Jimenezek dio zuloa 132 milioi baino handiagoa dela

PSNren esanetan, argitu egin behar da defizitaren zein zati datorren aurreko urteetatik

Erredakzioa
Iruñea
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Zenbaki dantza etengabean dabil azkenaldian Nafarroa. UPNk denbora gutxian hiru aldiz aldatu du diru sarreren jaitsieraren aurreikuspena. Azkenekoz, joan den ostiralean. Beste 132 milioi euroren murrizketak egin beharko dituztela iragarri zuen Yolanda Barcina presidenteak. Roberto Jimenez PSNko ordezkari eta gobernuko presidenteordearen esanetan, ordea, kopuru hori ere ez da fidagarria. Aurrekontuetako zuloa 132 milioi euro baino «dezente handiagoa» dela dio.

«Uste genuen 54 milioiren murrizketak egin behar genituela, baina, bat-batean, Ekonomia eta Ogasun Sailak esan zigun beste 132 milioiko zuloa zegoela». Jimenezen arabera, PSNk azalpenak exijitu zizkion UPNri, eta herrialde osoko kontuen auditoria bat egitea adostu zuten. Oraindik ez dute kopuru zehatzen berririk, baina Jimenezek dio esku artean dituzten datuek erakusten dutela 132 milioi baino handiagoa dela zuloa.

Behin betiko kopuruen zain egongo direla azaldu du, eta orduan erabakiko dutela zein neurri hartuko dituzten. Murrizketak onartzeko prest dagoela adierazi du PSNk, baina nabarmendu du Barcina dela gaur egungo egoeraren erantzule. «Herritarrek jakin behar dute defizitaren zein zati eragin duen diru sarreren jaitsierak eta zein zati datorren aurreko urteetatik». Kontuen auditoria lehenago egin behar zela dio alderdiak, legegintzaldi hasieran.

Murrizketek administrazioetako langileei eragingo al dieten galdetuta, ez du erantzun nahi izan. «Ausartegia da esatea hau egingo dugu eta hau ez. Ezer ez da baztergarria, baina ezer ez da segurua». Presidenteordearen esanetan, beharrezkoa da gobernuakordioa berriz formulatzea, halako gertaerak saihesteko.

Bizkaian, %5,3 gutxiago

Diru bilketa ez da ari jaisten Nafarroan bakarrik. Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak atzo iragarri zuen ekainera arte %5,3 gutxiago bildu duela herrialdeak. Alabaina, nabarmendu du Araban eta Gipuzkoan handiagoa izan dela jaitsiera, %10ekoa hain zuzen.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Bilbaok azaldu du datu horiek erakusten dutela zerga bilketaren jaitsierak ez duela zerikusirik tasekin, jarduera ekonomikoaren jaitsieraren ondorio dela baizik. «Zerga tasak igotzea alferrikakoa da; ez luke diru bilketa handia ekarriko», adierazi du PSE-EEren eta Eusko Jaurlaritzaren nahiei erreferentzia eginez.

Gaineratu du errenta aitorpenaren kanpaina amaitzen denean izango dutela «egoeraren argazki erreala» eta aurrekontuetan murrizketarik egingo duten ala ez datu zehatzen berri izandakoan erabakiko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.