Pradales «Urkulluren kopia» bilakatu dela uste du LABek

Elkarrizketa soziala instituzionalizatzea eta gehiengo sindikalari bizkarra ematea egotzi dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Maiatzaren Lehenean 26 manifestazio egingo ditu LABek Euskal Herrian, ‘Langileok eragin’ lelopean.

LABen Maiatzaren Leheneko mobilizazioak aurkezteko ekitaldia, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
LABen Maiatzaren Leheneko mobilizazioak aurkezteko ekitaldia, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Donostia
2026ko apirilaren 20a
15:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete igaro da martxoaren 17ko greba orokorretik, eta LAB sindikatuak salatu du instituzioek gehiengo sindikalari bizkarra ematen jarraitzen dutela. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bereziki izan du gogoan Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, uste baitu ezerezean geratu dela hark irudikatu nahi izan duen aldaketa. «Pradales Urkulluren kopia bilakatu da», ziurtatu du.

Pradalesen beste bi erabaki nabarmendu ditu Arroyok: osasun mahaia «sindikatu guztien kontra» itxi zuela eta bi herri ekinaldi legegile eztabaidatzeari uko egin ziola.

Eusko Jaurlaritzako burua ez ezik, UGT eta CCOO sindikatuak ere kritikatu ditu Arroyok; izan ere, haren iritziz, elkarrizketa soziala «instituzionalizatzea» da haien asmoa: «Confebask gutxieneko soldataz negoziatzera behartu beharrean, bere neurriko eszenifikazio bat antolatu du Pradalesen gobernuak; UGT eta CCOO sindikatuak haren zerbitzura jarri dira, finantzaketa handiago baten truke».

Planteamendu horren aurka azaldu da LAB, hiru arrazoi nagusirengatik. «Lehenik, ez dute hitz egiten gutxieneko soldataz, eszenifikazio hutsa da; bigarrenik, antidemokratikoa da, gehiengo sindikalari bizkar ematen diolako; eta, hirugarrenik, atxikimendu politikoaren salerosketan oinarritzen da».

Patronalari ere kritika gogorra egin dio Arroyok: «Mahaian esertzeari uko egin diote badakitelako gure proposamena bidezkoa eta baliagarria dela. Jasotzen dugun ezezko bakoitzak patronala deslegitimatzen du, instituzioak deslegitimatzen ditu eta kontrabotere sindikalismoa indartu eta legitimatu egiten du. Hemen, Espainiako Estatuan ez bezala, badago borrokarako prestutasuna eta indarra daukan sindikalismoa».

Gauzak horrela, langile klasea babesteko neurriak beharrezkotzat jo ditu LABek, eta horiek defendatuko ditu Maiatzaren Lehenean, langileen nazioarteko egunean. Langileok eragin lelopean, 26 manifestazio antolatuko ditu sindikatuak Euskal Herrian, horietako bi —Baionan eta Maulen— beste sindikatu batzuekin batera.

Maider Jauregi LABeko komunikazio arduradunak hiru alorretan sailkatu ditu sindikatuak aldarrikatzen dituen «langileen aldeko politikak»: etxebizitzan, kalitatezko zerbitzu publikoetan, eta soldata eta pentsio duinetan. LABen hitzetan, gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egingo dute: «Politika berriak ezarri behar dira Euskal Herrian, enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko».

Gerraren eragina

Arroyoren arabera, «testuinguru zailean egingo da aurten Maiatzaren Lehena». Adierazi du nazioarteko egoerak ez duela baikortasunerako tarte handirik uzten, argudiatuta kapitalismoa bere aurpegi gordinena erakusten ari dela, «inperioen bozeramaileak» harro agertzen direla, eta munduko langileak eta herriak mehatxatzen ari direla.

«Trump eta Netanyahu bezalako faxistek gidatzen dute kapitalismoaren fase berria. Ez daukate mugarik, eta haien menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe agertzen zaigu faxismoa: sistema bortitza, koloniala, zanpatzailea eta heteropatriarkala», esan du Arroyok. Hortaz, gerraren aurkako aldarriak ere egingo ditu LABek Maiatzaren Lehenean.

Hori ikusirik, baikortasuna eta itxaropena zabaldu nahi du. «Sinisten dugu antolakuntzaren eta borroka kolektiboaren bidez munduko herriek eta munduko langileek badugula indarra», eta elkartasuna adierazi die Arroyok «inperioaren erasoak» sufritzen ari diren herritarrei —palestinarrei, irandarrei, libanoarrei, kubatarrei, venezuelarrei…—.

Horrez gain, egoera horretatik aberastu nahi dutenen aurka egin du Arroyok: «Ohartarazi nahi dugu hemen kapitalak eta patronalak betiko asmo bera dutela: gerra horien eta abentura inperialista horien kostua langileen bizkarretara jartzeko asmoa. Hortaz, argi eta garbi esango dugu Maiatzaren Lehenean: ‘Gerrari ez eta gerraren faktura ordaintzeari ez’».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA