Migratzaileek eusten diete dendei Bilbon: hiru merkatari berritik bat atzerritarra da

Merkataritza sektorearen erronka nagusietako bat erreleboa topatzea da, Cecobik ohartarazi duenez. Gazteek gero eta gutxiago jotzen dute sektore horretara beren ibilbide profesionala ontzeko.

Bilboko Alde Zaharreko denda bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko Alde Zaharreko denda bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko uztailaren 15a
15:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Merkataritzaren sektorea aldatzen ari da Bizkaian. Historikoki, merkatari txikien ordezkoak familia barrukoak izaten ziren: aita-amengandik seme-alabengana igarotzen ziren negozioak. Azken hamarkadetan, ostera, errelebo hori gero eta gutxiago gertatzen dela ohartarazi du Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresaburuen Konfederazioak, «gazteek ez baitute merkataritza luzerako ogibide gisa ikusten». Horiek horrela, migratzaileak ari dira sektorearen ardura hartzen. Egoera hori batez ere Bilbon nabari daiteke: gaur egun sortzen diren negozioen %35 migratzaileenak dira.

Gaur egin du Cecobik sektorearen egungo egoeraren diagnostikoa, eta ez du argazki oso polita atera, elkarteko presidente Maria Lopez Negretek azaldu duenez, merkataritzaren sektorea «etengabeko galera bat» pairatzen ari baita. Datuak ikusita «erantzun argi, koordinatu eta proportzionala ezinbestekoa» dela azpimarratu du. Galera horren atzean hainbat arrazoi daude, besteak beste «belaunaldi arteko erreleboa» eteten ari dela.

Eta atzerritik etorritako langileek hartu dute leku hori. Bilbao Ekintzaren datuak erabili dituzte konfederazioko kideek egoera irudikatzeko. Azken bost urteetan nabarmen ugaritu dira jabe atzerritarrak dituzten negozioak. Izan ere, 2020an jabeen %15 ziren migratzaileak; gaur-gaurkoz, ostera, %35era igo da kopuru hori. Datua begi onez ikusten dute merkatariek, sektorearen iraupena bermatzeko bidea izan baitaiteke.

Lopezek, halere, «tentuz» jokatu behar dela esan du: «Informazioa, prestakuntza, finantzaketa eta laguntza eskaini behar zaizkie, eta bertako merkataritza ekosistemarekin konexioak sortu behar dituzte».

10.781

Zenbat saltoki txikizkari dauden Bizkaian.  Cecobik jakinarazi duenez, gaur egun 10.781 saltoki txikizkari daude Bizkaian. Haien ustez, merkataritza txikiak lurraldean duen garrantziaren erakusgarri da datu hori.

Merkataritzako enpresaburuek adierazi dute lau sektore daudela kinka larrian: pertsonen ekipamendua (jantziak, oinetakoak, betaurrekoak...), etxebizitzaren ekipamendua (altzariak, sukaldeko tresnak...), zaintzarekin lotutako zerbitzuak eta elikadura. Ez dute erreleborik. Are gehiago, modaren arloko saltokien artean, ehun jabetik hamar soilik dira 35 urtetik beherako gazteak.

Gauzak horrela, estrategia «zehatz eta eraginkorra» eskatu dute merkatariek. Azken urteetan erakunde publikoek erreleboaren aferari erantzuteko ekimenak abiatu dituztela onartu dute Cecobiko arduradunek —NegoziON, esaterako—, baina adierazi dute ez direla nahikoa. «Behin-behineko ekinaldien ordez, luzera begirako estrategia bat behar dugu», esan du Lopezek. Hau da, merkatariei finantzaketa, informazioa eta trebakuntza erraztea.

Internetekin lehian

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %60k sarean erosi dute azken hiru hilabeteetan, Enfokamerren datuen arabera. Kontsumo ohiturak aldatu egin dira, eta horrek zuzenean eragiten die merkatari txikiei. Internet bidez saltzen duten saltoki handiek atzerritik inportatzen dute saltzen dutenaren gehiengoa. Cecobiko arduradunek salatu dutenez, gehienek ez dute Europako Batasunak ezarritako estandarrak betetzen; %60k, zehazki. «Ez gaude sarean saltzearen aurka, ezta digitalizazioaren aurka ere. Nahi dugun bakarra zera da, ziurtatzea arauak berberak izango direla guztientzat», esan du Lopezek.

Interneta, baina, aukera bat ere izan daiteke, Cecobiko presidenteak nabarmendu duenez. «Kale nagusietan enpresa handiak kokatzen dira gaur egun. Merkatari txikiak periferietara mugitzen hasi dira, eta erosleak erakartzeko sare sozialak erabiltzen dituzte gero eta gehiago».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA