Laboral Kutxak, ezkorra izan gabe, zuhurtziaz erreparatzen dio Nafarroako ekonomiari. Kreditu kooperatibak lurraldearen ekonomia egoeraren erradiografia egin du txosten batean, eta Joseba Madariaga ikerketa saileko zuzendariak modu grafikoan laburtu du egoera: «Botila erdi beteta dago». Dena den, iragarri du %1,9 haziko dela aurten, Europako batezbestekoa baino gehiago.
Laboral Kutxak, izan ere, zantzu kontraesankorrak ikusten ditu, industrian bereziki. «Autogintza bere egoera hobetzen ari da», esan du Madariagak, baina «beste industria jarduera batzuek», eta esportazioek oro har, ahulezia erakusten dutela. Ikerlariak nabarmendu du inflazioaren eragina nabarmena dela.
«Botila erdi beteta dago. Autogintza hobetzen ari da, baina beste industria jarduera batzuek, eta esportazioek oro har, ahulezia zantzuak dituzte»
JOSEBA MADARIAGA Laboral Kutxako ikerketa burua
Madariaga ez da ausartu joera horrek enpleguan zer eragin izan dezakeen esaten, atzerritarren erregulazio prozesuak arrastoa utziko baitu nola Gizarte Segurantzan izena emandakoen kopuruan, hala langabetuenean. «Baina, tira, badirudi lan merkatua pixka bat hoztu dela», ondorioztatu du.
Aurkezpenean Nafarroako Gobernuko bi kontseilari egon dira: Mikel Irujo Industriakoa eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasunekoa. Irujok adierazi du azken sei hilekoan «arduratzeko moduko datuak» izan dituztela industrian, Europako funtsak amaitzearekin bat. Halere, haren ondorioak zehatzagoak izan dira: «Bila jarri, sasiak kendu, eta atzean zera agertzen da: Txina».

Txinak denbora gutxian lortu duen lehiakortasuna aipatu du Irujok, eta adierazi du industriako azpisektore askotako enpresek aipatu diotela bi edo hiru urte barru egoera «oso zaila» izango dela. Azaldu du horri aurre egiteko industrian inbertsioak egiteko anbizio handiko aurrekontuak behar direla.
Mezu hori Arastiri zuzendurikoa zen, eta hark erantzun dio aurreikusita dagoela modu horretako inbertsioak egitea. Alde horretatik, gogoratu du Nafarroak zor txikia duela eta azken legegintzaldiak irabaziekin amaitu dituela, eta zaku horretatik aterako dela inbertsio plana.
«Azken seihilekoak arduratzeko moduko datuak utzi ditu. Baina, gero, bila jarri, sasia kendu, eta atzean zera agertzen da: Txina»
MIKEL IRUJO Nafarroako Industria kontseilaria
Diagnosi orokorra egiteaz gain, Laboral Kutxak iragarpen batzuk egin ditu: esaterako, %1,9ko hazkundea espero du aurten. «Hiru hiruhileko egin ditu %0,5ean hazten, baina aurtengo laugarrenean pixka bat moteldu da: %0,4», aletu du Madariagak. Asko edo gutxi da? «Bada Europa baino gehiago haziko da Nafarroa, baina, esaterako, Espainia baino gutxiago». Langabezia tasari dagokionez, %8,3an gelditzea espero du; alegia, igoera txiki batekin.Â
2027rako iragarpena okerragoa da hazkundeari dagokionez (%1,7), baina hobea langabeziari begira (%8,1). Izan ere, Laboral Kutxak moteltze txiki bat espero du Hego Euskal Herrian; dena den, datu horiek Nafarroan izango duten bilakaera «nabarmen hobea» izango da Europan izango dutena baino.