Kontsumitzaileen konfiantza ahultzen ari da

Laboral Kutxaren arabera, bi familiatik batek uste du egoerak okerrera egingo duela. Hala ere, kontsumoa ez da apaldu, eta aurrezteko gaitasunak ere bere hartan dirau.

Herritar batzuk Bilboko saltoki handi baten aurretik pasatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Herritar batzuk Bilboko saltoki handi baten aurretik pasatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 27a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuhurtzia beldurra elikatzen ari da. Kontsumitzaileen konfiantza ahuldu egin da 2026ko lehen hiruhilekoan, eta «ezkortasuna nagusitzen ari da». Hala ondorioztatu du Laboral Kutxak bere azken azterketan.

Inkesta hori otsailaren 9tik 20ra egin zuten, Irango krisia piztu aurretik. Hala ere, ordurako pertzepzio hori finkatuta zegoen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitza gehienetan. Kontsumitzaileen konfiantza indizea -8an kokatu zen: aurreko hiruhilekoan baino zertxobait hobea izan arren (-9), azken urteko beheranzko bidea berresten du. Azken bost hiruhilekoetan negatiboa izan da.

Testuinguru horretan, gaur ezagutarazi den inflazioaren datuak —%3,3 Espainian— are gehiago elika dezake ezkortasun hori.

-12

 

EBko konfiantza indizea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familien konfiantza indizea -9 da. Antzeko balioak dituzte Alemaniak (-10) eta Danimarkak (-8).  Europako Batasunean -12 da batez beste. Frantziak (-15) eta Herbehereek (-12) dituzte ezkorrenak. 

Paradoxa bat ageri da txostenean: barne produktu gordina eta enplegua handitu diren arren, egoera ekonomikoari buruzko pertzepzioa gero eta ezkorragoa da. «Gatazka belikoen kateatzea eta ziurgabetasun geopolitikoa» baldintzatzen ari dira familien pertzepzioa, nahiz eta ekonomiaren oinarrizko adierazleek —hazkundeak eta enpleguak— emaitza positiboak erakutsi.

Azterketaren egileen arabera, zabaltzen diren informazioek pisu handia dute balorazio horretan, datu ekonomikoek baino handiagoa. «‘Pentsa ezazue pentsaezina dena’, ‘Presta zaitezte horretarako’ eta halako mezuek eta horren eraginari buruzko albisteen ugaritasunak —nahiz eta oraindik ez dagoen hori kalibratzeko datu nahikorik— ez dute konfiantza berreskuratzen laguntzen».

Datuen artean nabarmenena da ekonomiaren bilakaerari buruzko iritzia: adierazlea -24ra jaitsi da. Bi familiatik batek uste du egoerak okerrera egingo duela, eta hamarretik batek baino gutxiagok espero du hobera egitea.

Lan merkatuari buruzko ikuspegia, berriz, askoz egonkorragoa da (-1). Bitik batek uste du egoerak bere hartan jarraituko duela, eta antzeko proportzioan banatzen dira hobera egitea eta okerrera egitea espero dutenak. Horrek erakusten du, azterketaren egileen arabera, enpleguak oraindik egonkortasun sentsazioa ematen duela, baina ez dela nahikoa konfiantza orokorra suspertzeko.

Kontsumoa eta aurrezkia

Etxeko ekonomiari dagokionez, zuhurtzia da nagusi, prezioen bilakaerari buruzko iritzia ezkorra baita (-19). Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek ez dute kontsumoa apaldu, eta aurrezteko gaitasunari ere bere hartan eusten diote.

Aurrezteko gaitasunaren adierazlea positiboa da (+2), eta hiru familiatik bik diote azken urtean hala egin dutela.

Kontsumoari dagokionez, erosteko unearen balorazioa txarra da (-20), baina erosketak egiteko indizea positiboa da (1).

Etxebizitza eta ibilgailua erosteko asmoa erabili ohi da hori neurtzeko. Urteko lehenengo bi hilabeteetan, etxebizitzen salerosketak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —26.636 etxebizitza salerosi dira, aurreko urteko epe berean baino %14,9 gehiago—. Azken urteetako kopururik handienetarikoa dela gogoratu du Laboral Kutxak. Ibilgailuen salmentek ere hobera egin dute —4.163 unitate urte hasieran, %5,1 gehiago—, nahiz eta oraindik urrun egon 2019ko datuetatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!