Legealdia amaitzeko hilabete batzuk baino ez dira falta Espainian, baina alferrikakoak izan ez daitezen saiatuko da Yolanda Diaz Lan ministroa. Gehiengo parlamentarioaren faltan, bidean geratu dira indarrean jarri nahi zituen erreforma batzuk, baina ez du amore eman, eta haietako bi aurrera ateratzen saiatuko dela hitzeman du: kaleratzeen kalte ordainak handitzea eta lanaldiaren erregistro digitala.
«Oso merkea da langile bat kaleratzea. Hortaz, bai, zerbait egingo dugu». Hitz horiekin erantzun dio gaur Diazek Oskar Matute EH Bilduko diputatuari, Espainiako Kongresuan kaleratze kalte ordainei buruz galdetu dionean.
Matutek gogorarazi du Mariano Rajoy presidente zela, 2012an, bidegabeko kaleratzeetan kalte ordaina urritu zutela: urteko 45 eguneko soldata jasotzen zen lehen, eta 33 eguneko soldata baino ez orain. 2021ean, Diazen ekimenez, kontratu mugagabeak murriztu zituen lan erreforma bat onartu zuten, baina ez zuen EH Bilduren babesa izan, kaleratzeen kalte ordainetan ez zelako aldaketarik izan.
Espainian eta Hego Euskal Herrian kaleratzeak merkeegiak direla ebatzi zuen Eskubide Sozialen Europako Batzordeak 2024an, eta kalte ordainak handitzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. Arrazoi eman zion orduan Diazek, baina gaia elkarrizketa sozialaren mahaira eraman zuen, eta ez da handik atera. Kopuru batzuk eman ditu ministroak: Espainian, batez beste, 8.000 euro «eskas» jasotzen ditu kaleratu batek. Hego Euskal Herrian handiagoa da kalte ordain hori —12.000 dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Diazek esplikatu duenez—, soldatak Espainian baino handiagoak izan ohi direlako.
Aurrera egitea, zaila
Arlo horretan aldaketak proposatuko dituela esan du Diazek, baina, aldi berean, baztertu egin du 45 eguneko kalte ordaina berriro ezartzea, eta langileen ezaugarrien araberako sistema bat nahi dutela. «Ez da gauza bera 60 urteko emakume bat botatzea, formakuntzarik gabekoa, gaixotasun asko dituena, edo hizkuntza asko eta lanean etorkizuna duen gazte bat botatzea».
Edonola ere, ikusteko dago zer ibilbide egiten duen Lan Ministerioak kaleratzeei buruz egiten duen proposamenak. Lehenik, PSOEren baiezkoa beharko luke, eta lan legedian nahiago izaten du Diazen Sumarrek baino epelago jokatu. Baina sozialisten baiezkoa baino zailagoa —edo ezinezkoa— izango da Kongresuarena lortzea, alderdi kontserbadoreak —JxC barne— aurka direlako eta atzera bota dezaketelako, lanaldia laburtzeko proposamenarekin egin zuten moduan.
Lanaldiaren erregistroa
Lan ministroaren mahaian aspaldi dagoen beste gai bat lanaldiaren erregistro digitalarena da, eta horrek aurrera egiteko aukera handiak ditu, ez baitago parlamentuko aritmetikaren menpe. Gai horrekin ultimatum bat eman zioten udaren hasieran CCOO eta UGT sindikatuek gobernuari: abuzturako onartzen ez bazuen, ez zuten beste gairik negoziatuko. Epea igaro da, baina gaia oraindik onartu gabe dago. «Ceutakoa gertatu izan ez balitz, desberdin mintzatuko ginateke», esan du gaur Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusiak, eta urratsak egiteko exijitu dio Diazi. Erronka aintzat hartu eta «berehala» onartuko dutela erantzun dio ministroak; «azken aldaketa juridikoak egiten ari gara».
2019az geroztik derrigortuta daude enpresa guztiak beren langileen sarrera eta irteera erregistratzera, baina, askok paper batean egiten dutenez, Diazek aitortu du iruzurra badagoela. «Astean ordaintzen ez diren 2,5 milioi lanordu egiten dira; horrek kalte egiten die langileei, baina baita legea betetzen duten enpresei ere». Arau berriarekin, digitalki egin beharko da erregistroa, eta lan ikuskaritzak sarbide zuzena izango du erregistro guztietan.