Bandera gorriak eta gorri-beltzak elkarren ondoan. EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, CGTk, CNTk eta Solidarik beren greba deialdi propioa egin dute, eta manifestazio jendetsuak antolatu dituzte hiriburuetan, klase batasuna aldarrikatzeko. «Soldata miserableak, enpresen itxierak eta langileen pobrezia areagotzen ari diren garaiotan, uste dugu ezinbestekoa dela gure arteko elkartasuna ehuntzea eta klase batasuna lortzea», laburtu du mezua EHKSko Ander Goiatxek.
Iruñean, sindikatuen zutabeak Bigarren Zabalgunea zeharkatu du. CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitza, CCOO eta UGT sindikatuak eta PPren egoitzak elkarren ondoan daude, eta handik igarotzean grebaren mezuekin bete dituzte inguruak manifestariek. PPren bulegoko kristaletan Alberto Nuñez Feijoo eta Javier Garciaren irudiak grebaren aldeko pegatinez bete dituzte.
Handik Alde Zaharrera zuzendu dira, eta Iruñeko Udalaren etxebizitza zerbitzuko egoitza baten aurrean bildu dira etxebizitza espekulazioaren kontra protesta egiteko: «Etxea negoziorako nahi dute, eta ez bizitzeko. Etxe bakar bat ere jenderik gabe, pertsona bat bakar bat ere etxerik gabe».
Errekoleten plazan elkartu dira denak, 11:15ean. Kubako alkandora bat soinean, Solidariko Roberto Urabainek gazteleraz hitz egin die komunikabideei, eta Goiatxek, euskaraz. Haien esanetan, gutxieneko soldata handitzeko borroka langile klase osoari dagokio. «Gure aldarria argia da: bizi eta lan baldintzen hobekuntza kapitalaren irabazien kontura». Urabainek zehaztu du bat egin dutela gutxieneko soldata propioaren eskakizunarekin. «Hemen, Euskal Herrian, borroka esparru indartsu bat dago, historikoki hemengo erakunde sindikalak estatukoak baino antolatuago egon direlako. Dena den, borroka hori klase elkartasun gisa estatu osora hedatzea nahi genuke».

Goiatxek gehitu du, halaber, borrokarako beste arrazoi batzuk ere aintzat hartu behar direla: «Bizi baldintza duinak lortzeko ezinbestekoa da zentzu antikapitalista ematea borrokari». Gogora ekarri ditu iaz Nafarroan izandako kaleratzeak eta enpresen itxierak: Ezkirozko BSH, Altsasuko Sunsundegui eta Tuterako Nano Automotive.
Autoritarismoa, gorantz
Manifestazioak Kale Nagusia zeharkatu du, eta Udaletxe plazatik Estafetarantz zuzendu da. Gazte ugari zeuden manifestarien artean, baita adin tarte guztietako jendea ere. Grebaren eta klase batasunaren aldeko oihuak entzun dira ozen. Alde Zaharreko pertsiana gehienak jaitsita zeuden. Handik, Telefonicaren egoitzatik gora, Vinculo plazan amaitu dute. Enparantza mukuru zen, eta bertan hartu dute hitza berriz eledunek.

Grebaren arrazoi nagusiak aipatzeaz gain, salatu dute egungo testuinguru politikoan autoritarismoaren agendak pisu handia hartzen ari dela eta horrek langileei kalte egiten diela. Haien arabera, aurrekontu militarrak handitu dituzte gizarte zerbitzuen kaltetan: «Sozialdemokraziak eta gobernu aurrerakoiek ez diete kontra egiten politika horiei, eta eskuin muturrari bide ematen diote ondoez soziala kapitalizatzeko».