Zamatze lanak egiten ari zela, garraiolari batek makina baten kolpea hartu zuen atzo, Muxikako Ebaki XXI zurgintza enpresan (Bizkaia), LABek zabaldu duenez. Transportes Iriondo garraio enpresa azpikontratatuko langilea zen, eta, sindikatu horren arabera, tokian bertan artatu zuten anbulantzia medikalizatu batean, baina handik ordu batzuetara hil zen, zauri larrien eraginez. ELAk, ordea, adierazi du gaur goizaldean izan dela lan istripua, gaueko txandan, eta, jotzeaz gainera, harrapatu ere egin omen du behargina enborrak garraiatzeko makina astun batek. Bi sindikatuek aurreratu dutenez, Ebakiko beharginek lanuzte eta mobilizazioak egingo dituzte datozen orduetan, lan istripua salatzeko, eta haiek bat egin dute protesta horiekin.
LABek gogorarazi duenez, prebentziorako araudiak horrelako egoerak aurreikusten ditu, eta «zamatze lanak kontratatzen dituzten enpresek prozedurak zehaztuta eduki behar dituzte garraiolariak [kamioien] kabinan bertan itxaron edo gune seguruetan egon daitezen». Beraz, «derrigorrez, koordinazio prozedura bat» garatu beharra dago arrisku mota horiek kontrolpean izateko. Atzo, ordea, «prozedura ez zegoen garatuta, edo ez zen abian ipini», sindikatu horrek txarretsi duenez, eta enpresaburuak jo ditu horren erruduntzat.
ELAren ustez, «prebentzio kulturarik eza» dago istripu horren atzean; «lan arriskuen prebentzioaren arloan legeak eskatzen duen koordinazio falta eta prebentzio eta babes neurrietan behar adinako inbertsio gabezia», alegia: «Dirudienez, inguru horretako argiztapen baldintza eskasak izan dira istripuaren eragile nagusiak».
Administrazio publikoak
LABek agerian utzi nahi izan du horrelako istripuetan administrazio publikoek daukaten «ardura», eta gogora ekarri ditu Osalaneko zuzendariordeetako batek irratian esandakoak: arduradun politiko horren arabera, «nahiz eta legeak enpresaria jotzen duen prebentzioaren arduradun eta erantzuletzat, langileek eta sindikatuek ere badute ardura».
Aitzitik, «ardurak enpresarien bizkarretik kentzeak istripuak eta heriotzak» dakartzala uste du LABek: «Nola saihestuko du langile batek halako istripu bat, enpresak protokolorik garatu ez badu edo garatuta egonik ere betearazteko bitartekorik jartzen ez badu?». Hain zuzen, «ardurak bitartekoak ez dituzten langileei egoztea eta enpresarien inpunitatea babestea» leporatu die administrazio publikoei.
LABen ustez, istripuen atzean dagoen oinarrizko arrazoia zera da: «Administrazioak 30 urte daramatza enpresarien inpunitatea babesten». Sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, urtea hasi denetik gutxienez 41 lagun zendu dira lan ezbeharretan, Euskal Herrian.