Beti Aingeru ontziko kapitaina epaitzekoak ziren atzo Baionako auzitegian, eta hura bertaratu ez izanagatik ere, Nadine Regereau magistratuak 30.000 euroko isuna ezarri zion, «Frantziaren subiranotasunaren peko uretan itsas arrantzan aritzeagatik baimenik gabe».
Gipuzkoako ontzia iragan apirilaren 9an atzeman zuten Angelun (Lapurdi), kostatik sei itsas miliatara; baimenik gabe arrantzatutako 6,4 tona antxoa zeramatzan, orduko hartan Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak jakinarazi zuenez. Baionako porturaino eraman zuten, eta astebete egin zuen bertan, harik eta kapitainak 10.000 euroren bermea ordaindu zuen arte.
Beti Aingeruren armadorea ere ontzian zen Angelun atzeman zutenean, eta magistratuak ezarritako isunaren parte handi bat, 28.000 euro, hark ordaindu beharko ditu. Halaber, 10.000 euroren kalte ordaina jasoko du Itsas Arrantzaren eta Itsas Haztegien Akitania Berriko Batzordeak, eta 12.000 eurokoa, berriz, Akitaniako Sepanso elkarte ekologistak.
«Arrainak ikusi zituzten, eta haien atzetik joan ziren», esan zuen atzoko auzi saioan ontzikoen abokatuak, Ici irratiaren atariak kaleratu zuenez: «Ez zekiten Frantziako uretan sartzen ari zirenik». Sepansoren abokatuak, berriz, esan zuen zunda bat erabiliz atzeman zituztela antxoak, eta sare batekin harrapatu: «Bazekiten zer ari ziren egiten».