Laboral Kutxak erabaki du beste urrats bat egitea Euriborraren igoera handiaren ondorioz hipoteka ordaintzeko arazoak dituztenei erraztasunak emateko.
Urtero 60.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familia unitateei bi aukera emango dizkie Euribor garestiagoak dakarren gastu gehigarriari aurre egiteko. Kalkulatu duenez, 60.000 familia unitatek baliatu ahal izango dituzte.
Batetik, interesik gabeko mailegu bat eskainiko die, hamabi hilabetekoa, eta horren bitartez hipotekaren kuota murriztu ahal izango dute, edo gehienezko muga bat jarri.
Bestetik, aukera emango die sei hilabetez maileguaren kapitala ez itzultzeko. Hau da, tarte horretan soilik interesak ordainduko dituzte, eta epe hori amaituta hasiko dira berriro mailegatutako dirua itzultzen. Halaber, Laboral Kutxako bezeroek aukera izango dute beren hileroko kuota murrizteko, betiere aldez aurretik maileguaren zati bat amortizatu badute edo epea laburtu. Entitateak gogorarazi dutenez, joan den urtarrilean 47 bezerok eskatu zuten gabealdia (interesak bakarrik ordaintzea), eta beste 55ek erabaki zuten kuota txikiagoa ordaintzea.
Orain arteko neurriak, motz
Badira bi hilabete indarrean jarri zirela Euriborraren garestitzeari aurre egiteko Espainiako Gobernuak bultzatutako babes neurriak: besteak beste, kuota izoztea urtebetez, hipoteka ordaintzeko epea gehienez zazpi urtez zabaltzea, eta atzeratutako ordainketek interes apalagoak ordaintzea.
Finantza erakundeentzat borondatezkoa zen neurri horiekin bat egitea, baina guztiz gehienek egin zuten, Laboral Kutxa barne. Baina Mondragon taldeko kreditu kooperatibak onartu du eskaera gutxi jaso dituela, 32 baizik ez. Arrazoien artean egon liteke neurri horietaz baliatzeko baldintzak nahiko zorrotzak direla, besteak beste eskatzen duelako familia unitatearen errenta 29.400 eurotik behera egotea.
Hori bai, ez du baztertu hurrengo hilabeteotan bezero gehiagok laguntza eskatzea, Euriborraren garestitzea oraindik ez baita islatu hipoteka guztietan, eta prezioen garestitzeak ez baitu etenik. «Pentsatzekoa da datozen hilabeteetan handitu egin daitekeela familien gaineko presioa, eta, gainera, hipoteken eremutik kanpora ere zabaltzea».
Horregatik, beste zerbait eskaini die Laboral Kutxak beren txarteletan ordainketa finantzatuen eta erosketa geroratuen modalitateak dituzten 400.000 bezero ingururi. Etxeko gastu arrunten ordainketa hiru, sei, bederatzi eta hamabi hilabetetan zatitu edo geroratu ahal izango dute, inolako kosturik gabe. Ordainagiriak, zergak eta transferentzia nagusiak —energia gastuak, aseguruak...— atzeratu eta zatitu ahal izango dira horren bitartez.