Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) ustez, sektore mailako lan hitzarmenetako negoziazioetan euskara erabiltzeak ez luke oztopo izan beharko ados jartzeko. Lan gatazkak kudeatzeko artekaritza organo publikoak horrela erantzun dio ELA sindikatuak sektore mailako lan hitzarmenak negoziatzen ari diren 27 mahaitan euskara hutsean jarduteko plazaratu duen asmoari. Hori bai, LHKk zehaztu du gaur egun ez duela itzulpen zerbitzurik, eta ez dagokiola berari erabakitzea bileretan halakorik erabiliko den ala ez.
LHKk, urtero bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako negoziazio kolektiboren balantzea aurkeztu du, baina ELAk atzo plazaratutako asmoak —LABek begi onez ikusi du, baina berarekin ez adostu izana kritikatu du— pisu handia handia izan du Emilia Malaga LHKko presidentearen agerraldian, sindikatu abertzaleak zuzenean eskatu baitzion LHKri baliabideak jar zitzala euskaraz negoziatu ahal izateko. Alde horretatik, Malagak esan du ez dagokiola LHKri zehaztea nola negoziatu behar den, eta hark negoziatzaileen esku jartzen dituen langileak «aholkulari teknikoak» direla eta guztiak direla elebidunak.
«Negoziazio kolektiboa beti da zaila, baina ni ez nintzateke ausartuko pentsatzen jendea ez dela euskaraz negoziatzeko gai»
EMILIA MALAGA LHKko presidentea
Malagak zehaztu du gaur egun LHKren egoitzetan eta haren teknikarien aholkupean negoziatzen direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore mailako lan itun gehienak. Gaineratu du 46 direla orain zabalik dauden negoziazio mahaiak. ELAk 27 negoziazio mahai aipatu zituen, horietan baitu euskaraz negoziatzeko nahikoa trebetasun duen ordezkariren bat, baina guztietara zabaltzea da asmoa. LHKko presidenteak onartu du negoziazio horiek «hein handi batean» gaztelaniaz egiten direla, baina egon daudela euskaraz egindakoak, eta jendeak «nahi bezala» hitz egiten duela, euskaraz edo gaztelaniaz.
Zifrak
%3,32Soldata igoeren batez bestekoa Lan hitzarmenetan adosturiko soldata igoera batez bestekoa %3,32 izan zen iaz. LHKren arabera, %3,21 izan zen EAEn negoziaturiko hitzarmenetan, eta %3,57 Espainian negoziatu eta EAEn eragina dutenetan.
8,5Lan egun gehiago Espainiako hitzarmenetan LHKren arabera, EAEn negoziaturiko itunetako lanaldia 1.666 ordukoa da urtean; Espainian negoziatu eta EAEn eragina dutenetakoa, berriz, 1.726 ordukoa. 60 orduren aldea da, 8,5 lan egun gehiago.
%75,7Langile publikoak grebalarien artean Iaz 208 greba deialdi egin ziren EAEn, eta 35.735 langileri eragin zien. Greba kopurua 2024koa baino %20 txikiagoa izan zen; parte hartzaileen kopurua, aldiz, %21,3 handiagoa. Greba egin zuten langileen %75,7 langile publikoak izan ziren.
Argitu du LHKk ez duela itzulpen zerbitzurik, eta, elebidunak diren arren, hori ez dela teknikarien lana. Itzulpen zerbitzuak egon behar duen ala ez, hori negoziatzaileek erabaki beharrekoa dela uste du Malagak, sindikatuek eta patronalek erabakitzekoa, alegia. «Negoziazioak bi aldekoak dira hemen; guk ezin dugu haietan parte hartu, ezta zer baldintzatan egin erabaki ere». Halaber, aditzera eman du ezen, itzulpena ezarri beharko balitz, aurrekontu handiagoa beharko lukeela LHKk.
Malagak esan du ez duela orokortu nahi, baina euskaraz negoziazio mahaietan sartzea ez da akordioetara iristeko oztopo, haren ustez: «Negoziazio kolektiboa beti da zaila, baina ni ez nintzateke ausartuko pentsatzen jendea ez dela euskaraz negoziatzeko gai. Uste dut ez duela zertan oztopo izan, baina ez dut espekulatu nahi». Hori bai, haren agerraldi osoa gaztelaniaz izan da.
Baja osagarriak, orokortuta
Absentismoa izan da urteko balantzearen agerraldian bete-betean sartu den beste gaia, hein handi batean Alberto Nuñez Feijoo Espainiako PPko presidenteak atzo Bilbon iradoki zuelako gaixo agiria duten langileek ez luketela osorik jaso behar soldata. Haren hitzak ez ditu aztertu, baina Malagak azaldu du aldi baterako bajekin arazo bat badagoela, baina hori osasun arazo bat dela. «Ez dugu ahaztu behar langileen osasuna dela ekonomiaren motorra», gaineratu du.
Zifrak
%11,360 urtetik gorako langileak EAEn 60 urtetik gorako 117.412 langile daude, guztien %11,3. 2013ko abuztuan halako bi dira ia: 56.389 eta guztien %6,5.
%10,1Langile atzerritarrak EAEn 104.372 langile atzerritar daude, guztien %10,1. LHKk langile espainiarrak ez ditu atzerritartzat hartzen. 2013ko abuztuarekin alderatuta, asko handitu da haien kopurua: 48.537 langile eta %5,6.
%40,19ELA handiena Sindikatu bakoitzak iazko abenduaren 31n zuen ordezkaritza kalkulatu du LHKk: ELAk ordezkarien %40,19 zituen, LABek %20,66, CCOOk %17,63, eta UGTk %10,26.
Datu interesgarriak eman ditu gaiaren inguruan, eta aletu egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbat sektore hitzarmenek dituzten baja osagarriak: 90 hitzarmenetatik 81ek dituzte baja osagarriak gaixotasun arruntengatik, eta langileen %88,5ek dute babes hori; gaixotasuna edo kaltearen jatorria profesionala bada, 85 dira babes hori bermatzen duten hitzarmenak, eta ia langileen %99 babesten dituzte.
Malagaren ustez, babes hori «nahiko ondo dabil», eta baieztatu du, sindikatuek salatu izan duten bezala, patronala baja osagarriak kentzen saiatzen ari dela hainbat itunetatik, diru sari batzuen truke: «Egia da gaia jorratzeko modu tradizionala aldatu duten eskaintza batzuk iritsi direla. Hala gertatzen bada, baina, bi aldeak ados daudelako gertatuko da».
Langileen bi herenek dute hitzarmena eguneratua
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %63,8k lan hitzarmena eguneratua zutela amaitu zen 2025. urtea. Orain %48,8 dira, baina Malagak argitu du alderaketak urte amaieran egin behar direla eta maiatzeko egoeraz hitz egitean kontuan hartu behar dela orain langile askori eragiten dieten hitzarmenak negoziatzen ari direla: Bizkaiko eta Arabako metalgintza (86.000 langile), Bizkaiko zahar etxeak...
Horrela, langileen %96,5ek hitzarmena indarrean edota luzatua zuten iazko urte amaieran. Lan hitzarmenik gabeko sektoreetan diharduten langileak, berriz, 48.000 dira, eta horietatik gehienak, 28.000, etxeko langileak dira. Haien egoera «paradoxa» dela salatu du Malagak: «Lan hitzarmena izateko eskubidea dute, baina ez hura negoziatzeko ordezkaritza kolektiborik».