Bizkaiko metalgintza mahaian hasiko da ELA lan itunak euskaraz negoziatzen

Lehenengo bilera etzi izango da, eta sindikatuak salatu du Lan Harremanen Kontseiluak ez duela oraindik itzulpen zerbitzua bermatu. Kontseiluak erantzun du itzulpen zerbitzua jarriko dutela «horretarako baldintzak» egon bezain pronto.

Peio Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna, uztailaren 7an egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Peio Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna, uztailaren 7an egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko irailaren 1a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da zirt edo zart egiteko unea. Uztailaren 7an, ELA sindikatuak iragarri zuen aurrerantzean euskaraz negoziatuko zituela 27 lan hitzarmen sektorial, eta LHK Lan Harremanen Kontseiluari eskatu zion negoziazio mahaietan euskaraz jarduteko baliabideak jar zitzala, eskubide hori bermatze aldera. Orain zabalduko da Bizkaiko metalgintza arloko hitzarmena negoziatzeko prozesua, eta etzi egingo dute lehenengo bilera: hori izango da estreinako negoziazio mahaia ELAk bere asmoa iragarri zuenetik, eta, beraz, abagune egokia izango da ikusteko nola jokatzen duten LHKk eta patronalak eskakizun horren aurrean.

Oraingoz, LHKk ez du baieztatu bileran itzulpen zerbitzurik egongo ote den. ELAk asmoaren berri eman zuenean, LHKko presidente Emilia Malagak erantzun zion kontseiluak ez duela itzulpen zerbitzurik, eta ez dagokiola berari erabakitzea bileretan halakorik erabiliko den ala ez, horren ingurukoak patronalaren eta sindikatuen esku utzita. LHKren erantzuna ez zen ELAren gogoko izan: «Erakunde publikoa izan arren, herritarrei egotzi die hizkuntza eskubideak gauzatu ahal izatea».

LABek ere bat egin zuen negoziazio mahaietan euskaraz aritzeko eskubidearekin, eta LHKri «neurri zehatzak» eskatu zizkion eskubide hori bermatu ahal izateko.

«Ez diogu [euskaraz aritzeko] eskubide horri uko egingo, eta ez dugu onartuko gaztelania inposatzea»

ELA SINDIKATUA

ELAk nabarmendu du etzikoa izango dela «lan hitzarmenen negoziazioetan hizkuntza eskubideak bermatzeko lehen aukera», eta eskakizun horren aurrean LHKk hautu bat egin beharko duela: «Kalitatezko itzulpen zerbitzua jarri eta denen hizkuntza eskubideak errespetatzeko erraztasunak eman, edo negoziazio mahaiko ordezkarien esku utzi hizkuntza irizpideen erabakia itzultzaile zerbitzurik jarri gabe». ELAren iritziz, LHKk bigarren aukera horren alde egingo balu, argi geratuko litzateke kontseiluak ez duela bere eginkizuna betetzen.

ELAk berretsi du eutsi egingo diola bere hautuari: «Negoziatzaile guztiek eskubidea dute euren hautazko hizkuntzan aritzeko. Ez diogu eskubide horri uko egingo, eta ez dugu onartuko gaztelania inposatzea».

Geroago iritsi da LHKren erantzuna, Europa Press berri agentziari egindako adierazpen batzuen bidez. Ez du argitu etziko bileran itzulpen zerbitzurik egongo ote den, baina azaldu du horrelakoak jartzeko asmoa baduela, «baldintza operatiboek eta prozeduraren arlokoek horretarako aukera eman bezain pronto». LHKk espero du hori «berandu baino lehen» gertatuko dela, epe zehatzik eman ez duen arren.

Patronalaren jarrera

Mahaiaren beste aldean FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioa izango dute sindikatuek, patronalaren interesak ordezkatzeko. Sindikatu abertzaleen asmoaren berri izan zuenean, zalantzati agertu zen Bizkaiko patronala: aitortu zuen orain arteko negoziazioak gaztelaniaz egin dituztela, baina onartu euskaraz egiteko eskubidea badagoela, «bi hizkuntzak ofizialak» baitira. Baina, era berean, kezka agertu zuen negoziazioak euskaraz eginez gero prozesua «atzeratuko» ote zen.

ELAk jakinarazi duenez, idazki bat bidali die negoziazio prozesuan parte hartuko duten gainerako eragileei, eta bileretan euskaraz aritzeko gonbidapena egiteaz gain, aldarrikapenarekin bat egiteko eta LHKri itzulpen zerbitzua jar dezala eskatzeko proposatu zien, «negoziatzaileak ez ditzaten gaztelaniaz aritzera behartu».

BERRIA harremanetan jarri da FVEM federazioarekin, eta orduan esandakoa berretsi du patronalak: bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aritzeko eskubidea aintzat hartzen dutela, eta kezka dutela auzi honek prozesua atzeratzea ekarriko ote duen: «Euskadin, Espainian halako bi luzatzen dira lan hitzarmenak negoziatzeko prozesuak». Federazioak erantsi du bere ustez LHKri dagokiola bileretan nork bere hizkuntz hautua egin ahal izatea bermatzeko eginkizuna, eta espero du aurrerantzean «negoziazioaren edukiak» izango direla albiste, «negoziazioa egiteko moldeen» ordez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA