Trantsizio berdea martxan dago honezkero, eta erabaki zuzenak hartzen badira «kalitatezko enplegua eta erresilientzia energetikoa» lortzeko aukera dago. Hori da Laboral Kutxak trantsizio energetikoak Hego Euskal Herriko enpleguan izan dezakeen eraginaren inguruan eginiko txostenaren ondorio nagusienetako bat. Alde horretatik, Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak txalotu egin du Europako Batzordeak azken urteetan bere irizpideen norabidea aldatu izana, «ingurumenaz gain lehiakortasuna ere kontuan izan duelako».
Zer egin trantsizio energetikoa betebehar soil izateari utzi eta enpresentzako negozio aukera bilakatzeko, horixe da Europako gobernuek azken urteetan izandako buruhauste handietako bat. Aurrezki kooperatibako ikerketa taldeak nabarmendu du «ekonomia berdea» ez dela sektore bat, sektore guztiei eragiten dien joera bat baizik. Gauzak hala, haren arabera, baliteke 136.673 enplegu aldatzea Hego Euskal Herrian trantsizioaren eraginez.
«Energia berriztagarriak bai, baina haien erabilera baliatzeko inbertsioak behar dira: sareak, biltegiratze teknologiak…»
JOSEBA MADARIAGAÂ Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendaria
Txostenak bi multzotan banatzen ditu lanpostu horiek: enplegu hertsiki berdeak eta potentzialki berdeak. Kopuru horrek potentzialki berdeak direnei dagokie. Hertsiki berdeak, aldiz, 26.643 dira —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datua da—, eta halakoak lau urteko epean %11,1 hazteko aukera dago. Horretarako, baina, hiru baldintza bete behar dira, ikertzaileek ondorioztatu dutenez: inbertsio erritmoa egokia izatea, proiektuak garatzea eta enpresek proiektu horiek bereganatzeko gaitasuna lantzea.
Madariagak, baina, trantsizioaren «erritmoaren» garrantzia nabarmendu du, eta egokitzat jo du Europako Batasunak helburuak atzeratu izana autogintzan: «Fokuaren norabidea aldatu zuen; ingurumenari buruzko ikuspegi hutsetik lehiakortasunerantz jo zuen. Hasieran presaka ibili zen, eta gero moteldu egin zuen erritmoa. Lehiakortasunari ere bide emango dion erritmoa ezarri behar da trantsizioa arrakastatsua izateko».
Energiaren auzia
Hala ere, txostenean diote trantsizioa hasita dagoela jada, eta hainbat datu bildu dituzte. 2012az geroztik energia kontsumoak %10,2 egin du behera Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %6,9 Nafarroan. Bereziki deigarria da industriak izandako eragina: EAEn %30 egin du behera sektore horren energia kontsumoak, eta %0,6 Nafarroan. Datu horren aurkako norabidean doaz, aldiz, garraioak eragindako karbono dioxido emisioak: EAEn %9,1 igo dira 2005etik, eta Nafarroan %14,1.

Energian jarri dute lupa txostenaren egileek, eta nabarmendu dute kanpo iturrien mendeko izatea dela gabezia handietako bat. EAEk kontsumitzen duen energiaren %90,1 kanpotik jasotzen du, eta Nafarroak %80,9 jasotzen du kanpotik.
Menpekotasun hori murrizten joateko, energia sortzeko ahalmenean sakondu behar da berriztagarrien bidez, baina Madariagak erakunde publikoei gogoratu die zeregin handiak dituztela oraindik: «Energia berriztagarriak bai, baina haien erabilera baliatzeko inbertsioak behar dira: sareak, biltegiratze teknologiak…».