LABek iragarri du «gatazka» izango dela 1.500 eurotik beherako soldata duten lantegi guztietan

Igor Arroyo koordinatzaile nagusiak gutxieneko soldataren auzia desblokeatzeko eskatu dio Jaurlaritzari: «Confebask negoziatzera behartzeko baliabideak ditu».

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko irailaren 24a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioaren eskaera lan eremuko ikasturtearen ardatz nagusietako bat izango da aurrerantzean ere. Sindikatuek —ñabardurak ñabardura, ELAk, LABek, CCOOk era UGTk babestu dute aldarri hori— uda osoa izan dute Confebaskek uztailean emaniko ezezkoa aztertu eta gainditzeko, eta argi utzi dute ez diotela muzin egingo 1.500 euroen eskaerari. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra izan da tentsioa igoko dela iragarri duen aurrenetakoa: «Bide batetik edo bestetik helburu hori lortzeko prest gaude».

Hilabeteak dira lan harremanen giroa lasai antzekoa dela Euskal Herrian eta akordio giroa nagusi dela sektoretako lan hitzarmenak negoziatzen diren mahaietan. Hala ere, gutxieneko soldataren auzian, sindikatuak eta enpresari elkarteak oso urrun daude, azken horiek ez dutelako borondaterik erakutsi auziaz hitz egiteko. Bi baldintza jarri dituzte sindikatuekin esertzeko: batetik, absentismoa eta lan eremuko beste gai batzuekin eztabaidatu behar da; eta bestetik, Elkarrizketa Sozialaren mahaian izan behar du. Baldintza horiek marra gorriak dira ELA eta LABentzat.

«Ez badu nahi gatazka orokor bat izatea, [patronalak] gatazka txiki asko izango ditu, hau gizalege auzi bat baita»

IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile orokorra

Sindikatuek salatu dute horiek aitzakiak direla, eta Arroyok iragarri du «udazkena beroa» izango dela patronalak jarrera aldatzen ez badu. Udazken beroarena ia urteroko mantra bat bilakatu da, baina Arroyok iragarpen hori hezurmamitu du Radio Euskadin eginiko elkarrizketan: «Ez badu nahi gatazka orokor bat izatea, [patronalak] gatazka txiki asko izango ditu, hau gizalege auzi bat baita». Arroyok are gehiago sakondu du mehatxuan: «Gatazkak sortuko ditugu 1.500 euroko gutxieneko soldatara iristen ez diren sektore guztietan».

Arroyoren ustez, auzi honek agerian utzi ditu Confebasken lotsak, eta «argi» utzi du elkarrizketa soziala antzerki hutsa dela. Horiek horrela, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak korapilo hau askatzeko ahalmena duela: «Pradales lehendakariak nahi baldin badu patronala auzia negoziatzera eser dadin, baditu baliabideak hura presionatzeko». Halaber, gehitu du sindikatuek eginiko 1.500 euroko gutxieneko soldataren eskaria «oso egingarria» dela.

Jaurlaritzaren gogorik eza

Jaurlaritzaz mintzatzean, ELA eta LAB sindikatuek gutxieneko soldata lortzeko urraturiko bigarren bidea gogoratu du: Espainiako Langileen Estatutua aldatzea autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskuduntza izan dezaten, eta horrela patronalaren onespenik ez behar izatea. Jaurlaritzari dagokio, baina, aldaketa hori eskatzea, eta sindikatuek herri ekinaldi legegile bat jarri zuten abian pauso hori ematera behartzeko.

Sindikatuek 138.000 sinadura bildu dituzte herri ekinaldi legegilean —10.000 aski ziren—, eta eskaera horrek Jaurlaritzari zenbateko boterea ematen dion nabarmendu du: «Gutxieneko soldata bezalako gai estrategiko bat zuzenean ezartzeko aukera emango lioke, bere eskuduntzetatik abiatuta». Halere, zehaztu du ez duela argi lehendakariaren nahia hori den: «Madrilera eskaera hori defendatzera joateko gogo handirik ez du. Madrilerako agendan beste auzi batzuk ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.