LABek Jaurlaritzaren Bilboko egoitza blokeatu du, lan heriotzak salatzeko

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari leporatu die azkenengo lan istripuen erantzukizuna.

LABek deituta Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan egindako protesta. K.U.
LABek deituta Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan egindako protesta. K.U.
14789412 kepa
2025eko ekainaren 5a
11:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzako sarrera itxi dute hirurogei bat lagunek, LAB sindikatuak deituta. Horrela, salatu nahi izan dute joan den astean sei behargin hil izana lan istripuen ondorioz Hego Euskal Herrian: Jaurlaritzari ez ezik, Nafarroako Gobernuari ere leporatu diote azkenengo lan istripuen erantzukizuna.

Jada 26 dira aurten Euskal Herrian lan istripuen eraginez hildako beharginak, LABek egindako zenbaketaren arabera. Hori dela eta, buzo gorriz jantzitako 26 lagun lurrean etzan dira, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzako sarrera ixteko asmoz.

Bitartean, «Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, non zeundeten langile hauek hiltzen ari ziren bitartean?» irakur zitekeen pankarta zabaldu dute. Inguruan zeuden LABeko gainontzeko kideak «patronala hiltzailea» eta «lanetik etxera itzuli nahi dugu» oihukatuz batu dira protestara.

«Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokie patronala behartzea prebentzio araudia betetzera»

LAB SINDIKATUA

Egoitzaren ateak ordu erdiz blokeatzea zen sindikatuko kideen asmoa. Hala ere, protesta hasi eta hamar minutura agertu da Ertzaintza: polizia agenteek entzungor egin diete LABeko kideen azalpenei, eta buruak lurrean etzanda zeuden lagunei agindu die «agudo» altxatzeko. Tirabira batzuk izan dira: istiluen aurkako ertzainetako batzuk barrura sartu eta indarrez atera dituzte ekintzaileetako bi. Kalean zeudela, bazter batera eraman eta dokumentazioa eskatu diete.

Handik gutxira, LABeko kideek amaitutzat eman dute gaurko protesta: bozgorailutik, «probokazioetan erori gabe» joateko eskatu diete bildutako lagunei. Hala ere,  ez dute alde egin Ertzaintzak atxikita zeuzkan bi ekintzaileak askatu arte. LABek lortutzat eman du gaurko helburua: Jaurlaritza interpelatzea, alegia. Hala ere, sindikatuak salatu du Jaurlaritzaren erantzuna «betikoa» izan dela: «indarra erabiltzea».

Urgentziazko neurriak

LABek adierazi duenez, «prebentzio neurrien» bitartez eragotz zitekeen joan den asteko lan istripuak gertatzea, «baina patronalak inpunitate osoa du araudia ez betetzeko». Sindikatuak gogorarazi duenez, «Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokie patronala behartzea prebentzio araudia betetzera».

«Patronala langileak hiltzen ari da, lan kostuak apaltzeko asmoz ez baitu betetzen segurtasunari eta osasunari buruzko araudia»

LAB SINDIKATUA

Ildo horretan sakonduz, LABek Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako presidenteari eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteari eskatu die «urgentziazko gobernu kontseiluak» deitzeko, «Cofebask eta CEN patronalei erantzukizuna hartzea exijitu eta ugentziazko neurriak har ditzaten». «Beste zenbat langile hiltzea behar duzue horretarako?».

LABek gaineratu duenez, laneko heriotzek badute erantzulea: «Absentismoaren inguruko diskurtso lotsagabea zabaltzen ari den bitartean, patronala langileak hiltzen ari da, lan kostuak apaltzeko asmoz ez baitu betetzen segurtasunari eta osasunari buruzko araudia».

2024an, 64 langile hil ziren Euskal Herrian, 102.000 istripu baino gehiagotan, LABek egindako zenbaketaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.