Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %23 hazi ziren esportazioak iaz, eta Nafarroan %7,5. Aurreneko hiru lurraldeetan aurreko urtean baino 4.800 milioi euro gehiago izan ziren (25.665 milioi guztira); eta 2019ko, pandemia aurreko urteko datuak hobetu dituzte: 180 milioi gehiago. Ez da gauza bera gertatu Nafarroan: azpitik jarraitzen dute oraindik, %6,4. Guztira, 9.497,2 milioi izan ziren iaz.
Eustat estatistika erakundeak Araba Bizkai eta Gipuzkoako kanpo merkataritzaren bilakaerari buruzko datuak eman ditu ostegun honetan. Esportazioez gain, inportazioak ere handitu egin dira: 21.059 milioi denera, 2020an baino % 34,1 gehiago. Beraz, esportazioen eta inportazioen arteko saldoa positiboa izan zen, 4.605,5 milioikoa.
Lurraldeka, Bizkaiak izan zuen urte arteko hazkunderik handiena esportazioetan (% 31,2): 10.205 milioi. Araban, % 9,4koa izan zen (7.340,5 milioi), eta Gipuzkoan %17,1ekoa (8.120 milioi). Inportazioei dagokienez, Bizkaiak %41,9ko hazkundea izan zuen, eta guztira 11.879,6 milioiko balioa duten ondasunak iritsi ziren kanpotik; Gipuzkoan %29,3 gehitu ziren inportazioak (4.650,3 milioi); eta Araban % 21,3 (4.529,9 milioi).
Produktuei dagokienez, energetikoen hazkundea nabarmentzen da, bai esportazioetan, bai inportazioetan: %43,5ekoa esportazioetan eta %57,6koa inportazioetan. Industriaren susperraldiaren erakusle dira datu horiek. Ez-energetikoetan, %22ko hazkundea izan da esportazioetan, eta %28,8koa inportazioetan.
Industriaren beharrak bultzatuta
Frantzia da euskal esportazioen helmuga nagusia, guztizkoaren %16,1ekin (4.120 milioi euro), eta Alemania ordezkatu du lehen postuan: bigarrena da orain, guztizkoaren %15,9arekin. Bi herrialde horien atzetik daude Erresuma Batua (% 6,6), AEBak (% 6,2) eta Belgika (5,3). Bost herrialde horiek biltzen dute esportazioen erdia.
Esportazio bolumenagatik, siderurgia da jarduera nagusia: iaz %50,2 hazi zen (2.858,8 milioi guztira). Petrolio findegien produktuek % 44,9ko hazkundea izan zuten esportazioetan, burdinazkoak ez diren metalek % 41,8koa, eta material eta ekipo elektrikoenek %21,7koa.
Autogintzan, osagaien eta, bereziki, mikrotxipen faltak baldintzatu du jarduna. Hala ere, ibilgailu motordunen fabrikazioak %15,6ko hazkundea izan zuen: esportazioen guztizkoaren %21,6 da, 5.543,7 milioi.
Inportazioetan, adarrik garrantzitsuenak energiarekin dute lotura; petrolio findua eta petrolio gordina hazi dira gehien, %116,7 eta %44,9, hurrenez hurren. Nabarmen handitu den beste diru sail bat burdinurtuzko, burdinazko eta altzairuzko txatarrarena da ( % 93,3).p>
Nafarroan, hazkunde txikiagoa
Nafarroan beste hiru lurraldeetan baino txikiagoa izan da esportazioen hazkundea: %7,5. Baita inportazioetan ere: %23,1. Saldoa positiboa den arren, (3.824,7 milioi eurokoa), 2020an baino %9,4 txikiagoa da. Nafarroako Merkataritza Zuzendaritzak jakinarazitako datuen arabera, ohi bezala esportazioen jarduera adar nagusia autogintza da (guztizkoaren %33). Inportazioetan, berriz, ekipo ondasunena (%33,4). Beste hiru lurraldeetan bezala, Frantzia eta Alemania dira Nafarroako kanpo merkataritzaren helmuga eta jatorri puntu nagusiak.