Kaleratzeak bere horretan uzteko akordioa nahi dute langileek

2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Azpeitiko Corrugadoseko langileek «kaleratze traumatikoak» bere horretan uzteko eskatu dute, Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren baldintza «negargarriekin» ez ditzaten kaleratu. Gallardo taldeak —enpresaren jabeak— erregulazio txostena aurkeztu du 60 langile kaleratzeko. Enpresa batzordeak, baina, txostek horrek jasotzen dituen baldintzak negoziatu nahi ditu.

Ezarritako baldintza horiek aztertzeko bilerak badu data. Bihar bilduko dira Madrilen, Gallardo taldearen egoitzan. Corrugadoseko enpresa batzordeak adierazi du «itxaropena» dutela akordio bat lortzeko, baina «beldur» dira zuzendaritzaren erantzunarekin. «Ez badira mugitzen, gu ere ez gara mugituko».

Bi hilabete eta erdi pasatxo daramatzate langileek mobilizazioetan, enpresa negoziatzera behartzeko. Duela hiru astetik itxialdian daude. Horrez gain, atzo ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Azpeitiko kaleetan, Corrugados Azpeitia etorkizuna argitu lelopean. Tartean ziren Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea.

60 langile kalera botatzeaz gain, gainerakoei 66 egunetan lana etetea, soldata %35 murriztea, eta urtean 49 lanordu gehiago izatea ere jasotzen ditu erregulazio txostenak. Baina Corrugadoseko langileentzat hori ez da berria, 2010etik aurtengo otsailera 276 langile kaleratu baitituzte.

Azpeitiko enpresa horretako langileek duten egoerari irtenbide bat emateko, Alfonso Gallardo taldeko buruak astebetean izango duen bigarren bilera da biharkoa. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariekin bildu zen asteazkenean. Hori bai, ukatu egin zuen langileekin biltzea.

Aldeko eta kontrako jarrerak

Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesa beti jaso dutela dio Imanol Arrojeria enpresa batzordeko ELAko ordezkariak. Nolanahi ere, harentzat txanponaren beste aldea da Adegi Gipuzkoako patronala. Izan ere, adierazi du langileak «izorratzera» joan izan dela izan dituzten bileretan.

Soldata jaitsieraren harira, Azpeitiko Corrugadoseko langileen soldatak Gipuzkoako metalgintzakoen gainetik daudela onartu du enpresa batzordeko LABen ordezkari Esteban Kanposek. Hau da, nahiz eta enpresak nahi bezala soldatak %35 murriztu, Gipuzkoako metalgintzako gainerako langileek baino gehiago irabaziko lukete. Nolanahi ere, Kanposek dio ez dietela ordaintzen «tximeletak kontatzeagatik» baizik eta dituzten lan baldintzengatik.

«BBVAk ez du ezer jakin nahi»

BBVA da enpresa horren hartzekodun nagusia. Hala, Corrugadosen kontuak aztertu ditu, eta horren ondorioz aurkeztu ditu enpresak erregulazio txostenak. Enpresa batzordea negoziatzen saiatu da banku horrekin, baina Arrojeriaren iritziz, BBVAk ez du ezer jakin nahi langileekin. «Banku horren helburu bakarra mailegua berreskuratzea da», dio. Hori horrela, azaldu du BBVAk ez diela langileen baldintzei begiratzen baizik eta enpresaren interesei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.