Estrategia aldaketa bat dago petrolioaren merkatuan, eta nabari da autoaren erregai depositua betetzeko orduan. Petrolio upelaren prezioa ehun dolarrera gerturatzeko ahalegin antzua alde batera utzi du LPEE + taldeak —Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea eta haren aliatuak (Errusia barne)—, eta prezio apalagoen bitartez lehiakide garestiagoak merkatutik ateratzeko saioari ekin. Hori egiteko bidea ekoizpena handitzea da, eta hala egin berri du: uztailean hasita, beste 411.000 upel gehituko dizkio orain arteko produkzioari, eta espero da gauza bera egingo duela abuztuan ere. Asteburu honetan bilduko dira karteleko kideak.
Aurreikusitako gehikuntza berri hori azken hilabeteetan iragarritako besteei batuko zaie: apirilean, iragarri zuen 137.000 upel gehituko zituztela, eta beste 411.000 maiatzean eta ekainean. Horrela jarraituz gero, irailerako izango du 2023koaren pareko ekoizpena.
Mugimendu horien bitartez, azken urteetan galdutako merkatu kuota berreskuratu nahi du petrolioaren kartelak. XX. mendearen hasieran, petrolio ekoizpenaren %60 eta %65 artean egiten zuten LPEEk eta haren aliatuek; gaur egun, %40tik gertuago dago kopuru hori, pandemiaren ostean kartelak berak itxi baitzituen iturriak —bost milioi upel—, petrolioaren prezioa igotzeko eta kutxa publikoak betetzeko.
Txinaren egarria
Petrolio upelaren prezioan nabari da estrategia horrek ez duela bere helburua bete. Brent upela, Europan erreferentzia den hori, 70 eta 85 dolarren artean salerosi zen iaz, baina azken bi hilabeteetan 60-70 dolarrean saltzen ari dira. Hainbat faktore daude merkatze hori azaltzeko, baina bi dira nagusiak.
Batetik, kontsumoa uste baino gutxiago handitu da, hazkunde ekonomikoa moteldu delako, eta badirudielako Txinaren egarri aseezina mugara iristen ari dela; uste denez, herrialde hartan petrolio kontsumoak goia jo zuen iaz, eta baliteke aurten pixka bat jaistea, auto elektrikoen hedapen bizkorraren ondorioz.
Faktore nagusietan bigarrena zera da, beste ekoizle batzuek ordezkatu dutela LPEE + taldeak utzitako lekua, eta ez dela askok iragarritako petrolio eskasiarik izan.
+%1,5Eskaria.
Eta, hala ere, petrolio egarriak ez du mugarik. LPEEk urteko estatistika aldizkaria aurkeztu du aste honetan, eta, horren arabera, iaz %1,5 handitu zen petrolio eskaria mundu osoan. Aurreko urtean baino 1,49 milioi upel gehiago kontsumitu ziren egunero. Ekoizpena, aldiz, jaitsi zen, 2020tik lehen aldiz, %1: egunero 72,58 milioi upel gutxiago atera ziren merkatura. LPEEko kideek %2,1 murriztu zuten produkzioa, eguneko 570.000 upel gutxiago batez beste. Aldiz, LPEEk dio karteleko kide ez diren petrolio ekoizleek ekoizpena handitu zutela.
Eskaria mundu osoan handitu zen, LPEEren arabera, Europako Batasunean barne, Brusela «hidrokarburoen kontsumoa murrizteko politikak bultzatzen ari den arren». Kartelak gogorarazi duen bezala, Europak petrolioa fintzeko ahalmena murriztu du, hori egiteko azpiegitura asko itxi ditu azken urteetan, baina beste leku batzuetan kontrakoa egin dute, batez ere Txinan, Indian eta Ekialde Hurbilean.
Bestalde, munduko petrolio erreserbak %0,1 handitu dira, 1,567 bilioi upel gehiago daude. Erreserba berri horiek kartelaren parte ez diren herrialdeetakoak direla dio LPEEk.
Panorama horrekin, LPEEk eta haren aliatuek erabaki dute badela garaia pastelaren zati handiago bat jateko, eta horrela upelaren prezio merkeagoa konpentsatzeko. Badute abantaila bat: haien ekoizpen kostuak lehiakide askorenak baino txikiagoak dira. Izan ere, petrolio upel bat lortzea ez da berdin kostatzen Saudi Arabiako basamortuan, Siberia hotzean edo Texasko zelaietan.
Eta horretan datza LPEE + taldearen paradoxa nagusia: Donald Trump AEBetako presidentea Saudi Arabia estu hartzen aritu da upela merka dezan, eta, aldi berean, erraztasunak ematen ari da bere herrialdeko ekoizpena handitzeko. Baina gehiago ekoitziz gero, prezioak merkatu egin ohi dira, eta horrek batez ere AEBetako ekoizleei egingo die kalte. Izan ere, Texasko eta Mexiko Berriko Permian arroan, Ipar Dakotan, Apalatxeetan eta beste hainbat eremutan fracking bidez erauzten dute, harkaitzetatik, eta teknika hori, kutsagarriagoa ez ezik, garestiagoa ere bada.

Teknika hobetzearen ondorioz, jaitsi egin da fracking bidez ustiatutako hobiek errentagarri izateko behar duten maila, baina gutxienez 65 dolar behar dira oraindik, eta inguru horretan dabil Brent upela azken asteetan —68 dolar inguru, aste honetan—. AEBetako erreferentziazko upela, West Texas deitutakoa, pare bat dolar merkeago dago.
Ondorioa jada hasia da nabaritzen: AEBetan, hobi berrietan egindako inbertsioa apaltzen ari da, eta jada irekita zeuden beste batzuk ixten ari dira. Aurten, lehen aldiz azken hamarkadan —eta 2020ko ezohiko urtea kontuan hartu gabe—, ekoizpena txikitu egingo dela kalkulatu du industriak (-%1,1).
Uste hori bera du Energia Informazioaren Administrazioak: erakunde publiko horren arabera, gaur egungo 13,5 milioi upeletatik —inoizko kopururik handiena da— 13,3 milioira jaitsiko dela urte amaieran (-%1,5).
Baina baliteke erorikoa handiagoa izatea baldin eta petrolioa 50 dolarretik behera erortzen bada. Hori gertatuz gero, AEBetako frackingaren industriaren erdia desagertuko da, aditu batzuen kalkuluen arabera. Hainbesteko merkatzerik ez du espero IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak, baina bai 60 dolarretik behera geratuko dela 2026an.
11Gasolioa zenbat merkatu den azken urtean. Petrolioaren merkatzeak izan du ondoriorik erregaiaren prezioan. Aste honetan, batez beste 1,448 euroan salerosten ari da gasolioa Euskal Herriko gasolindegietan, 2024ko uztailean baino 0,8 zentimo merkeago. Are gehiago merkatu da gasolina, 1,651 eurotik 1,520era.
Hurrengo hilabeteetan joera hori sendotuz gero, eragina mundu osoan atzeman ahal izango da. Kontua da azken urteetan petrolio ekoizpenean gertatutako igoera frackingari zor zaiola, neurri handi batean. Teknika horri esker, AEBak bilakatu dira munduko petrolio ekoizlerik handiena: 2013tik 2023ra ia-ia bi halakotu egin da haren hobietako ekoizpena, eta munduko petrolioaren bosten bat handik ateratzen da orain. Tarte horretan, 9,7 milioi upel handitu da eguneko ekoizpena, eta horietatik 9,2 milioi atera dira AEBetatik.
petrolioaren intsumisoak
Petrolio kontuetan, gauza bat izaten da zer esaten den eta beste bat zer egiten den. Izan ere, LPEEk eta haren aliatuek iragarritako kopuruak beti ez datoz bat errealitatearekin, herrialde askok jaramon gutxi egiten baitiete beren kuota ofizialei.
Horrela, Morgan Stanley bankuak kalkulatu du orain ekoizpena 411.000 upel handitzeko egindako promesaren eraginez horren erdia handituko dela egiazki. Hain zuzen ere, kuotekin intsumisoak direnak zigortzea da ekoizpena handitzearen arrazoietako bat, eta horren atzean Saudi Arabia dago. Erresuma hori da kartelaren burua, de facto, eta, aldi berean, kiderik zintzoena. Bere erreserba izugarriek ematen dioten indarrarekin eta sakela betearekin, azken urtean bere gain hartu ditu LPEE + taldeak iragarritako murrizketen parte handi bat —11 milioitik bederatziraino txikitu du produkzioa—, baina amorruz ikusi du LPEE + taldeko gutxi batzuek ekoizpena apaldu beharrean handitu izana. Horien artean dago Kazakhstan, eta hango Energia ministro Alibek Zhamauovek baieztatu berri du ez dutela inolako asmorik produkzioa gutxitzeko.