatzea, emakumea industrian sartzea, deskarbonizazioa sustatzea, ETEen tamaina handitzea eta AAren erabilera bultzatzea.
23 proiektuk igaro dute galbahea, eta haietatik sei aipatu ditu sailburuak. Lehenbizi, «bikaintasun polo bat» sortzea da asmoa, azken belaunaldiko soluzio robotikoak garatzeko. Sare elektrikoa garatzeko premia ezaguna da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ibar elektrikoaren garapen teknologikoa aipatzen du zehazturiko bigarren proiektuak. Pentsatzekoa da interkonexio elektriko berrien proiektuak agertuko direla.
JAURLARITZAK EZ DU ALDATU CAF-I BURUZKO IRITZIA
NBEk CAF tren konpainia zerrenda beltzean sartu izanak ez du aldatu Jaurlaritzak haren inguruan duen iritzia. Mikel Jauregi izan da azalpenak eman dituena edo, hobeto esanda, eman ez dituena. Izan ere, gaiari buruz pare bat galdera jaso arren, hau besterik ez du esan: «Lehendakariak iragan ostiralean azaldu zuen zein den Jaurlaritzak CAFen inguruan duen ikuspuntua, eta ez da aldatu». NBEk ostiral arratsaldean sartu zuen CAF lurralde okupatuetan negozioa egiten duten enpresen zerrendan, eta Pradalesek egun bereko goizean adierazi zuen CAFek ez duela parte hartzen Gazako genozidioan.
Energia eta erregai berriztagarriak aipatzen dituzte hirugarren eta laugarren proiektuek. Petronor arlo horietan garatzen ari den asmoen neurrira eginikoak dirudite, besteak beste hidrogeno berdea eta sektore aeroespazialean erabil daitezkeen erregai jasangarriak aipatzen baititu.
Zehazturiko azken bi proiektuak hauek dira: batetik, «egungo jarduera sektoretik industriara igarotzeko interesa duten emakumeak» erakartzea eta prestatzea; eta, bestetik, Euskorpus proiektua garatzea. Adimen artifiziala bertan garatzea da helburua, hizkuntzan oinarrituta eta euskarari begira.
Beste hamazazpi proiektuen xehetasunik ez dute eman; izan ere, SPRIk emango du haien berri, tantaka. Bide batez, datozen asteetan argitaratuko ditu SPRIk egitasmo berrietarako hautaketa irizpideak.

Batez ere diruaz mintzatu da Jauregi, industria planak gihar ekonomikoa behar duela nabarmendu baitu. «Ez dago industria garapenik kapitalizazio teknologikorik gabe», azaldu du. Esan bezala, erakunde publikoek 3.900 milioi euro emango dituzte. Horietatik 2.100 milioi Industria Sailak berak jarriko ditu, 1.200 milioi Euskal Finantza Aliantzaren baliabideak izango dira, eta gainontzeko 600 milioiak Gasteizko gobernuko beste sail batzuetatik aterako dira.
Aurreikusita dago erakunde pribatuek 12.000 milioi euro inbertituko dituztela. Oinarri pribatuaren berri bihar emango du Jaurlaritzak, Bilboko burtsaren egoitzan. Imanol Pradales lehendakariak berak emango du Euskadi-Eraldatuz 2030 planaren berri, eta bertan aletuko du proiektu eraldatzaileen euskarri izango den «finantza tresnen katalogoa».