Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroaren proiektu kuttunak gainditu ezinezko horma batekin egin du topo. Espainiako Kongresuak asteko lanaldia 40 ordutik 37,5era murrizteko legearen tramitazioa geratuko du gaur. PPren eta Voxen ezezkoari batu zaio Junts per Catalunyarena, eta, horren ondorioz, proposamena aurrera ateratzeko gehiengorik gabe geratu da Madrilgo koalizio gobernua. Diazek eta gobernuak, ordea, ez dute amore eman, eta iragarri dute berriro saiatuko direla «bigarren itzuli batean».
Aurreko legealdian lan merkatuaren erreforma egin ondoren, honako honetan lanaldia laburtzea izan da Diazen helburu nagusia. Baina saio horrek traba bat izan du hasieratik: CEOE patronalaren ezezkoa. Harekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin negoziatzen aritu zen Diaz, baina enpresaburuen elkarteak ez zuen hasierako iritzia aldatu, eta lanaldia laburtzeak enpresa asko arriskuan jarriko zituela argudiatu zuen neurriaren aurka egiteko. Horrenbestez, neurriak sindikatuekin hitzartu zituen Diazek, eta horietan oinarritzen da lege proiektua.
Patronalaren ezezko hori baliatu du PPk berak ere gobernuaren asmoa oztopatzen saiatzeko. Jakinda neurriak babes sozial handia duela, ez du modu argian esan lanaldia laburtzearen kontrakoa dela, baina proiektu «negoziatu» bat eskatu du.
Juntsek ere ez du Kataluniako patronalarekin (Foment del Treball) haserretu nahi izan, eta, Diaz atzo arte harekin negoziatzen saiatu den arren, osoko zuzenketari eutsiko dio biharko saioan.
«Langile klasearen aurkako botoa»
Eskuinaren jarrera gogor salatu dute gobernuaren inguruko alderdiek. «Kontrako botoa ematen duena langile klasearen aurkako botoa ematen ari da; hain zuzen, kutxazainen, osasun langileen, banatzaileen eta, oro har, goiz jaiki eta herrialde honi eusten dioten langileen aurkakoa», ziurtatu du Sumar alderdiaren Kongresuko bozeramaileak, Veronica Martinez Barberok.
Alderdi horretako iturriek EFE agentziari esan diote lanaldia laburtzeko ahaleginari eutsiko diotela, «zentzugabea delako langileei denbora ez itzultzea, produktibitate handiagoak eta adimen artifizialak ordutegiak laburtu dituztenean».
Porrotaren atarian, proiektua atzeratzeko aukera dauka Espainiako Gobernuak, baina oraingoan halakorik ez duela egingo iragarri du. Izan ere, proposamena atzera botako dutenen bizkar jarri nahi du presioa. «Talde guztiek agerian utz dezatela beren burua. Langileek badakite gobernua haien alde dagoela», azaldu du Pilar Alegria gobernuko bozeramaileak.
Hori bai, haren asmoa da hurrengo asteetan lanorduen erregistro telematikoari buruzko atala lege proiektutik ateratzea eta dekretu batera eramatea, uste baitute horrela aukera handiagoak dituela indarrean bizkor jartzeko.
Hego Euskal Herrian Espainian baino eragin txikiagoa izango du lanaldi ofiziala laburtzeak, bertan negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia 37,5 ordutik beherakoa baita dagoeneko. Baina badira hortik gorako lanaldia dutenak ere: CCOOren arabera, 420.000 dira. Haietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak dira.
CCOO-ren eta ugt-ren protestak
CCOO eta UGT sindikatuek patronalen egoitzen aurrean biltzeko deia egin dute gaurko. Horrela salatu nahi dute enpresaburuen elkarteek lanaldiaren murrizketa oztopatu dutela hasieratik, eta horrek baldintzatu dutela eskuinaren jarrera. Bilbon ere izango da protestaldia, 11:00etan, Euskadi plazan, Confebasken bulegoen kanpoaldean. Bi sindikatuek azaldu dute lanaldia ez murrizteak merkataritzan, ostalaritzan, turismoan, segurtasun pribatuan eta garraioan izango duela eraginik handiena.