Finantzak

Kutxabanken kontrolari eusteko erreserba funtsa bete du BBK-k

2015etik 2022ra 231 milioi euro baztertu ditu, eta, horrenbestez, ez ditu bankuaren akzioak saldu beharko. Diru horrekin egin behar die aurre Kutxabanken arazoei, halakorik balego.

Xabier Sagredo BBK-ko lehendakaria, gaur, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 29a
12:45
Entzun

Etxeko lanak egin ditu BBK-k. Erreserba funts bat sortu behar zuen Kutxabanken akziodun nagusi izaten jarraitu nahi bazuen, eta dagoeneko bete du, 2024ko azken epea baino bi urte lehenago. Azken urteetako irabaziez hornitutako funts horretan, 231 milioi euro sartu ditu, eta kapital horrekin egin beharko die aurre Kutxabankek arazoei, halakorik badu.

«Egun garrantzitsua da BBKrentzat, baina baita Kutxabankentzat ere», ziurtatu du Xabier Sagredo BBK banku fundazioko presidenteak, gaur Bilbon egindako agerraldi batean. Harro azaldu da bere garaian Kutxabanken akzioak ez saltzeko hartutako erabakiaz: «Ez zen erabaki errazaizan, baina bai erabaki zuzena».

Hitz horiek justifikatzeko, Deusto Business Schoolek azaroan jakinarazitako ikerketa bat gogorarazi du Sagredok. Horren arabera, BBK-ren ondarea 2.000 milioi euro txikiagoa zatekeen gaur egun, baldin eta 2016. urtean funtsa saihesteko akzioen %17 saldu izan balitu. Galera horretan zenbatu zituen, besteak beste, bere esku geratuko ziren akzioen balio galera —bankuen tituluek behera egin dute—, eta Kutxabanken dibidenduetan izango lukeen galera.

Fernandezen dimisioa

Burtsaratzearen aldekoa zen, esaterako, Mario Fernandez Kutxabankeko orduko presidentea, eta beste bankuekin «Ferrari batean lehiatzearekin» alderatu zuen. Baina haren iritziak ez zuen babes politikorik, eta Fernandezek dimisioa eman zuen 2014ko azaroan.

Haren ordezkoek, Gregorio Billalabeitiak eta Anton Arriolak, ez dute auzitan jarri Kutxabanken akzio guzti-guztiak hiru sortzaileen artean banatzeko estrategia.

Espainiako Bankuko eta Europako Banku Zentraleko gainbegiratzaileen presiorik ere ez du antzeman, Kutxabankek aise gainditu baititu egin dizkioten estres azterketak, bere lehiakideek baino kapital handiagoarekin. «Espainian kaudimen gehien duen bankua», Sagredoren hitzetan.

EBZren eskua

Espainiako Bankuaren eta EBZren eskua dago BBK erreserba funtsa sortzera behartu zuen legearen atzean. 2008ko finantza krisiak Espainiako banku sistemaren eta bereziki aurrezki kutxen ahulezia erakutsi ondoren, fusioen bitartez erakunde handiagoak eratzea bultzatu zuten, eta kapitala burtsan bilatzeko gai izatea hobetsi zuten.

Haien eraginez egindako banku fundazioen Espainiako legearen arabera, banku baten akzioen erdiak baino gehiago dituzten fundazioek —aurrezki kutxa izandakoek— erreserba funts bat sortu behar dute, bankuak arazorik badu erreserba horrekin estali ahal izateko. Azken finean, burtsan ez egoteagatik ordaindu beharreko bidesari bat da erreserba funtsarena.

Orain arte, BBK izan da horretara behartua izan den bakarra, baina Aragoiko Ibercajak ere hala egingo duela iragarri zuen iaz.

Kutxabanken, eztabaida izan zen funtsa nork osatu behar zuen: hiru akziodunek ala soilik akzio gehienak zituenak —BBK-k %57 ditu, Kutxak %32, eta Vital fundazioak %11—. Espainiako Bankuak argudiatu zuen hiru kutxak batera ari zirela eta horregatik 700 milioi eurotik gorako funtsa osatu behar zutela hiruren artean. Baina EAJren presio politikoek emaitza izan zuten, eta, azkenean, BBKri soilik eskatu zioten, eta, ondorioz, askoz txikiagoa izan da.

63 milioi iaz

2015ean ekin zion BBK-k bere erreserba funtsa sortzeari. 2021a 168 milioirekin amaitu zuen, eta, orain 231 milioi jada badituenez, 2022an 63 milioi baztertu zituen horretarako.

Batez ere Kutxabankek banatzen dizkien dibidenduez hornitu du BBK-k funtsa; 2022ko emaitzen kontura, esaterako, 113 milioi banatu dizkio Kutxabankek. Edonola ere, fundazioak baditu beste diru iturri batzuk, eta horiei esker azken urteetan bere gizarte ekintzari eutsi ahal izan diola aldarrikatu du Sagredok, baita EBZren aginduz bankuek irabaziak banatzerik izan ez dutenean ere. Gainera, gizarte ekintzaren aurrekontua egonkortu egin du, garai bateko gorabeheretatik urrun.

Aurrerantzean funtsik hornitu behar ez duenez, Sagredok iradoki du enpresen parte hartze gehiago erosiko dituztela, hartara beren finantzaketa iturriak handitzeko. 2022 amaieran 200 milioi euroren inbertsioak zituzten, eta aurki «berri onak» izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.