Cecobiko lehendakaria

Maria Lopez Negrete: «Kontsumitzailearen ohiturek eratzen dute bere ingurunea»

Kate handiek denda txikiei lekua kentzen ari zaizkie merkataritzan. Lopezek ohartarazi du erosleek dutela egoera iraultzeko giltza, herriko dendetan gehiago kontsumituta.

Maria Lopez Negrete, Cecobiko lehendakaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maria Lopez Negrete, Cecobiko lehendakaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbo
2026ko uztailaren 28a
20:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pintura poteak, brotxak, zizelak eta askoz gehiago aurki daiteke Maria Lopez Negreteren (Bilbo, 1980) familia enpresan, eta bertan egin du hitzordua BERRIArekin. Ingeniaria da ikasketaz, eta familiaren pintura denda gobernatzeaz gain, egun Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioko lehendakaria ere bada. Tokiko merkataritzaren etorkizunak kezkatzen du, saltoki txikiak ixten ari direlako. Ekintzaile kopuru txikia azpimarratu du arazo gisa, eta adierazi du orain horri digitalizazioaren erronka erantsi zaiola.

Familiako negozioari heldu diozu.

Nire enpresan gaude, pinturaren banaketan eta salmentan oinarritzen dena. 63 urte daramatza merkatuan, 1963tik. Nire aitita pintorea zen, aitak negozioarekin jarraitu zuen, eta orain neba eta biok gaude. Moldatu behar izan dugu: lehen ez zegoen ia konpetentziarik, ez ziren merkataritza gune handiak existitzen, are gutxiago online merkatua. Gaur egun, merkatari txiki guztiek dituzten arazo berberak ditugu: erosleak eta langileak erakartzea, talentua atxikitzea, langileak trebatzea...

Cecobik uztail hasieran argitaratu zuen txostenean dio azken hamabi urteotan %25 jaitsi dela saltoki txikien kopurua, eta «isilpeko galera» bat dagoela.

Bai, jaisten ari da, bai Bizkaiaren identitate marka gisa, bai tokiko merkataritza gisa. Zeintzuk dira arrazoiak? Ba, lehenik, belaunaldien arteko transmisioa. Garai batean, negozio gehienak hurrengo belaunaldiei pasatzen zitzaien; gaur egun, negozioen %22 soilik pasatzen dira jabeen seme-alaben eskuetara. Hau da, %22koa da ekintzaile izateko motibazioa edo negozioan jarraitzekoa. Noski, lehen eredu gutxi zeuden; orain, aldiz, konpetentzia handia dago. Baina guk sektorea erakargarria dela nabarmendu nahi dugu. Askotan merkatariaren zeregina saltzaile huts gisa ikusten da, eta ez da horrela; gaitasun asko garatu behar dira: kudeatzen ikasi behar da, digitalizatzen, gaitasun finantzarioak izan behar dira... Egia da jende askok funtzionario izatera jotzen duela gaur egun, baina hemen lanpostuak sortu behar dira, enpresa ekimena behar da. 

Edonola ere, merkataritzan enplegua ez da gutxitu. Marka handi gehiago daude, eta, pertsona askori lana ematen dietenez, sektoreko enplegu kopurua ez da jaitsi. Saltokiek, batzuetan, langileak asteburuetarako, arratsaldeetarako edo goizetarako soilik behar dituzte. Langile horiek gero ez dute merkataritza etorkizuneko irteera bezala ikusten, ikasle bizitzaren eta behin betiko lanaren arteko pausoa baino ez da. 

Zein denda mota dago «isilpeko galeraren» arriskutik kanpo?

Maskoten zaintza, ongizatea, estetika... Sektore horiek guztiak gorantza doaz. Baita teknologiei lotutakoak ere. Gaur egungo joera kulturalei lotuta dago; jendea kontzientziatuago dago itxurarekin, estetikarekin, zaintzarekin...

Esan ohi da tokiko saltokiek ixten dutela eta marka handiek okupatzen dituztela horien lekuak.

[Bilboko] Kale Nagusira bazoaz, badakizu nortzuk dauden. Guztiok ezin gara bertan egon, alternatiba bideragarriak eta denboran sostengatuko direnak bilatu behar ditugu. Gu, normalean, hirigunean ez dagoen toki batera goaz, eta lan handia egin behar izaten dugu eremu digitalean gure enpresa ezagutarazteko. Kontsumitzaileak jakin behar du bere ohiturek eratzen dutela bere ingurunea. Hau da, plataforma digitaletan erostera ohitzen bagara, herrian bost zapatila denda izatetik bi izatera pasatuko gara. Ona da aniztasuna egotea; bestela, azkenean ingurune guztiak berdinak izango dira, denda berbak egongo dira toki guztietan, handiak denak.

«Ez baduzu Googlen fitxa bat, ez baduzu sare sozialik... erosleari zalantza sor dakioke, existitzen ote zaren»

Dendara sartu aurretik erakusleihora begiratu ohi da. Sare sozialak al dira gaur egungo erakusleihoak?

Gaur egun, saltoki fisikora joan aurretik, Interneten begiratzen dugu, ea ze ordutegi duen, esaterako. Ez baduzu Googlen fitxa bat, ez baduzu sare sozialik... erosleari zalantza sor dakioke, existitzen ote zaren.

Zein eragin dute kate handiek negozio txiki eta ertainetan?

Frogatuta dago, adibidez, elikagaien saltoki handien ondoan arrandegiak, harategiak... egon ohi direla. Beraz, badaude erosle batzuk guztia saltoki handietan erosten dutenak; baina badaude beste batzuk produktu gehienak bertan erosi arren okela harategian eta arraina arrandegian erosi nahi dutenak. Uste dut guztiok garela beharrezkoak eta bateragarriak. Hori bai, hemen diharduten negozio guztiek arau berberak izatea eskatzen dugu. Internet bidezko salmentaz ari naiz bereziki. Bestela, ez da bermatzen ez kalitaterik, ez segurtasunik, ezta langileen baldintzak onak direnik ere.

Zuen arabera, erakunde publikoen aldetik ekimen puntualak daude, baina estrategia egonkor bat falta zaie. 

Koordinazio handiagoa, informazio gehiago eta bideratuagoa behar da administrazioen aldetik. Badaude merkataritza berpizteko programa ugari, eta uste dut ezagutarazi behar ditugula. Erretiroa hartzeko zorian dauden merkatariei zer aukera dauzkaten azaldu beharko genieke.

Nabarmendu duzue dendarien artean etorkinak ugaritzen ari direla; azken bost urteotan %15etik %35era hazi da haien pisua Bilbon.

Egungo ekintzaileak, batez ere, hegoamerikarrak dira: gaitasun sozial handiak dituzte, eta komunitatea sortzen dute. Kultura hori dakarte, eta askok negozioak izan dituzte haien jatorrizko herrialdeetan ere. Errealitate bat da haien kopurua asko hazi dela; estatistika hutsa da. Hizkuntzarekin arazorik ez baduzu, errazagoa da negozio bat hartzea. Orain, adibidez, aukera hau lantzen ari dira: etorkinak lanaren bidez errotzean direnean eta paperak ematen zaizkienean, azaltzea badirela enpresen transmisiorako programak.

Zein da tokiko merkatarien erronka nagusia?

Gure borroka ezin denez prezioa izan, besteengandik bereizten jakin behar dugu. Prezioan beti irabaziko dizu beste norbaitek. Baina oso produktu esklusiboa baduzu, produktua pertsonalizatzen baduzu... bakoitzak jakin behar du transmititzen zer duen bereizgarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA