Kimika, osagaiak nahastu ezinda

Industria kimikoaren patronalaren arabera, ezin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmena negoziatu, Espainiakoak eragotzi egiten baitu. Sindikatuek, aldiz, legezko arazoa bainoago borondate kontua dela diote. Espainiako hitzarmeneko soldata txikiena urteko 16.892 euro gordinekoa da.

Petronorrek Muskizen duen findegia. Hidrokarburoen ekoizpena industria kimikoaren barruan sar daiteke. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Industria kimikoaren sektoreak 23.000 langile ditu gutxienez Hego Euskal Herrian. Gutxienez horren azalpena haren eragin hedaduran datza; izan ere, lan hitzarmenean egiten den interpretazioa ikusita, botika industria, plastikoak eta findegiak sar daitezke zaku horretan, besteak beste. Eremu zabala da, sektore garrantzitsua beraz, baina ez du lan hitzarmen propiorik Hego Euskal Herrian. Espainiako hitzarmenak arautzen ditu enpresa itun propioa ez duten euskal langileen baldintzak, eta, hitzarmen horrek duen klausula baten arabera, ezin da lurralde mailako beste hitzarmenik sinatu. Salbuespen bakarra onartzen du, Kantabrian.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egoera hori aldatzeko bidea urratu nahi dute, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hitzarmen propio bat landu. Atzo egin zuten lehen bilera AVEQ-Kimika sektoreko enpresa elkartearekin, Confebaskekin eta hiru lurraldeetako enpresa elkarteekin. Negoziazio mahaia irekitzea zen asmoa, baina patronalek esan zuten Espainiako hitzarmenaren klausula hori dela-eta ezinezkoa dela.

«Lege arazoa bainoago borondate arazoa dela uste dugu. Lan hitzarmenak aldeen arteko akordio pribatuak dira. Haiek ez zuten mahaia ireki nahi, eta hori zen arazoa. Baina, egia esan, ez da ezustekoa izan», azaldu du Luis Mouliaak, bilerara joan zen CCOOko kideak. Unai Martinez ELAkoak ere antzeko ondorioa atera du: «Enpresei Espainiako lan hitzarmenari eustea komeni zaie; horregatik ez dute nahi. Espainiako hitzarmena oso eskasa da».

Eskasa? Tauletako bi soldata txikienak 16.892 eta 18.031 euro gordin dira urtean. «Oso gutxigatik dago gutxieneko soldataren gainetik», zehaztu du Martinezek. Azken hitzarmena 2021ean sinatu zen hiru urterako, eta %1eko, %2ko eta %2ko soldata igoerak hitzartu zituzten hurrenez hurren. Hori bai, azkenaren ondoren KPIaren araberako eguneraketa egitea hitzartu zuten. «Baina badakigu enpresari batzuk esaten hasiak direla soldata kolpetik %10 igotzea gehiegi dela», gehitu du.

CCOO eta UGTk, berriz, 2017ko lanbide arteko akordioan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mahaiak irekitzeko konpromisoa onartu zuten, eta orduan sinaturikoaren izenean hasi dute bidea ELArekin eta LABekin. CCOO eta UGTren eragin ahalmena, dena den, harago doa. Espainiako akordioa abenduan iraungiko da, eta haren berritzearen negoziazioan traba egiten duen klausula kentzea eskatu dezakete. «Horrek lege ziurtasun handiagoa emango liguke», zehaztu du Martinezek: «Aldaketa hori gabe negoziatzen hasten bagara, baliteke talka legal bat egotea. Batetik, EAEko 2017ko lanbide arteko akordioa legoke, eta, bestetik, Espainian eragina duten akordioak lehenesten dituen Zapateroren lan erreforma».

Eragina enpresa txikietan

Sindikatuetako ordezkariek, dena den, zehaztu dute sektoreko enpresa handiek lan hitzarmen propioak dituztela, Espainiako hitzarmena hobetzen dutenak. Petronorren, Michelinen eta Bridgestoneren kasua da. «Baina beti komeni da soldataren zorua igotzea, eta soldata ez diren beste baldintza batzuk hobetzea», aldarrikatu du Mouliaak. Martinezek, halaber, gogoratu du enpresa txiki eta ertain batzuetan hitzarmen hori aplikatzen dela: «Vulcanizados Zuloagako borrokan errealitate hori ondo baino hobeto ezagutu dugu».

Eta orain zer? Sindikatuek argi dute lan hitzarmena lortzeko bidea hasi baino ez dela egin, eta hurrengo asteetan zer egin aztertzeko biltzekoak dira. ELAko ordezkariak nabarmendu du Espainiako hitzarmena berritzeko irekiko den leiho hori baliatu behar dela, baina «kostako dela» lortzea. Mobilizazioekin hastea ez dute baztertu, baina bilera hori egin nahi dute lehenbizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.