Ekonomia

Krisi gogorragoa eta luzeagoa espero du NDFk

Frantziaren eta Espainiaren hazkunde iragarpenak okertu ditu gehien. Kezkatuta azaldu da muturreko pobreziaren hazkundearekin.

Hotel bat New Delhin, COVID-19 gaixoak jasotzeko prest. STR / EFE
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 24a
15:39
Entzun

Bi hilabete eskasean, zahar geratu dira Nazioarteko Diru Funtsaren iragarpenak. Koronabirusari aurre egiteko konfinamenduak eta, hori bukatuta, enpresak eta herritarrak dirua gastatzeko erakusten ari diren zuhurtziak uste baino kolpe handiagoa emango diote ekonomiari. Mundu osoko BPGa %4,9 da txikitzekoa aurten, apirilean iragarri baino 1,9 puntu gehiago: Depresio Handiaz geroztik ez da izan hain eroriko handirik. Gainera, 2021ean ere gutxiago haziko da: %5,4 (lau hamarren gutxiago).

Herrialde aberatsek hartuko dute proportzionalki kolperik handiena, eta haietan okertu du gehien aurreikuspena, batez ere Frantziari (%12,5eko jaitsiera, bost puntu gehiago) eta Espainiari (%12,8, 4,8 puntu gehiago) dagokienez. Oro har, 2021 amaieran 2020 hasieran baino %5 txikiagoa izango da BPGa herrialde aberatsenetan, eta, asko zorpetuko direnez, finantza merkatuekin adi egon beharko dutela gogorarazi die Rita Gopinath NDFko ekonomisten buruak.

Edonola ere, Gopinathek kezka berezia azaldu du herrialde behartsuenetako herritar pobreenekiko. «Kolpe benetan latza jasango dute, eta muturreko pobrezia txikitzeko egindako aurrerapenak arriskuan jarriko dira». 1990ean, munduko biztanleen %35 bizi ziren egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin, eta %10 baino gutxiago ziren urtearen hasieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.