LABek salatu du Jaurlaritzaren zorraren «zentimo bakar bat ere» ez doala gizarte politiketara

Sindikatuak adierazi du 2026ko aurrekontuak «politika neoliberalak» sendotzen dituela, zorpetzean eta pribatizazioan sakonduz.

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra, ostiral honetan Bilbon eginiko agerraldian. LAB
Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra, ostiral honetan Bilbon eginiko agerraldian. LAB
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 31
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren 2026rako aurrekontuak «neoliberalak eta patronalaren interesetara egokituak» direla salatu du LAB sindikatuak, eta Pradalesen gobernuak «Urkulluren ildoa» bere egin duela, «bai formari, bai edukiari dagokienez».

Bilbon egindako agerraldi batean, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak azaldu du aurrekontuak «iruzur hutsa» direla, Jaurlaritzak diru sailen «igoera faltsuak» baliatzen dituelako diskurtso ofiziala eraikitzeko. «KPIa urtero igotzen den heinean, aurrekontuak ere igotzea logikoa da».

Diru sarrera berriak gehiago zorpetuz lortu izana kritikatu du. «Jaurlaritzak zerga erreformari uko egin diola ezkutatu nahi du horrela». Horren harira, zor gehigarri hori —1.000 milioi eurokoa— beste erakunde batzuekin batera Jaurlaritzak abian jarritako Euskal Finantza Aliantzara bideratuko dela salatu du, Euskadi Eraldatzen izeneko industria plana finantzatzeko. «Diru hori, nagusiki, armagintza industriarako eta patronalari mesede egiteko erabiliko da, zentimo bakarra ez da bideratzen politika sozialetara». Gaineratu du zorraren interesak «herritarren errentekin» ordainduko direla eta ez «kapitalaren errentei presio fiskala handituz».

Sailez sail, osasungintzaren kasuan, 210,2 milioi euroko igoera aurreikusi du Jaurlaritzak, baina LABek ohartarazi du diru hori ez dela baliatuko Osakidetza indartzeko: «Finantzaketa kolaborazio publiko-pribatuan sakontzeko izango da. Gure kalkuluen arabera, BPGaren %5,04 bideratuko da osasungintzara, EBko batez besteko %9,9aren oso azpitik». Hezkuntzako aurrekontua %5,44 handituko da, baina sindikatuaren arabera, «mobilizazio sozialaren ondorioz egindako konpromisoek» eragin dute igoera hori, ez Jaurlaritzak hala nahi zuelako. Unibertsitate publikora bideratutako diru saila ere kritikatu du, EHUko errektoretzat asteazkenean egindako salaketaren ildotik. 

Etxebizitzaren arloan, 442 milioi euro jarriko ditu gobernuak, baina LABek salatu du horrekin 800 etxebizitza berri baino gutxiago eraikiko direla. «Etxebizitzaren politika publikoek negozio pribatuari eusten diote, ez herritarren beharrari». Gaineratu du eraikuntza enpresek «etxebizitza bakoitzeko 50.000 euroko diru laguntza» jaso ahal izango dutela, eta gogorarazi du «alokairu eskuragarriak» merkatuaren prezioaren gainetik egongo direla.

Confebasken «neurrira»

Igor Arroyo LABen koordinatzaile orokorraren arabera, Jaurlaritzaren aurrekontuak «Confebasken hiru eskaera nagusiak betetzen ditu: enpresarientzako zerga baxuak, langileentzako soldata baxuak, eta diru publikoa enpresen negozioetarako baliatzea».

LABek hainbat proposamen aurkeztu ditu aurrekontuak hobetzeko: besteak beste, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osatzeko 310 milioi euroko diru sail bat eskatu du; Jaurlaritzaren menpeko langile guztientzat, zuzenentzat zein azpikontratatuentzat,1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzea, eta zaintza sistema publikoa sortzeko finantzaketa egonkor bat. Horrekin batera, osasun mentalaren sarea, telelaguntza eta hezkuntza azpikontratatua publifikatzeko neurriak eskatu ditu, besteak beste.

Zaintza politikekin lotuta, sindikatuak mobilizazioak antolatu ditu azaroaren 6rako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Pribatizatutako zaintzako langileok langile publikoak gara! lelopean. Helburua, Arroyoren hitzetan, «zaintza sistema publiko, duin eta feminista baten aldeko borrokari jarraipena ematea» izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.