KONTSUMO PREZIOAK. UNZALU SALTERAIN . «Borondate politikoa behar da soilik erregaien tasak apaltzeko»

joxerra senar
DONOSTIA
2004ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Erregaien garestitzeak sektore askori eragin die, besteak beste laborantzari. Espainiako Gobernuko Nekazaritza ministroak laborariei kontsumitutako 3.000 gasolio litro bakoitzeko 0,6 zentimoko diru laguntzak eskaintzen hasi da 2004ko irailetik 2005eko ekainera bitartean, baita pizgarri fiskalak ere. Hala ere, neurriok nahikoak ez direla kritikatu eta gasolio profesionala aldarrikatu zuten atzo laborariek Madrilen egindako manifestazioan. Han izan zen Unzalu Salterain EHNEko batzorde exekutibako ordezkaria.

Espainiako Gobernuaren neurriak ez direla nahikoak salatu duzue. Zergatik?

Guk gasolio profesionala sortzea proposatzen dugu, uste baitugubehar diren neurriak egiturazkoak direla. Uneotan gasolioaren eta petrolioaren prezioen igoera ez da unean unekoa, egiturazkoa baizik. Agintariek beraiek ere hala onartzen dute. 2000. urteko erregaien garestitze hura, adibidez, bai izan zen egoeraren araberakoa, gero salneurriak jaitsi egin zirelako. Espainiako Gobernuak laguntzamoduan egin ditu eta behin- behinean. Epe jakin baterako, hilabete jakin batzuetarako, litro jakin batzuetarakoÉ, eta diru laguntzak, gainera, askoz ere txikiagoak dira. Konpentsazio gisa, zuzenean dirua itzultzea proposatu dute.

Eta zer iritzi duzu neurri fiskalei buruz?

Hemen, ez Autonomia Erkidegorako ez Nafarroarako, ez dute balioko, PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren inguruan administrazio bakoitzak eskumenak dituelako. Baina neurri nagusiak epe baterako dira eta ez diote erantzuten egiturazko arazoari.

Zer irizpide izan behar ditu proposatzen duzuen gasolio profesionalak?

Guk proposatzen duguna guztiz onartuta daude Europako Batasuneko legedian eta beste herrialde batzuetan ezarri dira. Uneotan litroko 0,079 euroko tasa kobratzen da eta guk 0,021 proposatzen dugu. Planteatzen dugu Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ)%16 beharrean %7 izatea. Horrelako neurriak proposatzen ditugu gasolio profesionalaren definizioa egiteko.

Zer ahalbideratzen du zehazki Europako Batasunak?

Legediak tasak murrizteko tartea dagoela dio. Duela lau aste kaleratu zuen ohar batean baieztatu zuen zilegizkoa dela. Borondate politikoa behar da soilik hori aurrera ateratzeko.

Beste lanbide profesionalek ere aldarrikapen bera dute. Bat al zatozte irizpideetan?

Arrantzaleei, adibidez, ez dakit zenbatera arte baina hidrokarburoetan tasa gutxiago ezartzen zaie. Garraiolariek planteatu dute ahalbideratzea euren zerbitzu tasetan igoera hori islatu ahal izatea, oso konplexua baita eurentzat guk ezartzen dugun sistema. Aldiz, guretzat produktuetan kostu hori islatzea ezinezkoa da. Frogatuta dago gaur egungo merkatuan ezinezkoa dela.

Zer lortzea espero duzue?

Gu zabalik gaude eta eztabaidatzeko prest gaude. Gasolio profesionala ez da produkzio eredu jakin baterako zehaztu behar. Ohartzen gara ere horrelako gasolio profesionala ezin dela egon guztiz libre, adibidez, produkzio intentsiboa lagundua atera daitekeelako. Uste dugu hori modulatzeko eta gehienezkoak jartzeko mekanismoak ezarri behar direla. Horretan ados gaude. Lehenago, ordea, gasolio profesionala sortu behar da eta gero zenbat litro arte kontsumitu ahal den zehaztu daiteke.

Hego Euskal Herriko administrazioekin bildu al zarete?

Ez dugu zehaztu, baina lau aldundiekin egin behar genuke bilera euren eskuetan dagoelako errenta aitorpena nola ezarri. Aurrerantzean, harremanetan jartzea eta hor aplikatu ote daitezkeen neurriren batzuk zehaztea pentsatu dugu. Baina, noski, beti epe baterako neurria baino ez litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.