Kalte ordainak jasoko ditu Azpeitian bere burua hil zuen langilearen familiak

Soriano gazteari mina eta kalte moral eta materialak eragin izana aitortu du Mecanizados Manuel Aizpuru enpresak, epaiketa eragozte aldera

Luis Enrique Soriano langile migratzaile gaztearen heriotza salatzeko kontzentrazioa, 2021eko abuztuan, Azpeitian. JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Epaiketarik gabe amaituko da Luis Enrique Soriano langilearen auzia. 20 urteko gazteak bere buruaz beste egin zuen 2021. urteko uztailaren 30ean, lan egiten zuen tokian, Azpeitiko Mecanizados Aizpuru SM enpresan. Senideek eta haiei babesa eman dien Elkar-ekin taldeak lantokian jasotako tratu txarrei egotzi zieten suizidioa, eta auzitara jo zuten, ESK sindikatuaren laguntzarekin. Zigor arloko auzia berehala itxi zuen Azpeitiko epaitegiak, baina arlo zibilekoak aurrera egin zuen, eta hilaren 26an egitekoa zen epaiketa, Donostian. Epaiketa eragotzi duen akordioa asteazkenean lotu zuten Sorianoren senideek, eta Mecanizados Manuel Aizpuru eta haren aseguru etxeak.

Horren bitartez, enpresak eta aseguru etxeak kalte ordain ekonomikoak emango dizkiote Sorianoren sendiari, eragindako minen eta kalte moral eta materialen ondorioz. Ordaina zenbatekoa izango den ez dute jakinarazi.

Ostegunean zabaldutako agiri baten bidez, Mecanizados Manuel Aizpuruk «deitoratu» egin du bere langilearen heriotza, eta doluminak adierazi dizkie haren senideei. Baina, aldi berean, ukatu egin du lan baldintzak izan zirela suizidioaren arrazoi bakarra eta, hortaz, erantzukizun zuzena duela. «Adostasun mediko erabatekoaren arabera, jendeak ez du bere buruaz beste egiten gertaera bakar batengatik, mingarria izanagatik, eta baldintza sozialek, bere hartan, ezin dute suizidioa azaldu».

Gogorarazi duenez, Osalanen ikerketak zera zioen: «Ekintza borondatezkoa izan zenez, eta kausa askok eragindakoa, ezin da esan lan arriskuko faktoreak izan direla haren kausa zuzena».

Gauzak horrela, deitoratu egin du «eragile batzuek [...] egindako epaiketa paralelo bidegabea, ez baitator bat enpresaren eta haren langileen funtzionamendu normalarekin».

Zuzenean aipatu gabe, kritika horiek Azpeitiko Elkar-ekin taldeari egindakoak dira, hark eman baitzuen Sorianoren kasuaren berri, eta hark lotu baitzuen suizidioa lan baldintzekin. Agiri baten bidez, Elkar-ekin taldeak ontzat jo du auzibidea akordio baten bidez itxi izana: «Lorpen esanguratsuak daudela pentsatzen dugu. Enpresaren aldetik, eragindako kalte moralen eta materialen errekonozimendu argia dago».

Baina enpresaren salaketei ere erantzun die Elkar-ekin taldeak. Batetik, «informazio okerra» ematea egotzi dio, enpresak ez baitu esaten kalte ordainak berak ere ordainduko dituela, eta ez aseguru etxeak bakarrik.

«Zur eta lur»

Bestetik, «zur eta lur» dagoela dio, enpresak dioelako baldintza sozialek ezin dutela berez suizidio bat azaldu. «Suizidioen kausak konplexuak direla jakitun gaude, baina argi dugu baldintza sozialek eta materialek (lanak, etxebizitzak, hil amaierara iristeko presioak, enpresa batean jasotako tratu txarrek eta abarrek) goitik behera zeharkatzen dutelagizakion osasun mentala. Egoera horiek daude eritasun psikologiko askoren oinarrian, eta horien ondorioz hainbat suizidio gertatu dira. Horrela jasotzen da,besteak beste, hainbat epaitegik antzeko kasuetan eman dituzten sententzietan».

Auzia salatzeagatik «presioak, xantaiak eta difamazioak» jaso dituela azaldu du Elkar-ekin taldeak, baina pozik azaldu da bere lanak fruitua eman duelako: «Lasai gaude esan eta egin dugunarekin». Uste du «esplotazioa eguneroko ogia» dela herritar askorentzat, eta horrek kalte egiten diola osasun fisiko eta mentalari. «Ez gaitezen isildu injustizia lazgarri horien aurrean, eta, bereziki, ez dezagun ahaztu: esplotaturiko jendea dago, esplotatzen duen jendea dagoelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.