Konfekoop: «Ulertezina da kooperatibek Lanbiden tokirik ez izatea oraindik»

Kooperatiben konfederazioen ustez, Jaurlaritzako Lan Sailak ez du erabateko borondaterik haiek Lanbideren administrazio kontseiluan sar daitezen

Iñaki Nubla Konfekoop kooperatiba konfederazioko zuzendaria eta Rosa Lavin elkarteko presidentea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Konfekoop kooperatiben elkarteak eskatu du behingoagatik bete dadila Lanbideren administrazio kontseiluan sartzeko bere eskaera historikoa. Hamar urte daramatza zuzendaritza organoan leku bat merezi duela adierazten, eta aurtengo helburu nagusien artean sartu du hori lortzea. Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lege Aurreproiektuaren tramitea hasiko da aurki; hala, Konfekoopen iritziz, «garai egokia» da eskaera hori betetzeko, eta Lanbiden ez egoteak «egonezina» sortzen du sektorean. Dena den, zuhurtziaz mintzo dira gaiaz, ez baitiote borondate garbirik ikusten Lan Sailari. Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria oso grafikoa izan da: «Kili-kolo dago gaia».

Konfekoopek iazko balantzearen aurkezpenean berretsi du bere eskaera. Aurten tonua gogortu du, eta Nublak zehaztu du Confebaski eta Eusko Jaurlaritzari bidali nahi dietela mezua: «Presioa egin behar dugu. Lanbide moldatu behar dute, eta beste lehentasun batzuk dituzte. Estutu ezean, gure eskaera bigarren mailan geldituko da». Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea ere zorrotz mintzatu da: «Borondate politikoko afera da. Hamar urtez sartzeko eskatzen aritu ondoren, ezin dugu esan baikorrak garenik. Gure oinarrien artean, egonezina eta nekea dira nagusi».

Izan ere, haien ustetan, «ulertezina» da kooperatiben iritzia kontuan ez hartzea Lanbiden: «Lan merkatua aldatzen ari da, eta gure esperientzia oso baliotsua izan daiteke». Nublak gaineratu du eskaera berresten duten txosten juridiko asko dituztela, eta Iñigo Urkullu lehendakariak konpromisoa adierazi ziela. Hala ere, berriz ere bilduko dira gobernuarekin, eskaera berresteko. Lanbide berritzeko eztabaida abendu inguruan iritsiko da legebiltzarrera, eta maiatzean egingo dira lehen zuzenketak. Lanbideren administrazio kontseiluak hiru hanka ditu: Jaurlaritza, sindikatuak eta patronala. Azken horretan Confebask dago, eta Konfekoopek haren alboan nahi du eserlekua.

Izan ere, kooperatibek 57.152 langile dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko abendu amaierako datua da, 2020koa baino %2 apalagoa. Nublak, baina, jaitsieraren zergatia azaldu du: «2019tik 2020ra, %7 handitu genuen langile kopurua, eta pandemiaren ondoren eginiko doikuntza bat da. Kontsumo kooperatibak funtsezko jarduera izendatu zituzten pandemian, eta askok lantaldea indartu behar izan zuten. Ondoren, langile kopurua egokitu egin behar izan zuten». Salbuespen egoera batekin lotu behar da datua, eta uste dute aurten enplegu gehiago sortuko direla: «%2 inguru», iragarri du Lavinek.

91 kooperatiba gehiago

Konfederazioko kide diren kooperatiben kopuruak, aldiz, gora egin du. Iazko urtearen amaieran, 1.350 ziren guztira, 2020an baino 91 gehiago 149k eman zuten izena iaz, eta 58 desegin ziren. Alde horretatik, lan elkartukoak dira gehien-gehienak (1.174), eta ondoren doaz irakaskuntzakoak (89). Kontsumokoak hamabi baino ez dira, baina 11.000 langile dituzte, Eroskiren eraginarengatik batez ere. Aurtengo helburua 1.450 enpresa izatera iristea da, eta, Lavinek aurreratu duenez, bide onetik doaz. Apirilera arte, 40 kooperatiba berrik eman dute izena elkartean.

Kooperatiba berri gehienak txikiak dira --bi pertsona aski dira kooperatiba bat osatzeko-, eta zerbitzuen sektorean dihardute ia guztiek. Normalean, 35 eta 45 urte arteko pertsonek osatzen dituzte, eta ez da haien lehen esperientzia lan munduan. «Lehen ohikoa zen, esaterako, igeltseroek-eta kooperatibak sortzea. Orain, arkitektoek edo diseinatzaileek eratzen dituzte. Ohikoa da, esaterako, ekonomialariak eta abokatuak elkartzea, eta gestoria kooperatiba moduan muntatzea», aletu du Lavinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.