LABek sozietate zergaren kenkari guztiak kentzeko eskatu du

Sindikatuak ziurtatu duenez, zerga erreforma sakon bat egitea «premiazkoa» da sektore publikoa indartu nahi bada.

Bizkaia ogasuna
Bizkaiko Ogasunaren egoitza, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 18a
13:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoaren grebaren bezperan, arlo hori finantzatzen duen zerga sistemaren erreforma handi bat eskatu du LABek. Erreforma horren funtsa izan beharko luke aberatsek eta enpresek beren irabazien zati handiago bat ordaintzea zergetan. Horretarako, sindikatuak eskatu du sozietate zergaren kenkariak eta pizgarriak erabat desagerrarazteko, errenta handienen zerga tasa %60ra igotzeko, eta kapitalaren errentek lanaren errentek bezainbeste ordaintzeko.

LABen Ipar Hegoa fundazioaren Ikusmira txostenaren hamabosgarren aleak zerga sistemaren azterketa egin du. Ondorio nagusi bat du txosten horrek: aberastasuna sortu egiten da, baina haren «zati txikiegia» bideratzen da zerbitzu eta politika publikoetara. Euskal Herriaren «eskumen mugatuen» ondorio ez ezik erabaki politikoen «ondorio dela ziurtatu du LABek, «eskumenak batez ere enpresariei eta errenta handiei mesede egiteko erabili baitira». EAJren «kudeaketa okerra» espresuki salatu du sindikatuak: «Administrazio publikoen gaitasuna mugatu du, eta patronalaren interesei mesede egiten dabil».

«Justiziazkoa ez ezik, premiazkoa» iruditzen zaio erreforma sindikatuari, uste baitu zerbitzu eta politika publikoak ahultzen ari dela. Gainera, erronka estrategiko batzuk diru publikoarekin finantzatu behar direla aldarrikatu du, hala nola zaintza sistema publiko bat, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, eskola publikoaren plan estrategikoa, eta trantsizio ekologikoa.

Zerga presio txikia

EB Europako Batasuneko beste herrialdeekin konparatu ditu Hego Euskal Herriko zerga sistemak, eta sindikatuek askotan salatu izan duten emaitza bat agertu da berriro: zerga presioa nabarmen txikiagoa da Hegoaldean; zehazki, 7,4 puntu txikiagoa. EBn, 2021ean, zergetan bildutako dirua BPG barne produktu gordinaren %40,7 izan zen; Hego Euskal Herrian, berriz, %33,3. EBko sei estatu kidek soilik dute presio txikiagoa —Lituania, Bulgaria, Malta, Letonia, Errumania eta Irlandak—, eta oso urrun daude presio handieneko estatuak —Danimarka (%48,2), Frantzia (%45,2) eta Belgika (%43,6)—, baina baita Espainia bera ere (%38,5).

9.000

Hego Euskal Herriak EBren batez besteko zerga presioa izango balu, LABek kalkulatu du 9.000 milioi euro gehiago bilduko lituzketela foru ogasunek. 2021. urtean, Nafarroako Ogasunak 4.170 milioi euro bildu zituen zergetan, eta 15.963 milioi, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek.

LABek azaldu du «iruditeria kolektiboan» zabalduta dagoela zerga presio txikiagoa izatea herritarren onerako dela. Uste hori okerra dela azaldu du. «Zerga presioaren bidez diru bilketa handiagoa duten herrialdeak gutxiago zergapetzen dira, eta babes sozialerako sistema hobea dute». Horregatik, zerga sistema «osorik eraldatzeko» eskatu du, «berdintasunaren eta banaketaren ildotik».

LAB-EN PROPOSAMENAK

  1. Errenta zergan, parekatu egin nahi ditu lan eta kapital errenten tasak —kapitalak gutxiago ordaintzen du—, eta gehienezko tasa %60ra handitu —gaur egun, %49 da gehienezko tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %52 Nafarroan—.

  2. Sozietateen gaineko zergan, enpresek beren irabazien %35 ordaindu beharko luketela uste du LABek. Gaur egun enpresa handientzat %28 da Nafarroan, eta %24 beste hiru lurraldeetan —apalagoa da txikientzat eta kooperatibentzat—, baina hori baino gutxiago ordaintzen dute gehienek, zerga kenkarien eta pizgarrien bitartez. Hortaz, kenkari guztiak kentzeko eskatu du LABek, eta enpresen I+G eta beste inbertsioak laguntza publikoarekin finantzatzeko.

  3. Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa egingo lieke LABek.

  4. Etxebizitza kenkariak kendu nahi ditu, eta ogasunek aurreztuko luketen dirua alokairuzko etxebizitza publikoak ugaritzera bideratu.

  5. Pentsio funts pribatuetara egindako ekarpenen kenkariak ezabatzea, eta pentsio publikoetara diru gehiago bideratzea.

  6. Ondarearen gaineko zergaren erreforma osoa, azken urteetan haren ekarpena %50etik gora txikitu delako. Horrekin batera, aberastasunaren gaineko «zerga eraginkor bat» sortuko luke LABek

  7. Herritarrek eta enpresek zerga paradisuetara dirua desbideratzea eragozteko neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.