Kooperatibek fiskalitate «justuagoa eta orekatuagoa» eskatu dute

Konfekoopeko kideen salmentek %3,5 egin zuten gora iaz, eta 41 enpresa gehiago batu ziren elkartera.

Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Mikel Larrea zuzendaria, ostiral honetan, Bilbon. KONFEKOOP
Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Mikel Larrea zuzendaria, ostiral honetan, Bilbon. KONFEKOOP
jokin sagarzazu
2026ko maiatzaren 15a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kooperatibak eta gainerako enpresak ez dira baldintza beretan lehiatzen, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren arabera. Erakundeak ohartarazi du azken urteetako tentsio geopolitikoek ekoizpen kostuak handitu dituztela, eta kooperatibek, gizarte ekarpenak ere egin behar dituztenez, presio handiagoa dutela lehiakortasunari eusteko. Hori dela eta, fiskalitate «justuagoa eta orekatuagoa» eskatu du.

Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak eta Mikel Larrea zuzendari berriak egin dute eskaria, Bilbon, iazko balantzea aurkezteko agerraldian.

Azaldu dutenez, 2025ean Konfekoopen bildutako kooperatibek 15.000 milioi euro inguruko fakturazioa izan zuten, aurreko urtean baino %3,5 handiagoa. Kooperatiben sarea ere handitu egin da: gaur egun 1.432 enpresa biltzen ditu Konfekoopek, aurreko urtean baino 41 gehiago. Enpleguari dagokionez, azken bost urteetako datua eman dute: %10 handitu da kooperatiba horietan zuzenean lan egiten dutenen kopurua, eta 63.000 inguru dira gaur egun.

«Izaera industriala»

Lavinen arabera, kooperatibismoak egonkortasuna ematen du, «enplegu egonkorra eta lurraldeari lotua» sortzen duelako. Horren harira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kooperatiben «izaera industriala» nabarmendu du, eta zehaztu du sortzen duten enplegu guztien %40 sektore horretakoak direla.

Hala ere, ohartarazi du kanpoko faktoreek gero eta eragin handiagoa dutela enpresa horien jardueran, bereziki nazioarteko merkatuetan aritzen direnetan. Testuinguru horretan kokatu du zergei buruzko eskaera.

Konfekoopeko buruak gogorarazi du kooperatibak legez derrigortuta daudela irabazien %10 gizarte ekarpenetarako erabiltzera eta beste %20 enpresan berrinbertitzera. Horrek, haren esanetan, berezitasun argia sortzen du ohiko enpresa ereduen aldean, eta hori kontuan hartu beharko luke zerga sistemak. Horregatik, Konfekoopek fiskalitate «justuagoa eta orekatuagoa» eskatu du, «kooperatiben ekarpen soziala eta ekonomikoa hobeto islatzeko».

Erakundeak, halaber, erabakiguneetan presentzia handiagoa izatea eskatu du. Ontzat jo du Industria Kontseiluan eta Lanbideko Administrazio Kontseiluan sartzea, baina lanbide heziketako eta unibertsitateko kontseiluetan ere egon nahi duela gogorarazi du.

Konfekoopeko kideek maiatzaren 20an egingo dute batzar nagusia, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA