Kontu auzitegiak esan du Jaurlaritzak ez diola kasurik egin 'Hiriko auzian'

Hirikoren ondorio batzuk saihesgarriak zirela kritikatu du kontu epaitegiko presidenteak.Arabako fiskalburuak lau delitu leporatu dizkio Julian Sanchez Alegriari Epsilon auziagatik

Epsilon-Euskadi automobil taldearen aurkezpena, Gasteizen, 2007an. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren presidenteak belarritik tenk egin dio Eusko Jaurlaritzari bere azken agerraldi publikoan. Jose Ignacio Martinez Churiaque Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo EH Bilduren eskariz, Jaurlaritzak Hirikori laguntzatan emandako 2,2 milioien fiskalizazio txostenaren berri emateko. Martinez Churiaquek esan zuenez, administrazioak ez die kasurik egiten kontu epaitegiak egindako gomendioei: «Epaitegiaren irizpideak erabili izan balira Hirikoren proiekturako, zalantzarik barik kontrol neurri hobeak izango genituzke, eta haren ondorio batzuk saihestuko genituzke seguruenik».

Martinez Churiaqueren azken agerraldia izan da, Eusko Legebiltzarra hain zuzen gaur delako izendatzekoa kontu epaitegiko datozen sei urteetarako sei kide berriak. Martinez Churiaquek azaldu zuen «legez kontrako prozedura administratiboak» egon zirela Jaurlaritzak Hirikori emandako laguntzetan.

Esplikatu zuen horrelako laguntzak —B+G proiektuetarako eta ekintzaileentzako— arautzen dituzten legediak bermeak eskatzen dizkiela 180.000 eurotik gorako laguntza jasotzen dutenei. Kontu epaitegiko presidenteak gogorarazi zuen administrazioak ez zuela eskatu jardueraren diru sarrera eta gastu guztiak justifikatzeko Hirikoren kasuan, beste batzuetan bezala.

Une honetan, justiziaren esku dago Hiriko auzia. Gasteizen sortu zen 2003an auto elektriko txiki bat egiteko proiektua; diru publikoz elikatu zen, eta porrot egin zuen homologaziorik lortu barik. Gutxienez 16 milioiko laguntza publikoak jaso zituen: 14 milioi Madrilek jarritakoak, eta beste bi milioi, Jaurlaritzak.

Kereila kriminala

Hirikorena bezala, Epsilon auzia ere epaitegietan dago, eta Josu Izagirre Arabako fiskalburuak pauso berri bat eman du: lau delitu leporatu dizkio Julian Sanchez Alegriari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parke teknologikoen sareko presidente ohiari. Epsilon auziaren baitan, prebarikazioa, funts publikoak bidegabeki erabiltzea, administrazio desleiala eta sozietate delitua leporatu dizkio, eta kereila kriminala jarri dio.

Sanchez Alegriak 16 milioi euroko ezkutuko berme bat egin zion konpainiari egoitza Arabako Parke Teknologikoan eraikitzeko. Epsilonek porrot egin zuenean, sekulako kalteak eragin zizkion horrek Miñaoko Parke Teknologikoari. Izagirreren arabera, baliteke lege urraketa bat izatea berme ezkutu hori; gainera, fiskalburuak azaldu du Sanchez Alegriak entzungor egin ziola bere lege aholkulariari. Izagirreren ustez, lege urraketa egon daiteke lursailaren gaineko hipotekarekin ere —Kutxarekin eta Vital Kutxarekin zituen hipotekak—.

Sanchez Alegria «operazioaren desabantaila guztien jakitun zen, gaindiezin ziren arazoen jakitun, eta, hala ere, ez zituen aintzat hartu», fiskalburuaren esanetan. Epsilonen kontrako auzibidea zabalik dago, eta zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen dute Joan Villadelprat Epsilonen administratzaile bakarrarentzat eta beste horrenbeste Mark Payne britainiarrarentzat —finantza zuzendaria—, sozietate delituagatik eta kaudimen falta zigorgarriagatik.

Autogintzari lotutako zentro berritzaile bat izateko sortu zuten Epsilon 2007an. 1 Formulan lehiatzeko asmoa ere bazuten sortzaileek. Baina ametsak gutxi iraun zuen: 2009an, fakturazioa %30 jaitsi zen, eta argi geratzen hasi zen kontuek ez zutela ematen. 2008tik 2011ra, 12,5 milioi euro galdu zituen Epsilonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.