Laborariak A-64 autobidea blokeatzen ari dira oraindik, dermatosiaren kontrako protokoloa kendu zain

Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu dira ELB eta Confederation Paysanne sindikatukoak: batez ere, behi tropa osoen hilketak gelditzea galdegin dute. Ostiral arratsetik ari dira bidea blokeatzen CR sindikatukoekin batera.

Laborariak A-64 autobidea blokeatzen, atzo, Beskoitzen. FRANÇOIS BERLAND
Laborariak A-64 autobidea blokeatzen, atzo, Beskoitzen. FRANÇOIS BERLAND
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko abenduaren 15a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostiralean errana zuten: «Behar bezain beste egonen gara». Bete dute hitza. Hainbat laborarik asteburua pasa dute Beskoitze eta Ahurti artean (Lapurdi), A-64 autobiderako sarrera blokeatzen. Dermatosi nodular kutsakorraren kontra Frantziako Laborantza ministerioak joan den astean iragarri zituen neurriak salatu dituzte, batez ere etxaldean kasu bat agertuz gero behi tropa osoa hiltzea inposatzen diena. ELB eta Confederation paysanne sindikatukoak arratsalde honetan bildu dira Pirinio Atlantikoetako prefetarekin: «elkarrizketara irekia» agertu bada ere, erran du protokoloa aldatzeko erabakia Laborantza ministroari dagokiola.

Sinple da: tropa osoen hilketa protokolotik kanpo nahi dute. Laborariei ez zaie onargarri kasu bakar batengatik behi guziak hil behar izatea, jakinik eta horien lanbidearen etorkizunari anitz eragiten diela halako erabaki batek. Funtsean, hori kentzea eta txertaketaren hedapena galdegin dute. Laborantza ministroak iragarri duenez, gaur berean abiatzekoa zuten txertaketa kanpaina Garona Garaiko departamenduan; Ipar Euskal Herrirako datarik ez da jakinarazi. Anartean, mobilizazioek bere horretan segitzen dute, ezin jakin noiz arte.

CR Coordination Rurale eta ELB sindikatuek deitua zuten Beskoitzeko blokeoa. Ostiralean juntatu zirelarik, oraino baimenik ez zuten protesta egiteko, baina igandera arte egotekoa lortu zuten, azkenean. Astelehena iritsi da, eta bertan jarraitzen dute zenbait laborarik, haien traktoreek lagundurik. Lastoa eta gorotza dago bideetan.

Behiei eragiten dien eritasun berria da dermatosi nodular kutsakorra. Joan den astean bi behi topa oso hil zituzten osasun zerbitzuek, Frantziako Ariege eta Pirinio Garaien departamenduetan, kasu bana agertu zelako bi etxaldetan. Mobilizazio azkarrak izan ziren Ariegen batez ere, baina Poliziak biziki bortitz erantzun zien. Laborariak, kexu, karrikara atera ziren ostiralean.

Asteburuan zehar, probokazioz edo serioski, laborari batek edo bestek Ici Pays Basque irratiari erran dio behar izanez gero «Eguberriak bertan pasatzeko prest» zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.