Bankuak

Kutxabankek «ezinbestean» hazi beharra daukala iragarri du Arriolak

Bankuko presidenteak azaldu du azken urteetan «lotsatiak» izan direla, eta hazkunderako bi helburu lehenetsi ditu: enpresak eta Espainiako merkatua

Anton Arriola Kutxabaneko presidentea. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko ekainaren 6a
12:17
Entzun

«Kutxabank da gutxien hazten den bankua, eta joera hori aldatu beharra dago. Haztea, orain, ezinbestekoa da». Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak anbizio handiko helburua jarri dio bere buruari bankuaren etorkizuneko erabakiak azaltzeko emaniko hitzaldian. Hazteko bide asko daudela zehaztu du, baina, «operazio handien» bidea baztertuz, bi lehenetsi ditu: enpresa maileguak eta Espainiako eremu geografikoa. Lehenaren inguruan oso grafikoki mintzatu da: azaldu du bankua «oso lotsatia» izan dela, «arazoetan ez sartzeko».

Arriolak Deusto Business Alumnik antolaturiko ekitaldi batean hartu du hitza, gaztelania hutsean. Bizkaiko enpresen munduko izen handi asko joan dira hura entzutera. Hasteko, bankuaren negozio eremuen argazki bat egin du, eta nabarmendu du «desoreka» agerikoa dagoela hipoteka maileguen eta enpresei emanikoen artean. Euskal Herriko eta Espainiako datuak bateratu ditu, eta, horien arabera, Kutxabanken mailegu negozioaren %66 hipotekak dira, eta %25 enpresei emaniko maileguak. Datu orokorrak hartuta, bere merkatu eremu osoko mailegu hipotekarioen %5,9 eman ditu Kutxabankek —Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia %40koa da datu hori—, eta enpresa maileguen %1,8 — Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %15 inguru—.

«Arrautza asko jarri ditugu hipoteken saskian; orain, indar handiagoa egin behar dugu beste negozio eremu batzuetan. Gure poltsa gehiegi kontzentratzeko arriskua dugu», onartu du. Azaldu du azken urteak gogorrak izan direla negozioarentzat, interes tasa oso txikiak izan baitira. Baina behin krisia pasatuta, Arriolak arrazoitu du arrisku handiagoko operazioak egin daitezkeela. Alde horretatik, nabarmendu du Kutxabank oso banku sendoa dela, eta kapital «koltxoi» oso handia duela: «Gure kapital ratioa %20koa da. Babes horrek eta dugun likideziak hazteko aukera ematen digu». Era berean, zehaztu du gaur egun enpresa maileguen errentagarritasuna hipoteka maileguen gainetik dagoela.

Saltzeko asmorik ez

Baina nola jo enpresetara orain? «Gertuago sumatu behar gaituzte», onartu du, modu autokritikoan. Era berean, azaldu du modu organikoan haztea dela asmoa, eta baztertu egin du modu inorganikoan hazteko «operazio handiak» egitea. Gai berean, alboratu egin du gaur egun partaide diren enpresetatik irtetea: «Bere garaian, parte hartze horien zati bat saldu behar izan genuen; biziraupen kontua zen, baina aro hori amaitua da». Kutxabank, besteak beste, Petronor, Iberdrola, CAF eta Ingeteamen barruan dago, eta aurreratu du haiek ekonomikoki babesten jarraituko dutela, helburu garbi batekin, gainera: «Erabaki esparruek lurraldean jarraitu dezatela nahi dugu».

Hazteko beste modu bat eremu geografikoa zabaltzea dela azaldu du. Onartu du zaila dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mailegu hipotekarioen merkatuan haztea; ez, ordea, enpresetan. Espainian, aldiz, eremu guztietan haz daitezke, dioenez. Madrilen 70 bulego dituzte dagoeneko, baina Kataluniako eta Espainiako hainbat hiri handi aipatu ditu. «Plaza asko daude», laburbildu du. Iragarri du hazkunde horretan ehun langile kontratatuko dituztela, eta 30 milioi euroko inbertsioa egingo duela digitalizazioa hobetzeko. Gehitu du kontsumo kredituen negozioa ere interesgarria dela.

Tasak, gorantz

Kutxabankez ez ezik, bankuen merkatuaz ere mintzatu da, eta iragarri du Europako Bankuak gutxienez beste bi aldiz igoko dituela interes tasak, eta bietan %0,25eko igoerak izango direla. Haren ustez, horrekin aski izan beharko luke «inflazioa baretzeko», eta iragarri du hurrengo urtean tasa jaisten hasiko direla. Era berean, gehitu du berankortasuna gutxi handitu dela, eta familiak ondo eusten ari direlako dela hori horrela: «Enplegua sortzen ari da, ekonomia oro har ondo doa, espero baino hobeto, eta horri esker eusten diote».

Berankortasun txikia aipatzean, Europako banku sistemaren indarra goratu du, eta esan du ezinezkoa dela AEBetako banku batzuen porrotak kontinentez jauzi egitea. Azaldu du banku sistemak oso ezberdinak direla, eta AEBetan ez dagoela Europan adinako kontrol zorrotzik. Hori bai, hausnarketa interesgarria egin du izua barreiatzen eta, bide batez, deposituen irteera errazten duten bi aldagairen inguruan: «Batetik, digitalizazioa dago, transferentziak azkar egiteko modua; eta, bestetik, sare sozialen eragina. Albiste txarrak modu harrigarrian zabaltzen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.