Urte politikoa hasi berri den honetan, eragile guztiak ari dira datorren denboraldian landu beharreko ildoak eta lortu nahi dituzten helburuak finkatzen. LABen kasuan, oso argi dute datozen hilabeteetarako eginkizuna: politika publikoetan «egiturazko aldaketak» eragitea, «kapitalari mugak jartzeko eta aberastasunaren banaketa sustatzeko». Lehentasuntzat jotzen dituzten esparruak ere zehaztu dituzte: 1.500 euroko gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa, eta zerbitzu publikoak indartzea. Hori guztia, ahaztu gabe lantokietan hauteskunde urtea izango dela, eta urritik martxora bozak egingo dituztela lantegi askotan.
LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok azaldu du helburu horien alde egitea inoiz baino garrantzi handiagokoa dela «olatu erreakzionarioaren» gorakadaren aurrean: «Ultraeskuina ahalegintzen ari da bere agenda inposatzen eta langileak langileen kontra jartzen, adibidez, Ceutako gertakarien harira antolatutako manifestazioen bidez. Ezkutatu nahi dute kapitala dela benetako etsaia». Txalotu egin du horren aurrean euskal langileek erakutsitako jarrera, eta esan du azken garaiak «oparoak» izan direla borrokei eta garaipenei dagokienez.
Gutxieneko soldata propioaren aldekoa izan da borroka horietako bat, eta, hain zuzen, horixe izango da LABen lehentasunetako bat urte politiko berrian. Arroyok esan duenez, martxoaren 17ko greba orokor «arrakastatsuaren» ostean, gaiak ez du atzera bueltarik: «Hego Euskal Herrian jada ezarria dago beharrezkoa dela 1.500 euroko gutxieneko soldata. Euskal langileek ez dute horren azpikorik onartuko».
«Ultraeskuina ahalegintzen ari da bere agenda inposatzen eta langileak langileen kontra jartzen»
IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile orokorra
Horregatik, LABek aldarrikapen hori lehenetsiko du, eta, patronala eta botere publikoak interpelatzen jarraitzeaz gain, gaia eramango du hitzarmen kolektiboen negoziazioetara: «LABek sinatutako hitzarmenetan 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatu egin da, eta LABek gehiengoa duen esparruetan ia ez dago 1.500 euro baino gutxiagoko soldatarik». LABen konpromisoa da aldarrikapen hori «hitzarmenik hitzarmen» gauzatzen joatea.
Halaber, patronalaren eta botere publikoen jarrera txarretsi du Arroyok: «Confebaskek eta CENek uko egin diote negoziazio mahaian esertzeari, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute ezer egin patronala eser dadila lortzeko, gutxieneko soldataren eskumena eskuratzeko, edo hura bermatzeko administrazio publikoak azpikontratatutako eremuetan».
Langileak, enpleguaren alde
Enpleguaren defentsa izango da LABen bigarren lehentasuna. Arroyoren esanetan, Maderas de Llodiori, Tubos Reunidosi eta beste zenbait enpresari eragiten dieten lan gatazketan argi gelditu da langileak direla enpleguari eustearen alde egiten dutenak, eta patronala, berriz, «etekinak» baino ez dituela lehenesten. Horretan ere, kritiko azaldu da Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin: «Industria lurraldean errotzeaz hitz egiten dute, baina horren alde egiten duten langileen ondoan paratu beharrean, patronalaren aldera lerratzen dira».
Azkenik, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko ere egingo du lan LABek hasi berri den denboraldian. Arroyok esan duenez, Osasun Mahaiak «Osakidetzaren zauria gaitz osatzea» baino ez zuen ekarri, eta beste zenbait zerbitzu publikotan ere arazoak pilatzen ari dira.
Salatu du Jaurlaritzak «blokeatuta» daukala hainbat zerbitzu publikotako negoziazioa: «Aldiz, presa handia sartzen zaie Sindikatu Medikuaren moduko lobbyekin negoziatu eta akordioak lortzeko».
%20,27LABen ordezkaritza sindikala Hego Euskal Herrian. Asko handitu da LABen ordezkaritza sindikala azken urteotan: 2010ean %15,33koa zen, eta gaur egun, aldiz, bigarren indar sindikala da, %20,27rekin.
LABek ez du borondaterik edo gaitasunik ikusten botere publikoen aldetik hiru esparru horietan urratsak egiteko. Aitzitik, «elkarrizketa sozialaren antzezpena» egitea eta kontraboterean oinarritutako sindikalismoa bazter utzi nahi izatea leporatu die Arroyok. Haren iritziz, oso esanguratsua izan zen Jaurlaritzak zer jarrera hartu zuen greba orokorraren ostean: elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioan «urrats berria» iragarri zuen, horretarako «ordezkaritza sindikalaren %27,6 baino ez duten UGT eta CCOO sindikatuak instrumentalizatuz».
'Eragin. Kontraboterea gara'
Izaskun Garcia LABeko Antolakuntza idazkariak gogorarazi du hauteskunde sindikalen garai trinkoa datorrela, eta bozak egingo dituztela hezkuntzan, industria arloko zenbait enpresa handitan eta beste lantoki askotan: orotara, Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren ia erdia berrituko dute datozen hilabeteetan. LABek «anbizioz eta handitzen jarraitzeko asmoz» helduko dio erronka horri, eta orain arte lortutako babesaren bermearekin. Izan ere, inoiz baino ordezkaritza zabalagoa du gaur egun sindikatuak. Eragin. Kontraboterea gara izango da hauteskunde sindikaletan LABek erabiliko duen leloa.
Patronalak eta sindikatuek bihar ekingo diote Bizkaiko metalgintza arloko hitzarmena negoziatzeari. Ez da edozein negoziazio izango: alor horrek Bizkaian duen garrantziari gehitu behar zaio ELAk hartutako erabakia negoziazio prozesuan euskara erabiltzeko. Horretaz ere mintzatu da Arroyo, eta «ongietorria» egin dio ELAri «LABek historikoki defendatu dituen jarrera euskaltzaleetara».
Arroyok esan duenez, LAB «aitzindaria» izan da euskara lan munduan sustatzen, eta aurrerantzean ere berdin jokatzeko asmoa du, hitzarmenen negoziazioetan euskara erabiliz eta hitzarmen horietan euskara sustatzearen aldeko neurriak sartuz: «Sindikatu gehiagok bat egiten badute horretan, indar gehiago izango dugu neurri horiek lortzeko».
LAU GREBALARI DEKLARATZERA DEITU DITUZTE IRUÑEAN
Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalari deklaratzera deitu dituzte Iruñean. Agintaritzari desobeditzea eta trafikoaren segurtasunaren kontrako delitu bat egotzi diete. Berrogei lagun inguruk elkarretaratzea egin dute Iruñeko justizia jauregiaren aurrean, grebalariei elkartasuna adierazteko. LABek «onartezintzat» jo du «greba eskubidearen aurkako errepresioa eta kriminalizazioa», eta erantsi 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde egitea ez dela delitua, «langileon beharrizana» baizik. Egozten dizkieten delituak egin izana ukatu du LABek, eta babesa adierazi die lau grebalariei eta «greban parte hartzeagatik jazarpena pairatzen ari diren guztiei».