«Konfrontazioaren bidean jarraitzeko» eskatu du ELAk

Greben bitartez «hitzarmen kopururik handiena eta akordiorik onenak» lortu dituztela adierazi du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak ELAren XVI. kongresuko lehen egunean.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur, kongresuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur, kongresuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko ekainaren 2a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ia lau urte igaro dira ELAk bere aurreko kongresua egin zuenetik, eta ordutik gauza batzuk aldatu dira, eta beste batzuk ez. Aldaketak izan dira Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan, baina ELAk ez du uste mamia aldatu denik, erakunde horien politikek «neoliberalak» direlako oraindik ere.  Gauzak horrela, «konfrontazioaren bidean jarraitzeko» eskatu die Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak ELAren XVI. kongresuan parte hartzen ari direnei. Batetik, «grebei esker lan hitzarmen kopururik handiena eta akordiorik onenak» lortu dituelako, eta, bestetik, «prekaritatea eta zerbitzu publikoen gainbehera bere horretan jarraitzen dutelako».

Langileria antolatu, gizartea eraldatu lelopean, gaur goizean abiatu da ELAren XVI. Kongresu Konfederala. Duela lau urte egin zuten aurrekoa. Hori dela eta, 2021eko egoerari so eginez ekin diote sindikatuaren batzorde eragileak osatutako kudeaketa txostena aletzeari. Guztira, ELAko 736 ordezkari daude deituta bihar arte iraungo duen kongresuan parte hartzera: haiek eman diote gaur arratsaldean, oniritzia aho batez kudeaketa txostenari.

Pandemia garaian egin zuen ELAk aurreko kongresua, 2021eko azaroan. Ia lau urteren ostean, ondorio kezkagarria plazaratu du Mitxel Lakuntzak ELAko idazkari nagusiak: «Bizitzarako funtsezkoak ziren lanak indartzeko konpromisoa hartu zuten orduan agintari politikoek, baina ez dute bere hitza bete». ELAko idazkari nagusiak gehitu duenez, «bizitza posible egiten duten langile horietaz ahaztu egin dira: zahar etxeetako langileez, osasun publikoaz, merkataritzako langileez, garbikuntzakoez... Sektore feminizatuak ahaztu dituzte, batez ere».

Hain zuzen ere, Osakidetza aipatu du horren adibide gisa Lakuntzak: «Sortutako osasun mahaiak langileen aldarriak lokartzeko eta egiturazko neurriak ez hartzeko baino ez du balio izan». ELAk, ordea, kontrako bidea hartu zuela gogorarazi du: «Prekaritatearen aurka borrokatzea, zerbitzu publikoak defendatzea eta sindikalismo feminista bultzatzea».

«Prezioen gorakadaren eskutik enpresek inoizko etekin handienak lortu dituzte azkenengo urteetan, langileon errenten kaltetan betiere, Pradalesen eta Txibiteren gobernuek ez dutelako neurrik hartu lapurreta horri aurre egiteko»

MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia

Aurrekoaren ildotik, ELAko idazkari nagusiak aipatu du Gasteizko eta Iruñeko Gobernuak aldatu egin direla, baina ez, ordea, haien politika «neoliberalak». «Zerga politikan zer gertatzen den besterik ez da ikusi behar. Urtetik urtera sortzen den aberastasuna gero eta modu bidegabeagoan banatzen da [...] Prezioen gorakadaren eskutik enpresek inoizko etekin handienak lortu dituzte azkenengo urteetan, langileon errenten kaltetan betiere, Pradalesen eta Txibiteren gobernuek ez dutelako neurrik hartu lapurreta horri aurre egiteko».

Neurririk ez hartzeaz gain bide onetik zihoazen legeak oztopatzen saiatu direla adierazi du ELAko buruak. EAJren kasuan, enpresa energetikoei zergak igotzeko neurriak bertan behera utzi izana leporatu dio: «Petronorren aginduetara jarri da. Botere ekonomikoarekiko mendekotasuna da herri honen politikaren jatorrizko arazoa».

Nafarroan, berriz, sei enpresatik bostek Espainian baino zerga gutxiago ordaintzen dituztela gogorarazi du Lakuntzak: «Albiste ona omen da Txibiterentzat enpresek zerga gutxi ordaintzea».

Ezkerreko indar politikoei dagokienez, Elkarrekin Ahal Duguk EAJ eta PSErekin adostutako «sasi erreforma fiskala» txarretsi du Lakuntzak, eta EH Bilduri leporatu dio ez duela «alternatiba eraldatzailea defendatzeko konpromisorik». Besteak beste, gogorarazi du Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietan aurtengo aurrekontu «neoliberalak» onartu dituela EH Bilduk, eta trantsizio energetikoaren aldeko neurriak, gutxiengo soldataren aldeko adierazpenak eta Hezkuntza Legearen akordioak posible izan direla «eduki eraldatzailerik ez dutelako eta sinbolikoak direlako».

Nafarroan, berriz, «oraindik UPNren gobernutik aldatu ez den zerga eta aurrekontu eredu bat» onartu egin dutela kritikatu du. Hori ikusita, konfrontazio demokratikoaren alde egin du ELAko idazkari nagusiak, «hori baita funtsean politika, interes ezberdinen arteko konfrontazioa».

(ID_15024815) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-06-02, Bilbo. ELAren batzarra
Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusiaren albokoa eta idazkari nagusia, gaur, kongresuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Mobilizazioak eraso neoliberalaren aurka

Lakuntzak nabarmendu du grebak indar handia duela egoera hori iraultzeko. «ELAk hitzarmen gehiago eta hobeak lortzen ditu greba egiteko gaitasuna duelako». Datuei erreparatuta, 2023an deitutako greba egunen %80,54 ELAk antolatu zituen Euskal Autonomia Erkidegoan —Nafarroan ez dago datu ofizialik, sindikatuaren arabera—.

Horretaz gain, ELAk sinatutako hitzarmenek beste sindikatuek sinatutakoek baino «baldintza hobeak» bermatzen dituztela azpimarratu du sindikatu horretako idazkari nagusiak: «Esate baterako, 2023an, ELAk sinatutako hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %5,76koa izan zen; ELAk sinatu ez zituen hitzarmenetan, aldiz, %4,17koa». Kopuru horiek hobeak dira sektore feminizatuetan; «guk sinaturiko hitzarmenetan emakumeen batez besteko soldata igoera %7tik gertu geratu da».

«2023an, ELAk sinatutako hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %5,76koa izan zen; ELAk sinatu ez zituen hitzarmenetan, aldiz, %4,17koa»

MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia

Hala ere, Lakuntzak gogorarazi du sektore asko oraindik blokeatuta daudela: «Sektore publikoan eta Nafarroako gobernuaren ardurapean dauden sektoretan blokeoa edo gutxiengoak sinatutako akordioak dira nagusi, hezkuntza publikoarekin gertatu den bezala».

EAEren egoera dela-eta ere kezkatuta agertu da Lakuntza: «Urkulluren erabateko blokeoari aurre egitea erabaki badute ere, hezkuntza publikoan eta Ertzaintzan sinatutako akordioei erreparatuta argi geratu da Eusko Jaurlaritza akordio merkeenak lortzen saiatzen ari dela. ELArekin sinatutako akordioa da salbuespena, hezkuntzako sukaldeko eta garbikuntzako langileena».

Arratsaldean eta bihar

ELAren kongresuari arratsaldean eman diote jarraipena: sindikatuak aukera baliatu du Eibarren 1976an egin zuen III. kongresuan onartutako printzipioak eguneratzeko. Printzipioak Euskal Herri burujabe, feminista, euskaldun, sozialista, plural eta solidario baten alde lan egiteko gonbidapena dira.

Bihar, egunari hasiera emateko, datozen lau urteetako lan sindikalerako ildo nagusiak definituko dituen ponentzia eztabaidatu eta bozkatuko dute. Datozen lau urteetan batzorde eragilea osatuko duten pertsonak aukeratzeko ere balioko du kongresuak. Horien artean, Lakuntza berretsiko dute bere karguan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.