KARBONO MERKATUA

Karbono emisiorako kreditu gehiago merkaturatzeko aukera adostu dute Bruselan

Karbono merkatu berriak zalantza handiak sortu ditu garraio eta berokuntza sektoreetan, eta akordioaren bidez prezioak horrenbeste ez garestitzea nahi dute.

Gizon bat gasolindegi bat hornitzen, Nizan. SEBASTIEN NOGIER / EFE
Gizon bat gasolindegi bat hornitzen, Nizan. SEBASTIEN NOGIER / EFE
inaut matauko rada
2026ko ekainaren 11
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte eta erdi besterik ez da falta garraio sektoreari eta erregaien saltzaileei eragingo dien karbono merkatua —ETS2 izenekoa— indarrean sartzeko. 2027 hasieran sartu behar zuen indarrean, baina azkenean urtebetez atzeratzea adostu zuten, joera hori ohiko bihurtu baita azken urteetan Europako Batasunean. Karbono merkatu berri horrek enpresa gehiago sartuko ditu zurrunbilo horretan, eta hainbat salgai eta zerbitzu garestitu egingo direla zabaldu da azkenaldian. Hauts horiek baretzeko asmoz, Europako Batasuneko Kontseiluak eta Parlamentuak adostu dute merkatuan karbono tona bakoitzaren isurketak 45 euroren prezioa gainditzen badu beste 40 milioi emisio kreditu merkaturatzea, prezioa jaisteko.

Europako Batasuneko Kontseiluaren presidentetzatik Ziprek bultzatutako neurria da, sei hilabeteko agintaldiaren hondarrean egindakoa. Gainera, adostu dute 40 milioi kreditu gehigarri horiei dagokien emisioa gehienez urtean bi aldiz egin ahal izango dela. Hau da, prezioak asko igotzen badira, urtero 80 milioi karbono bonu gehiago merkaturatu ahalko dira. Aurrez 20 milioi kredituko erreserba zegoen adostuta, baina doikuntza berriaren harira bikoiztu egingo dute hori. Gainera, erreserben mekanismo hori 2030ean iraungiko zela adostu zuten aurretik, baina iraungitze data hori kentzea ere adostu dute.

Negoziazioak asteazken gaueko ordu txikietara arte luzatu dira, Europako Batasuneko Kontseiluak gaur goizeko ordu bietan eman baitu akordioaren berri.

Maria Panayiotouk, Zipreko Nekazaritza, Landa Garapen eta Ingurumen ministroak, azaldu du akordio horri esker karbono merkatu berria sendoagoa eta egonkorragoa izango dela: «Adostutako doikuntzei esker, merkatuko likidezia hobetuko da, eta prezioen aldakortasuna txikitu; prezioen igoerei erantzuteko ahalmena indartuko du».

Zer da ETS2?

Europako Batasuneko enpresa kutsatzaile handienei eragiten die karbono emisioen merkatuak (ETS), eta 2005ean sartu zen indarrean. 2024an itsasoko sektorea sartu zen, eta orain ETS2 izeneko merkatua sartuko da indarrean. Sistema berriak enpresa txikiagoak, errepideko garraio enpresak, erregai saltzaileak eta eraikinen berokuntza hornitzaileak hartuko ditu barne, eta egiten dituzten isurketengatik ordaindu beharko dute.

2028. urtean sartuko da indarrean araudi berria. Legeak merkatu horretan parte hartzera behartzen dituzten enpresek ordaindu egin beharko dute isurtzen duten karbono dioxido tona bakoitzagatik, baina merkatuan ez dira nahi beste isurtzeko eskubide kreditu egongo. Sektore horiek 2016 eta 2018 artean sortu zituzten isurketetan oinarrituta, 1.000 milioi kreditu baino gehixeago egongo dira lehen urtean —orain adostu berri dituzten kreditu gehigarri horiek kontuan hartu gabe—, eta urtez urte gutxituz joango dira. Beraz, tarte horretan sektoreko enpresek isuriak gutxitzeko neurriak hartu beharko dituzte aktibitatea gelditu nahi ez badute. Merkatu horretan lortutako funtsekin, herritarrei lagunduko diete energia fakturak ordaintzen, auto elektrikoak erosten eta energia eraginkortasuna hobetzeko obrak egiten.

80

Urtean zenbat milioi karbono kreditu gehiago saldu ahalko diren. Karbono tona bat isurtzeko eskubideak 45 euroko prezioa gainditzen badu, Europako Batasunak beste 40 milioi kreditu merkaturatzeko aukera izango du. Operazio hori urtean gehienez bi aldiz egin ahal izango du.

Baina isurketengatik ordaintzera behartuta egongo diren enpresak alarma pizten ari dira, esanaz herritarren poltsikoan eragina izango dutela neurriek. Hegazkin konpainiak dira haietako batzuk. Enpresa horiei jada eragiten die karbono merkatuak, baina Europako Batasun barruko hegaldiei bakarrik. Hala, Europako Batasuna haren mugetatik kanpoko tokiekin konektatzen duten hegaldiek ez dute EBko merkatu karbonoan parte hartzen, eta Europako hegazkin konpainia handienak Europako Batzordeari presio egiten ari dira aurrerantzean ere hala izan dadin. Duela egun gutxi, sektoreko konpainia handienek gutun bat igorri zioten Ursula von der Leyeni, Batzordeko presidenteari, aldaketarik ez egiteko eskatzeko. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Lufthansa, Air France-KLM, IAG eta Ryanair.

Gaur egun, Europako Batasunetik kanpora doazen edo kanpotik datozen hegaldiek ere ordaintzen dute karbono isuriengatik, baina ez EBren karbono merkatuan, Nazio Batuen Erakundearen menpeko Corsia sisteman baizik. Hala ere, askoz malguagoa da sistema hori, aurrez ezarritako mugatik gora isurtzen badute ordaindu behar baitute soilik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE