Lan Ikuskaritzak txostena egin du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak aurkezturiko enplegu erregularizazioaren inguruan, eta, berri agentziek azaldu dutenaren arabera, aipatutako txostenean ontzat jo ditu enpresak kaleratzeak egiteko emandako argudioak. Ebatzi duenez, erregulazioak bete egiten ditu legeak ezarritako baldintzak, eta badaude «arrazoi ekonomikoak, produktiboak eta antolakuntzari lotutakoak» erregulazio txostena ezartzeko: «Erregulazioa juridikoki bideragarria da, sindikatuen desadostasuna eta etorkizuneko aurreikuspenen inguruko ziurgabetasuna gorabehera».
Batez ere, pilatutako zorrari eta azken urteetako galerei erreparatu die Lan Ikuskaritzak ebazpena arrazoitzeko. 2025erako enpresak aurreikusitako galerak aipatzen ditu txostenean: 63 milioi euro. Behin-behineko datua zen hori, geroago enpresak adierazi baitzuen iaz 118 milioi euro galdu zituela. Lan Ikuskaritzaren iritziz, egoera horrek «legez desagertzeko zorian» paratuko zuen enpresa, SEPI agentzia publikoak emandako maileguagatik izan ez balitz.
Antolakuntzari lotutako arrazoiak ere eman zituen enpresak enplegua erregulatzeko erabakia justifikatzeko, eta horiek ere ontzat jo ditu Lan Ikuskaritzak: dioenez, Amurrioko altzairutegia ixteak urtero 8,3 milioi euro aurreztea ekarriko luke, eta logistikari lotutako jarduerak kanpoan egiteak, berriz, beste 0,8 milioi.
Horregatik, Lan Ikuskaritzarentzat «arrazoizkoa eta neurrizkoa» da enpresak langileak gutxitzeko daukan asmoa, etorkizunean produkzio ahalmena eta enpresaren bideragarritasuna zein izango diren kontuan hartuta.
Kontsulta epeari dagokionez, Lan Ikuskaritzak atzeman du ez dela bete legeak ezarritako gutxieneko epea, dokumentazioa ematen dutenetik lehenengo bilera egiten den artekoa. Hala ere, uste du negoziazioan enpresak ez duela «fede txarrez» jokatu.
Lan Ikuskaritzaren txostenak ez du legezko ondoriorik, baina, seguru asko, epaileek haren ondorioak aintzat hartuko dituzte enplegu erregulazioari sindikatuek jarriko dioten helegitea aztertzean.
Bilera erakundeekin
Tubos Reunidoseko langileek bilera izan dute gaur zenbait erakunderekin. Han izan dira Eusko Jaurlaritzako Industria Saila, Arabako eta Bizkaiko aldundietako ordezkariak eta Amurrioko alkateak. Bilkurak ez ditu sindikatuak ase: LABek azaldu duenez, ez du balio izan «langileak kezkatzen dituen funtsezko gaiak» argitzeko.
Erakundeetako ordezkariek jakinarazi diete langileei proposamen «berritzaile» bat igorri dietela Espainiako Gobernuari eta SEPIri zorraren finantzaketaren inguruan, baina ez dutela onartu, eta erantzukizuna Espainiako erakundeen bizkar jarri dute. Hala ere, LABek salatu du ez dutela azaldu zertan den proposamen hori.
Inbertitzaileak bilatzeko ahaleginez ere galdetu dute langileen ordezkariek, eta erakundeek azaldu dute «kontaktuak» badaudela, baina orain arteko jarrera berretsi dute: haien ustez, gaur egungo zorraren zenbatekoa kontuan hartuta, ezinezkoa izango da inongo inbertitzailek urratsa egitea.
Hortaz, «zehaztasun falta, gardentasun falta eta erantzukizunei ihes egitea» izan dira bileraren ezaugarriak, LABen arabera: «Hitz asko, baina konpromiso argirik eta erantzunik ez».
Horiek horrela, orain arteko eskakizunei eutsi die LABek: enplegua erregulatzeko txostena bertan behera uztea, altzairutegia ez ixtea, logistikari lotutako jarduera ez kanporatzea, eta benetako negoziazio prozesu «garden eta xantaiarik gabe» bati ekitea alternatibak bilatzeko. Gainera, eskaera zehatza egin diote Jaurlaritzari: bitartekari lanak egin ditzala, langile batzordearen eta SEPIren arteko bilera bat lortu ahal izateko.
Lan Ikuskaritzaren txostenaz, LABek azaldu du «arretaz» aztertuko duela, eta horren ostean emango duela iritzia.
Industria Saila ere mintzatu da bilerak emandakoaren inguruan. Andoitz Korta sailburuordeak esan du mezu argi bat helarazi diela sindikatuei: inbertitzaile berriak erakartzeko beharrezkoak dira «bake soziala» eta zorra kitatzea: «Inbertitzaile berriak erakarri behar dira, eta horretan eragile guztiok bat gatoz, baina horretarako asko murriztu behar da zorraren zenbatekoa».