Lan auzitegira joko du Sokoa enpresako langile kaleratuak

Produktibitate eskasa leporatu dio zuzendaritzak, eta «aitzakia» dela salatzen dute LABek eta CFDTek

2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
HENDAIA. Herenegun biltzar nagusia izan zuten Sokoa enpresako langileek, eta han erabaki zuten Sebastien Hiriart haien lankide ohiaren kaleratzea lan auzitegira eramatea. Justizia gastuak ordaintzeko sostengu kutxa bat jarri dute martxan, eta zuzendaritzaren produktibitate eskaeren eginezina azaleratuko duen txosten baten prestatzea. Produktibitate eskasagatik kaleratzen dutela jakinarazi zioten Hiriarteri, baina beste iritzi batekoa dira Sokoako LAB eta CFDT sindikatuak. Heren Muruaga LABeko delegatuaren iritziz, «dagoen postuan ezinezkoa da zuzendaritzak bere kabuz inposatzen dituen produkzio denborak errespetatzea». Haren erranetan, «postu horretako inork ere ez ditu betetzen». Iazko apiriletik gaur arte Sokoan dagoen greba mugimenduan izandako «parte hartze aktiboa» da Hiriarteri egozten zaiona, Muruagak dioenez. «Gehien mobilizatu denetarikoa da, eta bi urteko antzinatasuna du soilik». Lan kodearen azken erreformarekin hiru hilabeteko sarietara mugatzen da auzia irabaziz gero Hiriartek eskuratu dezakeena. «Badira produktibitate txikiagoa dutenak, baina 27 urteko antzinatasuna dute; galduz gero ez da gauza berdina». Horregatik, «bazterketa» salatuko dute auzitegian, eta kaleratze baliogabea eskatuko dute. Horrela ebazten badu epaileak, berriro hartuko lukete langilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.